DONOSTIA
Donostiako Aste Nagusia igaro da dagoeneko baina oraindik ere, datozen egunotan, hizpide izango dela dirudi. Hiriburuan festa giroa amaitu bada ere, orain atzera begiratu eta jaiei gainbegirada botatzeko garaia iritsi baita: balorazioa egiteko txanda, alegia. Donostiako Udalak positiboki baloratu du aurtengo Aste Nagusia eta «azken urteetako onena» izan dela adierazi dute Odon Elorza alkateak eta Enrique Ramos eta Maria Jesus Torres zinegotziek.
Ildo horretatik, «Donostiako jaiek egitura egokia» dutela eta beraz, gainerako euskal hiriburuetan ospatzen diren jaiei jarraitzeko beharrik ez duela adierazi zuen, tartean Bilboko Aste Nagusia eta sanferminak aipatuz.
Urtero bezala, aurten ere Nazioarteko Su Festen Lehiaketa izan da ekitaldi jendetsuena, ia 900.000 ikusle bildu baitzituen zortzi gauetan. Alde horretatik, Enrique Ramos zinegotziak aurtengo suen «maila altua» nabarmendu zuen, «salbuespenen bat egon bazen ere».
Musika emanaldiei dagokienez, 170.700 ikus-entzule erakarri zituzten hiriko guneetan antolatutako kontzertuek; horie- tatik guztietatik Sagueseko gunea nabarmendu dute Udalekoek, 52.000 pertsona bertaratu baitzituen, iaz baino 2.000 gehiago. Era berean, Bebe eta Pereza taldearen emanaldiak izan ziren jendetsuenak, 11.000 eta 10.000 jarraitzaile bildu baitzituzten, hurrenez hurren.
Zaborraren eta garraioen gaineko datuak ere azaleratu zituen Udalak. 247 langile eta 57 ibilgailu erabili dituzte egunotan hiria garbitzeko, eta behin betiko datuak lortu artean, 1.425 tona zabor bildu zirela adierazi dute, iaz baino %5 gehiago. Garraio zerbitzuei dagokienez, CTSS autobus zerbitzuak 750.085 bidaiari izan zituen, eta «aurreko marka guztiak hautsi zituen».
Hurrengo urteari begira, alkateak adierazi zuenez, 13 ekitaldi berri proposatu dituzte «hurrengo jaietako eskaintza hobetu eta Aste Nagusia indartzeko».
Gainera, Donostiako ostalariei «Udala gutxiago kritikatu eta ideia berriak proposatzeko» adierazi zien, «beti ordutegiengatik kexatzen baitira eta gero, haiek baitira beren salneurriekin irabazi handienak lortzen dituztenak».
«Piratak zoriondu nahi ditugu»
Baga Boga Donostialdeko Herri Ekimenak eta Eusko Alkartasunak ere, jaien ondorengo ajea pasatu aurretik agerrarazi dute euren iritzia.«Alderdi negatiboak eta positiboak izan dira Aste Nagusi honetan, nahiz eta azkenekoak gailendu», esan du Baga Bogak. Herri Ekimenaren esanetan, alderdi negatibo hori herritarren parte-hartze faltan datza batez ere: «Tamalez, egun Aste Nagusiak ez dirudi donostiarron jaia, Udaletik ez baitago guztion artean guztiontzako dinamikak antolatzeko aukerarik». Ildo horretatik, Baga Bogak «parte hartzea bultzatzen duten jai herritarrak egiteko esfortzu handiagoa» eskatu du.
Gune alternatibo eta autogestionatu baten gabezia ere salatu dute Donostialdeko Herri Ekimeneko kideek eta bide batez, baita gogorarazi ere «Donostia dela soilik, Hego Euskal Herriko hiriburuen artean, horrelako gune bat ez duen bakarra». Euskal kulturaren eta euskararen presentzia oso txikia dela ere nabarmendu dute eta hala, haurren zenbait ekitalditan euskara ez egotea gaitzetsi dute.
Baina alde positiboak ere aipatu dituzte plataformako kideek «eragile, elkarte eta jende askok herri jaien aldeko manifestuari atxikimendua eman baitio». Ildo horretatik jarraituz, Donostiako piratak zoriondu nahi izan dituzte «abordaia, jokoak, herri bazkaria, kontzertua,... eta jaietan antolatu dituzten ekitaldiengatik».
Bestalde, Eusko Alkartasunak helarazi duenez, antolatutako ekitaldiak positiboki baloratzen dituzte, baina «jaiei merezitako amaiera emateko ekitaldi on baten beharra» nabari dutela adierazi dute.
Urtero antolatzen diren suak, zezensuzkoa eta hiriko guneetako kontzertuek jende andana bildu dutela nabarmendu dute, donostiarrez gain, kanpotarrak ere erakartzen baitituzte.
Hala ere, beste zenbait ekitaldi ere antolatu beharko liratekeela adierazi dute, «hiriari alaitasun ukitu bat eman eta jaiak erakargarriagoak» izan daitezen. Alde horretatik, txarangen parte-hartzea areagotzeko proposamena luzatu dute.