EA: «Alderdien mahaia geldi egotea PSOEren ardura da»
·Catalanek nafarrei egia esateko eskatu dio PSNri; azken horrek, baina, Batasunarekin ez dela biltzen esan du
Alderdien mahaiaren eratze prozesua geratuta dagoela gaitzetsi zuen atzo Rafa Larreina EAkoak, eta horren arduradun PSOE eta Zapatero egin zituen. Haren ustez, larregi erlazionatzen dute auzia ETArekin izan beharreko elkarrizketarekin. Prozesua moteltzea presidente espainolak bere proiektu politikoa inposatu nahi izanarekin lotu du EAk.
BILBO
EAko Antolakuntza idazkari Rafa Larreinak alderdien mahaia eratzeko dagoen «geldialdiaren» erantzuletzat jo zituen atzo PSOE eta Rodriguez Zapatero presidente espainola. Haren aburuz, haiek ETArekin izan beharreko elkarrizketarekin larregi ari dira lotzen auzia, eta bi aferak bereizi behar direla gogorarazi zuen.Radio Euskadik eginiko elkarrizketa batean, Zapatero prozesua larregi luzatzen ari dela gaitzetsi zuen Larreinak, eta atzean zera dagoela esan zuen: «Alderdikeria, eta proiektu politiko propioa inposatzeko neurriz kanpoko ahalegina». EAko eledunaren ustez, badirudi Zapaterok «kalkuku politiko gehiegi» dituela, eta agian, bere interes politiko eta hauteskunde interesak, baita bere Estatu eredu partikularra ere, normalizazio politikoaren eta bakegintzaren gainetik jartzen dituela iritzi zion. Izan ere, ez aurrera ez atzera ibiltzea gaitzetsi zuen, eta hori «oso arriskutsua» dela nabarmendu: «Hutsarteetan prozesu honek aurrera egin ez dezan nahi dutenei esku hartzeko aukera ematen zaie». Horregatik, erritmoa arindu eta «ausardia politikoa» izatea ezinbestekotzat jo zuen. Atzerapausuek dakartzaten jarrerak «nolabaiteko kezkaz» ikusten dituela azaldu zuen. PSEko Txarli Prietoren bezperako hitzei erantzun zien, eta esan zuen: «Alderdien mahaia ez da Batasunaren behar bat, herriaren behar bat baizik».
«Itxaropen bakarra» Gaineratu zuenez, demokrazian izan daitekeen itxaropen bakarra da gizartearen ordezkari diren alderdiak eseri, arazoez hitz egin eta konponbideak aurkitzea. «Hori ez bada posible, etorkizun demokratiko baten itxaropenik ez dago».
EAko Antolakuntza idazkariak esan zuen bere alderdiak ez duela onartzen prozesuan «prezio politikorik» dagoenik, baina sistema demokratikoa errespeta dadila exijitzen duela, eta alderdien arteko akordioa praktikara eramatea inork galarazi nahi izatea errefusatzen duela berretsi zuen. Gainera, «errealistatzat» jo zuen Euskal Herri osoa aintzat hartuko lukeen elkargune alderdi askotarikoa. Arlo horretan, esaterako, hauxe nabarmendu zuen: «Arazo politiko batez, herri batez hitz egiten ari bagara, logikoa da mahai orokor hori egotea, herri osorako akordio orokor bat bila dezan».
|