UPN: «Isiltasunaren legea inposatu nahi du Zapaterok Nafarroan»
IRUÑEA
UPNko buru Alberto Catalanek atzo salatu zuenez, Zapaterok ezarri nahi duen «isiltasunaren legea» inposatu nahian dabiltza «Nafarroan ere terroristekin izaten ari diren elkarrizketen inguruan hitzik ez egiteko». Eta, horiek hala, PSNko idazkari nagusi Carlos Chivite ere kritikatu zuen; izan ere, haren alderdiak urte askoan Batasuna- rekin izan dituen elkarrizketen berri oraindik ere nafarrei ez diela eman azaldu zuen. Hala, PSNri eskatu zion nafarrei elkarrizketa horien gaineko «egia osoa» esan diezaiela. UPNren aburuz, bilera horiek izan baldin dituzte, berehalako argibideak eman beharko baitira: «Zuzenbidezko Estatuaren aurkako iseka litzateke, boto-emaileei iruzur egitea eta herritar nafar gehienen nahia gutxiestea». Kritika horiek, nolanahi ere, laster eragin zuten PSNren erantzuna. Carlos Chivitek, hain zuzen ere, PSN-PSOEri eta Zapatero berari ere irain egiteko Catalan gezurretan ari dela salatu zuen. Batasunarekin ez duela hitz egiten argitu zuen prentsa adierazpen batean, eta legez kanpo dagoenez, hartaz hitz egin ere ez duela egiten erantsi zuen. Catalani «politikari arduragabea» dela egotzi zion. Haren «kezka bakarra bere aulkia mantentzea» dela salatu zuen, «Nafarroako egonkortasuna kolokan jarri behar izan arren».
|