DONOSTIA
LAB sindikatuak jakinarazi duenez, EAEko Auzitegi Nagusiaren epai batek agerianutzi du Kutxak txandako kontratuekin egiten duen erabilpen «interesdun eta iruzurrezkoa». Ondorioz, aurrezki kutxak kontra- tu horiek egiteko erabiltzen zuen modua baliogabetu du.
Baliogabetze horren arabera, sei langilek ezin izango dute erretiro partzialera jo eta, beraz, Kutxak bere jarrera zuzendu beharko du. LABen hitzetan, «aurretik erakundean lanaldi partziala zuen txandakariaren lanaldiaren %40 amortizatzeko» erabiltzen zuen formula hori Kutxak.
Sindikatuak txandako kontratuek partzialki erretiroa hartuko duen pertsonaren lanaldiaren %85 ordezkatu behar dutela argitu zuen, baina Kutxak «jada lanean zeuden pertsonak ordezkatu nahi izan ditu txandakarien bidez, eta azken horiek jada %45eko lanaldi partziala ari ziren egiten», azaldu zuen. «Horri guztiari legezko itxura emateko langabeziara bidaltzen zituen eta egun gutxiren buruan berriz ere kontratatzen zituen partzialki erretiroa hartu behar zuenaren postua betetzeko», gaineratu zuen.
«Epaiak dio erretiroa hartu behar duenak eta txandakariak euren baldintzak hobetzeko egiten dutela hau guztia, guztiz legitimoa dena. Era berean, Kutxa dela benetakoa estaltzen duena eta araua saihesten saiatzen dena ere esaten du», nabarmendu zuen.
Gauzak horrela, sindikatu abertzaleak «onartezintzat» jo du Kutxak «horrelako iruzurra egin izana eta beste lanpostu batzuk bete ahal izateko txandako kontratuak irregularki erabili nahi izana». «Salatzekoa da Kutxak txandakariak ordezkatu behar dituzten langileak baino beherago dagoen kategoria batean kontratatzea, edo, adibidez, Gipuzkoako pertsona baten eta Alacanteko txandakari baten artean txandako kontratuak egitea. Ezin duguna onartu da iruzurrak egiten eta bide honen bidez lanpostuak amortizatzen jarraitzen uztea», azaldu zuen sindikatuak.
LABek kontratu hauek iruzurrik egin gabe egiteko eta Kutxako lan prekarietatea desagertzeko eskatu zuen. 2006ko lehen sei hilabeteetan «350 kontratu prekario baino gehiago egin» dituela ere salatu zuen.