Taiwanen aldeko Txinako espia bat exekutatu dute
Tong Daning Txinako Gobernuko goi-kargua Taiwanen espia izateagatik exekutatu zuten joan den apirilean. Txinaren eta Taiwanen arteko harremanak nahasiak dira eta elkarren arteko espioitza ohikoa da. Traizioaren ondorioak gogoan edukitzeko Daning exekuziorako bidean agertzen den bideoa funtzionario ugariri ikusarazi dio Txinako Gobernuak.
PEKIN
Txinako goi-mailako funtzionario bat Taiwanen aldeko espioitza egiteagatik exekutatu zuten joan den apirilean, Txinako iturri ofizialek atzo jakinarazi zutenez. Tong Daning-ek hamabost urtean saldu zizkion Taiwani Txinako dokumentu sekretuak. Reuters agentziak aipatutako iturriaren arabera, Daning-ek 212.000 euro jaso zituen horren truke. Daning-ek Txinako ekonomiaren plangintzaz arduratzen den Gobernuko batzordean lan egiten zuen.Halaber, Administrazioko funtzionario multzo handi bati Tong Daningen auzia azaltzen duen «bideo hezitzailea» ikusarazi dio Txinako Gobernuak, herrialde horretako iturri ofizialek berretsi zutenez. Irudietan, Daning Poliziaren auto baten barruan sartzen agertzen da, ustez exekuzio lekurantz doala. Hala ere, exekuzioaren unerik agertzen ez dela diote iturriek. Bideoak zigor eredugarria izateko asmoa du, «langileek sekretuak babestu behar den ideia indartzea», alegia. Txina eta Taiwan 1949an banatu ziren, gerra zibil baten ostean. Orduz geroztik, elkar espiatzen dute, nahiz eta Gobernu biak horren kontrako borrokan oso zorrotzak diren. Tong Daningen espioitza auzia ez da bakarra, Reuters agentziaren iturriak azaldu zuenez. Txinako garapen ekonomikoarekin batera espioitza eskandaluak ere ugaldu dira, batzuen iritziz, kapitalismoan murgiltzeak ustelkeria eta diru-gosea areagotu dituelako. Espioitza auzirik aipagarriena 1999an gertatu zen. Txinako teniente jeneral bat eta koronel bat exekutatu zituzten Taiwani informazio militar sekretua 1,6 milioi dolarren truke saltzeagatik. Informazioa 1996ko Taiwango hauteskundeetan egindako misilen frogei buruzkoak ziren.
|