GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-08-20
donostiako aste nagusia
Haur eta helduentzako lehiaketa Zurriola hondartzan
Aste Nagusiak haurrengan ere pentsatu behar du, eta zortzigarrenez hondarrezko gaztelu eta irudien txapelketa antolatu zuten atzo, Zurriola hondartzan. Haurrak ibili ziren batez ere, baina nagusi asko animatu zen seme-alabekin hondarretan ibiltzera. Azken batean, adin guztietarako aproposa den zerbaitetan ibili ziren.

Zurriola hondartzan izan zen eta jende asko bildu zuen. Bob Dylan? Ez, sanoagoa oraindik. Hondarrez egindako gaztelu eta irudien zortzigarren lehiaketa, adin ezberdin askotako jendea bildu zuena. 12.00etan hastekoa bazen ere, ordu laurdeneko tartea izan zen jendea martxan jarri zenerako.

Eguraldia ona zen, eguzkitsua, hondartzan gustura egoteko modukoa. Horregatik, jendez gainezka zegoen atzo goizean Zurriola hondartza. Surfa egiten ari zen jendea, eguzkia hartzen zuena, familiarekin eguna hondartzan igarotzeko asmoz joan zirenak, gazte jendea gaueko ajeaz errekuperatzen... Erdialdean, paretaren ondoan, hesi batekin inguratutako eremu bat, eta barruan, jendea hondarra artelan bihurtzen. Tin-tin Zurriolak antolatutako ekintza zen, Aste Nagusiko programa ofizialekoa. Ondo pasatzeaz gain, lehian ibili ziren parte-hartzaileak, eta hainbat kategoriatan banatuta zegoen jendea. Adinaren arabera, 6 urtetik 9 urtetarainoko jendea lehenengo kategorian. Bigarrenean, 4tik 9rainoko jendea helduren batek lagunduta, eta azkena, 10-15 urte bitarteko gazteentzat. Sariak, denetatik, eguzkitakoak, hozkailu eramangarriak, kirol denda handi bateko baleak, diru-sariak, eskolarako tresnak... Aita eta ama bat baino gehiago zegoen hondarretan botata, gazteluak eta olagarroak egiten. Gaztelu batean, Spidermanen panpin bat zegoen dorreetako batean. Eta lubakiaren inguruan Pokemonen bat ez ote zebilen susmoa zegoen. Dekoraziorako elementu naturalak ere erabili zituzten, eta itsasoko lamina batek oskolez zuen apainduta isatsa.

Inguruko jendea ere, jakinminak jota-edo, bertara joaten zen, goitik; izan ere, pasealekuan ere bazen jendea hondarretara begira. Eta zalaparta. Zalaparta handia sortu zuten bertan parte hartzen zuen jendearen artean. Musika jarrita zegoen girotzeko, denetatik, Brasilgo hondartza batean girotzeko Ipanemako Neska, baita diskoteketan jartzen duten musika, nerbioak azkartzeko-edo.

Lehendabiziko kategoriako irabazlea Unai Martinez izan zen, eta Realeko armarria irudikatu zuen. Bigarren kategorian, berriz, Nereak eta Josek osatutako bikoteak egindako gamelu konkordunak eraman zuen. Gaztetxoen kategorian, Mikel Saralegik egindako taxi errealista batek irabazi zuen saria. Azken horrek 120 euroko diru-saria eta DVD bat irabazi zituen. Kategoria bakoitzeko sei sari banatu zituzten, beraz, azkenean, parte-hartzaile guztiek eraman zuten saria, eta horrek giroa alaitu zuen, nahiz eta sari banaketa luze samarra izan zen.

Garagardo marka ezagun batek elastikoak banatu zituen partehartzaileen artean, eta han ibili ziren guztiak, txano eta elastiko horiekin, talde baten moduan.

Eguzkiaren beroa eta egarria uxatzeko, edariak eta freskagarriak bertan izan zituzten eskura parte-hartzaileek, eta ur litro asko banatu ziren. Ez zen gutxiagorako egiten zuen eguraldia kontuan hartuta.

DONOSTIA



gazteak arduradun
Antolakuntzan eta arduradun gazte jendea ibili zen atzo, Zurriolan. Mikrofonotik haurrak animatzen ibili ziren, eta aipagarria da euskaraz egin zutela gehiena. Haiek izan ziren epaimahaikide, eta arduradun lanetan eta sariak banatzen ibili zirenak ere euskaraz aritu ziren. Giro umoretsuan jazo zen dena 2006ko Aste Nagusi honetako azkeneko ekintzetako batean.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Batasuna insta al PSOE a eliminar ataques y condiciones, y al PNV a abandonar su tibieza
Jendartea
Una «mundial» Txupikalejira da la bienvenida a Marijaia
Euskal Herria
Hiru lagun espetxean dituen epai bat baliogabetu dute
Mundua
Palestinako lehen ministrordea bahitu du Israelek oraingoan
Kirolak
Un llamamiento a la unidad txuriurdin
Mundua
Israel tensa la frágil cuerda
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss