Jean Grenet: «Baionak ez du merezi hedatzen den irudia»
Baionakoak «gero eta kalitate handiagoko bestak» direla esan zuen, atzo, Jean Grenetek: «Igande goizaldeko gertakari tamalgarriak izan ez balira, segur aski azken urteotako ederrenak izango ziren aurtengoak». Argilunak izan direla onartuta, puntu beltzak soilik nabarmentzea Baionarako eta baionarrentzat «bidegabea» dela esan zuen auzapezak.
BAIONA
«Aurtengo bestak ederrak izan direla esango genuen gehienok, igande goizaldeko eraso basatiak izan ez balira». Horrela laburbildu zuen, atzo goizean, Jean Grenetek jaien azterketa, «baionarrek bere hiriaz ematen den irudia ez dutela merezi» nabarmendu ostean:«Badirudi Baionan soilik gertatzen direla horrelakoak». Aparteko gertaeren artean, bi bortxaketak (ikus 5. orrialdea) eta labankadaz zauritutako gazteaz gain, Espainiako karrikan izandako sutea aipatu zuen Baionako auzapezak, eta «suhiltzaileek eta poliziakideek erakutsitako eraginkortasuna eta koordinazioa» goraipatu zituen:«Azkartasun horri esker ez dugu zauriturik izan eta sua laster batean kontrolatu zuten». Puntu beltzen artean beste bizpahiru agertu zituen. Lehenik, alkohol kontsumoaren gehiegikeria, «batez ere jende oso gaztearen artean, baina hori ez da jaietan soilik gertatzen den arazoa». Halere, elkarteek, peñek baita tabernek ere egindako ahalegina eskertu zuen: «Itxiera ordutegiekin iaz izan ziren gorabeherak ahantzi direla dirudi, eta aplikatu egin dute. Egunez egiten diren ekimenak parte-hartzea gehiago bultzatzea eta jendetsuagoak izatea ahalbidetzeko eta jai-giroa egonkortzeko elementu garrantzitsua da ordutegia mugatzea». Gainera, gaztetxoei alkohola zerbitzatzean tabernariek kontrol handiagoa izan dutela baieztatu zuen Grenetek. Alkoholemia neurketetan positiboa eman dutenen kopurua jaitsi dela ere nabarmendu zuen:«%2,5 soilik izan dira positiboak, eta gero eta gehiago hedatzen ari da koadriletan txandaka batek ez edatearen ohitura». Bestalde, hirian zehar agertu diren grafitiak onartezintzat jo zituen: «Sekulako triskantzak egin dituzte eraikinetan, eta hiria egoera tamalgarrian utzi dute. Hilabetea emango du guztia ezabatzeak, eta, gutxienez, 50.000 euro xahutu beharko ditugu horretan».
Alde onak ere bai
Ekimen arrakastatsuen artean, izandako bi zezenketa, Masters pilota partiden kalitate aipagarria eta jaia zubiaz bestalde, Saintespiritu auzora, ere hedatu izana aipatu zituzten auzapezak eta Henri Lauquet Jai Batzordeko buruak. Aurtengo bi berrikuntzak Dantzazpi eta Kantaldia lekualdatzea eta bigantxak larunbat goizera igaro izana egokiak izan direla adierazi zuen Lauquetek, eta datorren urterako hobekuntzak egin daitezkeela onartu, «Jacques-Porteseko plazaren akustika, esate baterako». «Gertakizun tamalgarriak» gorabehera, Baionako jaiak belaunaldi eta gizarte esparru desberdinetako herritarrak biltzeko gune zoragarria direla berriro ere frogatu dela adierazi zuen Grenet auzapezak: «Zalantzarik gabe, duela 30 edo 20 urtekoek baino kalitate askoz handiagoa dute». Elastiko zuri eta zapi gorriko polizia andana
karriketan
Kopurua zehaztu gabe, aurtengo bestetan kalez jantzitako inoiz baino poliziakide gehiago izan direla esan zuen Henri Labeyle segurtasunaz arduratzen den zinegotziak. Haiei eta gainerako neurriei esker, delitu gutxiago ere izan direla ziurtatu zuen. Besten aurrekontu orokorra ia milioi bat eurora iritsi da. Horietatik, 582.000 euro (%60), segurtasun gastuetara bideratu dituzte. Polizia nazionalez gain, 35 udaltzain, 85 suhiltzaile eta 130 zinpeko zaintzaile aritu dira. -
|