GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-08-20
Ortzaikako karobia berreskuratudute Burdina taldeko boluntarioek
Ortzaikako karobia ahanzturatik atera du egunotan Andoaingo Burdina taldeak. XIX. mendeko industri eraikuntza hori desitxuratzen zuen txabola bota, sastraka garbitu eta hemendik aurrera bisitak seguruagoak izan daitezen hainbat lan egin dituzte hogei bat boluntariok. Karobia martxan jartzeko asmoa ere badute. Dena, musu truk. Izan ere, Ortzaikan gutxienezko gastuak ordaintzeko diru-laguntza eman die Andoaingo Udalak, baina beste auzolandegietan hori ere ez dute lortzen.

ANDOAIN

Ortzaika baserria Andoaingo Goiburu auzoan dago. Ondoan duen karobia benetan ikusteko modukoa da, nahiz eta orain arte inork gutxik izan duen behar bezala ikusteko aukerarik. Izan ere, aurrealdea txabola batek zeharo estalita egon da, eta gainerako guztia sastraka eta osinetan amilduta.

Alabaina, karobia begiz jo du aurten Burdinak, hau da, udaro Leitzarango ondarea berreskuratzeko auzolandegiak antolatzen dituen boluntario taldeak. Horri esker, denen begi-bistan geratu da.

«Sei metro altu eta hiru zabal da ­ohartarazi du Jaione Iriondok, Burdinako kide eta arkeologoak­. Karobi industriala zen. Antza denez, hemengo karea Donostiako Antiguako tunelean eta Plazaolako trenbideko hainbat lanetan erabili zuten. Porlan fabrikak sortu zituztenean, berriz, hau bezalako karobienak egin zuen».

Joan den maiatzean, bi eguneko auzolandegi batean, hogei bat lagunen artean txabola bota eta sastraka dezente kendu zuten. Karobia oso egoera onean zegoela ikusi eta bertan bigarren auzolandegi bat antolatzea merezi zuela ondorioztatu zuten. Aste honetan izan da. Asteazken, ostegun eta ostiralean, geratzen zen sastraka garbitu, bide zaharra egokitu eta karobiko goi aldean baranda bat jarri dute, bisitarien segurtasuna areagotze aldera.

Borondatezko auzolandegiak

Karobi zaharra txukun-txukuna utzi dute; lana, ordea, ez da guztiz amaitu, martxan jartzeko asmoa ere bai baitute Burdinakoek. «Egoera onean dagoela ikusirik, Zeanurira jo dugu, han urtero jartzen baitute martxan. Hango esperientziari esker guk ere Ortzaikakoa martxan jartzen lortuko dugula uste dut», esan du “Txanka” Arrutik, Burdinako arimetako batek. Bere kalkuluen arabera, kamioikada bat karaitz eta batez beste 8.000 kilo egur beharko dituzte.

«Oraingoz ez dakigu noiz piztuko dugun, baina herritar guztiek parte hartzeko moduko jaialdia antolatu nahi dugu», adierazi du Iriondok.

Ortzaikakoa ez da Burdinak aurten antolatu duen auzolandegi bakarra. Ekainean, Ameraungo brigada-etxea txukundu zuten, Berastegin. Betiere musu truk. «Lana borondatezkoa da, eta udaletatik jasotzen ditugun laguntzak, jasotzen ditugunean, gasolina, hamaiketakoa, eskularruak eta oinarrizko gastuak ordaintzeko erabiltzen ditugu», gogorarazi du Arrutik.



Leitzarango ondarea, oso kinka larrian
M.A.

ANDOAIN

Meagintzak garrantzi handia izan zuen Leitzaranen. Horren lekuko dira Bizkotx, Lorditz, Txotan edota Plazaolako parajeetan egun ikus daitezkeen hainbat labe, galeria, kargadero eta beste. Bailaratik barrena Iruñea eta Donostia lotu zituen Tren Txiki haren jatorrizko helburua Plazaolako burdina garraiatzea zela ere ez da begi-bistatik galdu behar.

Ondare hori guztia kinka larrian dago, ordea. «Hauxe da zerbait egiteko garaia ­ohartarazi du Jaione Iriondok­. Horrela jarraituz gero, berriz, hogei urte barru ezer gutxi geratuko da».

Burdinakoek badakite borondatezko auzolandegien bidez ezin dela ondare hori guztia berreskuratu, baina auzolana sentsibilizazio tresna gisa erabiltzen dute. Herritarrak eta batez ere erakundeak sentsibilizatzeko premia baitago. «Azken batean, erakundeak dira ardura hori beren gain hartu behar dutenak. Guk ondarea bistan jarri eta zera esaten diegu erakundeei: begira, hau dugu, eta hau ez galtzea batez ere zuen ardura da», laburbildu du “Txanka” Arrutik.

Alabaina, orain arteko erantzuna epela baino gehiago hotza izan da. Ortzaikako karobia berreskuratzeko diru-laguntza (gutxienezko gastuak ordaintzekoa, arestian esan bezala) Andoaingo Udalak eman du, baina ekainean Ameraunen egin zuten auzolandegian hori ere ez zuten izan.

«Erakundeek ondarearen gaiari behingoz serio heldu behar diotela garbi dago, zenbat eta beranduago egin, orduan eta zailagoa izango baita», nabarmendu du Jaione Iriondok.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Batasuna insta al PSOE a eliminar ataques y condiciones, y al PNV a abandonar su tibieza
Jendartea
Una «mundial» Txupikalejira da la bienvenida a Marijaia
Euskal Herria
Hiru lagun espetxean dituen epai bat baliogabetu dute
Mundua
Palestinako lehen ministrordea bahitu du Israelek oraingoan
Kirolak
Un llamamiento a la unidad txuriurdin
Mundua
Israel tensa la frágil cuerda
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss