GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-08-22
Cadaqueseko Orkestrak Mozarten eta Arriagaren lanak interpretatuko ditu
Cadaqueseko Orkestrak Mozart eta Arriaga omenduko ditu gaur eta bihar, euren jaiotzaren urteurrena delako. Sir Neville Marrinerren zuzendaritzapean arituko dira Ainhoa Arteta sopranoa, Maite Arruabarrena mezzosopranoa, Agustin Prunell-Friend tenorra eta Jose Antonio Lopez baxua, eta han izanen da Donostiako Orfeoia ere. Arratsalde honetan bilbotarraren «Obertura Op. 1 Nonetto» eta «Herminia» interpretatuko dituzte, baita austriarraren «Sol minorreko 40. Sinfonia» ere.

DONOSTIA

Juan Crisostomo Arriaga oso gazterik zendu zen. 20 urte bertzerik ez zituen. Hala ere, izan zuen astia bere lanen kalitatea erakusteko. Wolfgang Amadeus Mozartekin alderatu izan dute askotan, eta kasualitateak elkartu egin ditu orain, 200 urte baitira bilbotarra jaio zela eta 250 Salzburgokoa sortu zela, eta Cadaqueseko Orkestrak zenbait kontzertu antolatu baititu bi konpositore laudatuei omenaldia egiteko.

Kursaalean, gaur arratsaldeko 20.00etan, Europa osoko musikariz osatutako orkestrak “Obertura Op. 1 Nonetto” interpretatuko du, Arriagak 12 urterekin idatzi zuen obra. Geroago sortu zuen lan bat ere izanen da entzungai: “Herminia”, sopranoarentzako eta orkestrarentzako kantata liriko-dramatikoa, “Jerusalén liberada” poemaren pasarte bat oinarri duena. Emanaldiaren bigarren zatian, aldiz, Mozarten “Sol minorreko 40. Sinfonia” lanaz gozatzeko parada izanen da.

Atzo bezala, bihar ere, ordu eta leku berean, hain goratua izan den Arriagaren “Sinfonía en Re a Gran Orquesta” eta Mozarten “Requiem” ezaguna izanen dira belarrien alaigarri. Kontzertu horretan, gainera, Donostiako Orfeoia arituko da Cadaqueseko Orkestrarekin elkarlanean.

Orkestrako koordinatzaile Llorens Caballerok zera adierazi zuen atzoko prentsaurrekoan: «Kontzertu horiekin bi konpositoreak omendu nahi ditugu. Bata bestearen ondoan jarri eta ezin hobeki uztartzen direla erakutsi».

Donostiako Orfeoiko zuzendariak, Jose Antonio Sainz Alfarok, ostera, Sir Neville Marrinerrekin lan egin ahal izatea luxua dela baieztatu zuen. 1992tik Cadaqueseko Orkestraren zuzendari gonbidatu nagusia da Marriner, eta 82 urte dituen arren, ez du 8 orduko saio luzeetara hutsik egiten. Royal College of Music-en eta Parisko Kontserbatorioan biolina jotzen ikasi zuenetik ibilbide oparoa egin du eta bi aldiz saritu dute musika sustatzeagatik: 1979an Britainiar Inperioko Ordenaren Komendadore izendatu zuten, eta 1985ean “Sir” ohorezko titulua eman zioten.

«Luxua da hain esperientzia handiko maisuarekin jardutea. Solas gutxikoa da, baina energiaz betetako keinu txikiekin dena esatea lortzen du», adierazi zuen, eta eskerrak eman zizkien Musika Hamabostaldikoei horrelako maisuekin lan egiteko aukera emateagatik. «Etxean gaudela sentitzen dugu, beti bezala. Aurten horretarako arrazoi gehiago dugu, ordea, nazioartean hainbesteko arrakasta duten Ainhoa Arteta sopranoa eta Maite Arruabarrena mezzosopranoa bertakoak baitira. Zoragarria iruditzen zait hain kalitate handiko musika hemengo artistekin eskaini ahal izatea. Agustin Prunell-Friend tenorra eta Jose Antonio Lopez baritonoa ere etxekoak dira, lan anitz egin baitugu elkarrekin», esan zuen Musika Hamabostaldian hogei aldiz baino gehiagotan parte hartu duen zuzendari donostiarrak.

