GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Gaurkoa 2006-08-22
Txillardegi - Idazlea
Batzuen uda ametsa

Donostian bizi naiz. Hiriaren edertasuna dela bide, Euskal Herriko beste leku askotan baino azkarkiago pairatzen dugu donostiarrok urtero, lokamuts hazkor, abuztuoro batez ere, betikoen uda amets arrotza inposatzeko ahalegina.

Aurten inoiz baino haratago iritsi dira han eta hemen.

Beren izen-deiturak prentsan ikusteko poza ukatuko diedan hiruzpalau euskal collabo ezagunek, su-eten betean gaudela ahaztu nahirik, are pozointsuago jaurtitzen dituzte beren ziriak. Abuztuko giro itogarri hau betirako nagusiturik nahi lukete; eta gu, euskaldunok, hankapean betirako zanpaturik . Horixe bai uda-amets aparta beren bihotzetan !

Mozorroa kentzen hasiak dira. Lehen su-etenaren beharra aldarrikatzen zuten . Atzo iskiluen ematea («la entrega de las armas» diote, jakina). Eta gaur barkazio eskaera (alegia, «que los terroristas de la banda y quienes les jalean pidan perdón por sus crímenes y sus imposiciones»). Kondaira liburuak berridazteko eskatuko dute segidan, abertzale guztiok gartzelaratzeko.

Eta berriro ere gauzatuko da Bertolt Brecht-en iragarpen famatua: aldamenekoaren bila joanak zirela esaten zutenek, beren etxeetako ateetan politzia joka topatuko dute halako batez.

«La calle es mía» oihukatu zuen fazista ospetsu hark. Eta egun hauetan, bai Donostian bai beste leku askotan, «la calle es nuestra , por fin», pentsatu dute batzuek. Pasodoble toreroak jai-ta-aste; «España cañí» amaituta, «Que viva España» ozenki hedatzen zelarik. ¿Por qué no, tío?

Prentsak adierazi duenez, sekula baino jende gehiago joan da Santa Mariako Salve lotsagarrira. Eta Illunbeko zezenketetara ere jendetza gaitza. Egunero-egunero odola hondarrean.

«Illunbe suntsiketa» oihukatu genuen guk kaleetan abuztuaren 8an, zezenketen krudelkeria eta tortura salatuz. Atzerritarrek ezin sinets zezaketen: «Mais ce n’est pas croyable. Est-ce qu’il y a alors des espagnols qui n’aiment pas la corrida?».

Alfonso Alonso, Gasteizko fatxa, loriaturik dabil. Zezen-plaza zaharra eraatxi, eta badauka berriarekin espainiar homologazioa: «ni una ciudad española sin su coso taurino». Eta Ibarretxek berak ez du oztoporik ikusten Fiesta Nacionalera agertzeko.

Negoziazio mahaia... Zer da hori? Mahaiak eta istiluak... utz gaitzatela baketan! Politikeriak parlamentura. ETA gelditu egin da. Kitto. Euskal arazoa konponduta dago. «No habrá precio político»... «La Constitución de 1978 es intocable»... «La Ley de Partidos es intocable»... «Navarra no es parte del País Vasco»... «Batasuna sabe perfectamente lo que tiene que hacer para poder hacer política»...

Presoak? Konpondu egingo da xehetasun hori... Poco a poco, sin prisas. Gainera PP hor dago, begira; eta ez zaio aitzekiarik eman behar zaunka has dadin. Lasai!

Katalunian ikusi duguna ikusi ondoren, eta PNV CiUren jokaldia errepikatzeko gertu nabarmen dagoelarik, bluffaren eta faszioaren artean hautatu behar dugula diote ezkorrenek. Eta, hortaz, «solución final» delakoaren aurrean gaudela.

Eta testuinguru horretan, bertoko collaboen haritik , Bilboko Apezpikua mintzatu da, ginga jarriz.

«Amados diocesanos, amadas ovejas mías: ha llegado el momento de que los vascos pidan perdón por las acciones horrendas con las que algunos pecadores descarriados han ensuciado el buen nombre del pueblo vascongado».

Blázquez espainiar Gobernadore Eklesiastikoa ziniko hutsa da sensu stricto. Irakur dezagun Sopena Hiztegia: «Cínico: aplícase a la persona que no siente reparo de los actos vergonzosos que comete, o que actúa en total desacuerdo con sus principios para conseguir algún beneficio».

Ezen Blázquezek berak behar digu euskaldunoi barkatzeko eskatu.

Gomá kardinalak 1937an Francoren altxamendu fazista «kristau Guruzada» izendatuz, egindako hoben odoltsu larriak bedeinkatu zituen. Eta 38 urtez bere Eliza katolikoak fazismoarekin bat egin izanaz behar du publikoki damutu, eta goraki Euskal Herriari barkapena eskatu. Blázquezi dagokio eginkizun hori.

Bortizkeria abertzaleaz erabat lotsatuta omen dago. Baina gure herria hiru aldiz izan da harmabidez zapaldua: 1839an, 1876an eta 1937an. Espainiar legetasuna harmen bidez ezarri da behin eta berriz, bertako collaboen laguntza faltatu ez delarik. Hauxe da egia latza.

Baina Blázquez zinikoak badauzka arrazoin hurbilagoak bere buruaz damutu eta barkapena Bilboko Katadera gorenetik eskatzeko.

Hauxe aurrenik: euskaraz jakin gabe, euskara mintzatua den diosesiko burugagitza hartu zuelako .

Hori bera lotsagarria izateaz gain, ilegala ere bada.

Hona hemen Baskongadetako Estatutuak dioena: «Todos los ciudadanos del País Vasco tienen derecho a relacionarse en euskera o en castellano, oralmente y/o por escrito, con la Administración y con cualquier Organismo o Entidad radicado en la Comunidad Autónoma» (azaroaren 24ko 10/1982ko Oinarrizko Legea; 5. art. 2a). Baita aurreraxeago ere: «... derecho a expresarse en euskera en cualquier reunión» (5. art. 2e ).

Abuztu hondar honetan, etsaiek garaitu egin gaituztela dirudi.

Baina gure herri honek behin eta berriz erakutsi du kondairan barrena ez dela aisa kuxkurtzen.

2006ko abuztu hau pasako da.

Baina Arestiren hitzak geure egiten ditugularik: «gure etxeak iraunen du zutik». -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Seis muertos tras descarrilar un tren que viajaba de Galicia a Euskal Herria
Euskal Herria
Iñaki de Juana ha perdido ya más de 10 kilos
Ekonomia
Epai batek Kutxa zigortu du txanda kontratuengatik
Mundua
Empieza el juicio contra Saddam Hussein por el «genocidio» kurdo
Mundua
Dozenaka bidaiari hil eta beste asko zauritu dira Egipton tren istripu batean
Mundua
Hallan en Corsica dos cuerpos destruidos por una explosión
Kultura
Lee Miller, rebelde y libre
Euskal Herria
Un grupo de ciudadanos convoca una marcha para apoyar el proceso
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss