GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-08-22
«Iragarpen batekin ezin da bi astetik gorako eguraldia iragarri»
«Klimaren iragarpena, iraganetik orainera», horixe EHUko Udako Ikastaroen barruan atzo hasi zen ikastaroa. Bertan izan zen Marylandgo Unibertsitateko Joaquim Ballabrera. Eguraldiaren gaineko interesa handia dela esan du eta hori dela-eta, ikerlari askok gai hartua dutela. Aurrerapen handiak izan badira ere, oraindik orain hamabost egunetik gorako iragarpen bakarra egitea ezinezkoa dela azaldu du.

DONOSTIA

Euskal Herrian eguraldiaren gaineko kezka handia da, nork bere gustukoa duen eguraldi eskean, batean eta bestean egindako iragarpenak adi jarraitzen dituzte makina batek. Interesa eta jakin-mina, baina, gure mugez haratago ere joaten da eta horrela berretsi du egunotan Donostiako Miramar Jauregian egiten ari diren «klimaren iragarpena, iraganetik orainera» hitzaldi sortan parte hartzen ari den Joaquim Ballabrerak.

Ozeanografoa lanbidez, Marylandgo Unibertsitatean egiten du lan eta eguraldi iragarpenak ahotan hartuta etorri da. «Jende askok egiten du lan egun klimaren inguruan ikertzen eta hein handi batean hori gertatzen da gizartean ere interes handia dagoelako. Burmuinak pentsa ditzakeen adina gai ikertzen dira egun, baina gai bat lantzen jarduten duen ikerlatzaile kopurua hark sortzen duen giza interesaren araberakoa da, bai eta Gobernuaren interesen araberakoa ere, horiek ematen baitute kasurik gehienetan ikertzeko dirua», azaldu du Ballabrerak.

Iragarpenen beharra

Eguraldi iragarpenak gero eta premiazkoago direla dio Ballabrerak. «Jendea batuko duen ekitaldi bat egiteko eguraldia kontsultatzen da», azaldu du, hainbat ekitaldi eguraldi iragarpenen arabera ere antolatzen direla gaineratzearekin batera. Eguraldi iragarpenek, gainera, arazo asko aurrez ikusteko modua ematen dutela gaineratu du, batez ere hiri handietan. «New Yorken, esaterako, hiru egunez ikaragarrizko beroa egingo duela jakinez gero, hainbat neurri hartzea premiazkoa da. Hiru egun horietan izugarrizko elektrizitate kontsumoa izango da, eta horrek arazo handiak sor ditzake. Hori guztia kontrolpean izateko oinarrizkoa da eguraldiaren berri izatea».

Hala ere, bere esanetan, iragarpenak hamabost egunetik aurrera egitea ezinezkoa da, naturaren «ezegonkortasuna» dela-eta. «Izan dezakegu une batean oso giro atsegina baina nahasmendu txiki bat nahikoa da eguraldiak buelta emateko», azaldu du. «Nahasmendu horiek hamabost egunetan hazi egiten dira», gaineratu du ozeanografoak.

Jakinarazi duenez, eguraldia iragartzeko erabiltzen diren ereduetan ezinezkoa da nahasmendu horiek aurrez ikustea. «Sistematikoki, ezin da iragarpen batekin soilik hurrengo hamabost eguneko eguraldia iragarri. Egun batean asma dezakezu, baita zenbaitetan hogei egunez ere, baina orokorrean hamabost egunetik gora ezinezkoa da».

Nola azaldu, orduan, urtaroei begira egiten diren epe luzeko iragarpenak? Hori egiteko iragarpen sorta bat egin behar da eta bakoitzaren joera ikusita probabilitatearekin jokatu. Izatez, ziur-ziur, gaurtik biharko eguraldia iragartzeko modurik ez dela nabarmendu du. «Gogoratzen dut egun bat, telebistan une horretan eguraldi paregabea egiten zutela esaten zuten bitartean, trumoi izugarria ari zuela. Zertxobait lehenago aztertuko zuten eguraldia segur aski eta denbora laburrean nahasmendu handi batek eraginda eguraldia erabat txartu zuen».