Maite Arruabarrena mezzosopranoak ere eskerrak eman nahi izan zizkien jaialdiko antolatzaileei «kalitate handiko» pertsonekin lan egiteko aukera eman diotelako: «Sir Neville Marriner zuzendariarekin, Cadaqueseko Orkestrarekin, Donostiako Orfeoiarekin eta Ainhoa, Agustin eta Jose Antonio adiskideekin». Publikoak doinu «zoragarriekin» gozatzea espero duela ere erran zuen.

Agustin Prunell-Friend Tenerifeko tenorra, orkestra garrantzitsuetan parte hartzen duena, iaz izan zen Musika Hamabostaldian, eta Donostiako Orfeoiarekin ere proiektu ugari gauzatu du. Luxua iruditzen zaio hari ere Marriner zuzendariak aukeratu izana. «Niretzat heroia izan da txiki-txikitatik. Beti aditu izan ditut haren grabazioak».



Ainhoa Arteta: «Marrinerrekin lan egiteak izugarri asetzen nau»
M. I.

DONOSTIA

Ainhoa Arteta soprano ezagunak Musika Hamabostaldian egoteagatik hagitz kontent dagoela adierazi zuen. Marrinerri eman zizkion bereziki eskerrak, hari esker baitago jaialdian.

Zorte handia iruditzen zaio zuzendari harekin aritzea: «Nire ibilbide profesionalean gehien ase nauen gauzetako bat izan da. Pertsona gisa zoragarria eta bizizalea izateaz gain, belarri pribilejiatua du, oso-oso zorrotza. Besteok aditzen ez duguna aditzen du eta horrek produktua hobetzen laguntzen digu. Ez naiz nekatzen harekin egoteaz eta miretsi egiten dut, 82 urte izan arren, 8 orduko saioetan gogotsu aritzen delako».

Juan Crisostomo Arriagaren munduan murgiltzea ere harrigarria izan da Ainhoa Artetarentzat. «Hagitz gaztea bazen ere, izugarrizko talentua zuen. Kexa bakarra dut: haren kantata ­’Sinfonía en Re a Gran Orquestra’­ pixka bat laburragoa izatea gustatuko litzaidake. Idazteko irrika handia zuen, eta kantata oso luzea eta zaila konposatu zuen. Baina benetan ederra. Gainera, estiloari dagokionez, Mozarten ‘Requiem’ lanarekin hagitz ongi uztartzen da, Arriaga Mozart gaztea izan baitzen neurri batean».

Hogei minutuko musika dramatikoa da, baina badu haur ukiturik ere; 14 urteko mutiko batek konposatu zuen seinale. Artetaren hitzetan, horrek ez du adierazten umekeria denik, eta aditzea merezi du.

Cadaqueseko Orkestrako koordinatzaile Llorens Caballerok azaldu zuenez, Arriagaren obrak berrikusten aritu dira, eta sinfoniaren bertsio berria eta osoa interpretatuko dute Donostiako Kursaalean, eskuizkribuetatik abiatuta egina.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Seis muertos tras descarrilar un tren que viajaba de Galicia a Euskal Herria
Euskal Herria
Iñaki de Juana ha perdido ya más de 10 kilos
Ekonomia
Epai batek Kutxa zigortu du txanda kontratuengatik
Mundua
Empieza el juicio contra Saddam Hussein por el «genocidio» kurdo
Mundua
Dozenaka bidaiari hil eta beste asko zauritu dira Egipton tren istripu batean
Mundua
Hallan en Corsica dos cuerpos destruidos por una explosión
Kultura
Lee Miller, rebelde y libre
Euskal Herria
Un grupo de ciudadanos convoca una marcha para apoyar el proceso
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss