U.A.
DONOSTIA
Koteto Ezkurrak itxaron egin beharko du. Doneztebeko aurrelariari ekografia bat egin zioten atzo, abduktoreetan dituen arazoak nondik etor daitezkeen ikusi ahal izateko, baina emaitzek ez zuten ezer argitu. Hala, erresonantzia magnetiko bat egingo diote gaur, hurrengo larunbatean Zeberio II.aren aurka Casino Kursaalaren finalerdietan egoteko aukerarik izango ote duen zehazteko.
«Arazo batzuekin nabil eta ez dut sentipen onik. Abduktore aldean tope bat nabaritzen dut jokatzen dudanean. Ekografiak ezer ez du erakusten, baina berriz ere jokatzen hasten naizenean mina sentitzen dut, eta horrela ezin da ibili», azaldu zuen Euskadi Irratian Ezkurrak.
«Korrikan egiteko edo beste gauza guztiak egiteko ez dut minik, baina gerria sartzerakoan nabaritzen dut gehien. Ea erresonantziak zer dioen, baina halako partida batean, errespetuagatik bada ere, ehuneko ehunean irten beharra dago», adierazi zuen Doneztebekoak.
Bien bitartean, bere aurkariak, Patxi Zeberiok, entrenatzen jarraitzen du. Elduaingo aurrelariak partida jokatuko du gaur Galarretan, Auzmendirekin batera. Beren aurkariak, berriz, Altuna II.a eta Etxeberria III.a izango dira.
Juaristi-Etxabe garaile
Beste alde batetik, Juaristik eta Etxabek 40-31 hartu zituzten mendean Bitoria eta Angel Lekunberri Galarretan atzo jokatutako jaialdiaren norgehiagoka nagusian. Irabazleak gehiago izan ziren. Etxabe jaun eta jabe izan zen atzeko koadroetan, eta sakez hiru falta egin zituen arren, ondo moldatu zen. Juaristik ere partida txukuna burutu zuen.