Aurrera beharrean atzera

Ballabrerak azaldu duenez, iragarpenak ezinezko egin eta fenomeno meteorologiko bat gertatu ostean, zerk eragin duen jakitea lagungarri izan ohi da etorkizuneko iragarpenak egiteko baino ez bada ere.

Jendeari iragarpen guztiak jakinarazi edo ez? Hori gizartearen beraren erabakia dela adierazten du Ballabrerak: «Gizarteak erabaki behar du zein alarma mailarekin bizi nahi duen. ‘Nahiago dut alarma faltsuekin bizi, arriskupean bizitzea baino’, horixe da gizarteak egin behar duen aukeraketa».

Egun jendeak badaezpadako neurriak hartzea nahiago duela adierazi du. «Floridan urakan bat datorrenean kasurik gehienetan hiriak hustu egiten dira. Gerta daiteke, aurretik ezer gertatu ez eta horietako batean jendeak etxean geratzea erabakitzea eta orduan izugarrizko sarraskia eragitea. Jendearen eta eurek aukeratutako agintarien araberakoa da, guk, zientzialariok, informazioa eman baino ez dugu egiten».

Arlo honetan aurrerapen handiak gertatzen ari direla azaldu du Ballabrerak. Eredu klimatiko fidagarriagoak egiten dira eta hamabost eguneko mugara iristen ari dira, leku batzuetan besteetan baino errazago. Izan ere, bere esanetan, kostaldean zailagoa izaten da eguraldia iragartzea, barnealdean baino, «itsasotik nahasmendu gehiago iristen baitira».



Itsasoko uraren gazitasuna lagungarri
GARA

DONOSTIA

Joaquim Ballabrera tartean zela, ikerlari talde batek «El Niño» eta antzeko fenomeno meteorologikoak iragartzeko Pazifikoko uraren gazitasun maila aztertzea lagungarri zela ondorioztatu zuen. «Pazifikoko gazitasunaren gorabeherek ozeanoaren beroa aldatzen dute fenomenoa gertatu aurreko hilabeteetan, eta iragartzen lagun dezakete», azaldu zuten. Ballabrera eta bere lankideek 1980 eta 1995 arteko datuak aztertu eta sailkatu zituzten, iragarpen estatistikoa egiteko.

Iragarpen laburrak egiteko itsasoaren gainazalaren tenperatura aztertzea nahikoa dela ondorioztatu zuten. Aldiz, «epe luzerako iragarpenak egiteko itsasoaren maila aztertzea beharrezkoa da».

«El Niño» fenomenoa duela 6.000 urtez geroztik gertatzen dela uste da, eta Peruko eta Ekuadorko arrantzaleek izen hori eman zioten Gabon garaian gertatzen delako. Ikertzaileek urteak eman dituzte fenomenoa sortzen duten arrazoiak argitu nahian, batzuek baso tropikalen aldaketari egotzi diote; beste batzuek, berriz, Antartikako ur izoztuei.

Bestelako fenomenoak iragartzea ere helburu

Orain urte eta erdi pasatxo, Indonesian izandako tsunamiaren iragarpenaren gainean ere aritu da Ballabrera «eguraldiarekin inolako harremanik ez» duela gaineratuta. «Lurrikara erraz atzeman daiteke, baina tsunami bat itsasoaren erdian olatu txiki bat baino ez da eta, beraz, itsasertzera iristean hartzen du indarra». Ozeanografoaren esanetan, iragarpena egiteko baino, informazioa jasotzeko, hura zabaltzeko eta alerta deitzeko izaten dira zailtasun gehiago. «Kontuan izan zaila izaten dela zientzialari bat zaintzan egotea, bai eta informazioa jakinarazteko baliabideak izatea ere».


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Seis muertos tras descarrilar un tren que viajaba de Galicia a Euskal Herria
Euskal Herria
Iñaki de Juana ha perdido ya más de 10 kilos
Ekonomia
Epai batek Kutxa zigortu du txanda kontratuengatik
Mundua
Empieza el juicio contra Saddam Hussein por el «genocidio» kurdo
Mundua
Dozenaka bidaiari hil eta beste asko zauritu dira Egipton tren istripu batean
Mundua
Hallan en Corsica dos cuerpos destruidos por una explosión
Kultura
Lee Miller, rebelde y libre
Euskal Herria
Un grupo de ciudadanos convoca una marcha para apoyar el proceso
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss