GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-08-27
Kepa MURUA | Poeta. «Canto del dios oscuro»ren egilea
«Pertsonalegia zelako eduki dut gordeta hamar urtez poema liburu hau»
Orain hamar urte krisialdi pertsonal batean murgildurik zegoela idatzi zuen Kepa Muruak «Canto del dios oscuro» poema liburua, ostiralean bere herrian aurkeztu zuena. Pertsonalegia zela-eta, kaxoian sartu zuen eta han eman ditu urteak harik eta El Gaviero argitaletxekoek konben- tzitu duten arte. Bere hamargarren poema liburua da.

Orain 15 urte, ikasketak bukatu, lanik aurkitu ez eta Berlinera itzuli bat egitea erabaki zuen, pare bat aste han emateko asmotan. Azkenik, bi urte eman zituen bertan kalean edo okupatutako etxeetan biziz. «Gauza bat ikasi nuen, alemaniar gazteek sekulako gauzak egiten zituztela oso bitarteko gutxirekin: aldizkariak, tabernak edo dendak antolatzen zituztela oso diru gutxirekin. Bizitzari buruzko beste ikuspegi bat eman zidan eta Euskal Herrira itzultzean, Bassarai argitaletxea sortu banuen, ikuspegi horri esker izan zen neurri batean», esan du Kepa Muruak. Ikuspegi eta ideia berriz gainezka itzuli zen zarauztarra eta motxilan poema liburu bat zekarren, “Abstemio de honores”, bere lehen poema liburua. Handik urte gutxira, hala ere, erorialdi bat izan zuen, krisialdi bat, eta ilunaldi horren lekuko da ostiralean bere herrian, Zarautzen aurkeztu zuen poema liburua, “Canto a un dios oscuro”, bere hamargarrena. Gaztelaniaz idazten duten poeta ezagunen artean leku bat egiten joan da eta orain, 43 urterekin, gaztelaniaz bere ahotsa definitzea lortu duenean, euskarara itzultzen ari dela adierazi du eta poema zenbait badituela euskaraz.

­Zenbagarren poema liburua da hau?

Uste dut hamargarrena dela, ez nago ziur. Baditut beste pare bat beste artista batzuekin batean egindakoak eta baditut saiakeratik hurbilago daudenak ere, “La poesía y tú” eta “La poesía si es que existe”, poesiari buruzko hausnarketak. Liburu horietan maitasuna, heriotza, bakardadea eta gisako gaiak aipatzen dira eta lehengoan Euskal Herriko egoera politikoari ere eskaini nion atal bat.

­Zergatik eduki duzu liburua hamar urtez argitaratu gabe?

Oso pertsonala delako. Nire biografia islatzen du edo biografiaren zati bat behinik behin, orain hamar urteko krisialdi bat edo ilunaldi bat. Langabezian nengoen, ez nekien nora jo eta etorkizuna beldur pixka batekin ikusten nuen eta giro horretan idatzitako poemak dira. Ez nuen argitara emateko asmorik eta kaxoi batean egon dira. El Gaviero argitaletxekoek zerbait idazteko eskatu zidatenean poema horie- kin gogoratu nintzen eta zeuden moduan bidali nituen, ezer ukitu gabe. Onartzekotan, zegoen horretan onartu behar zela uste nuen edo goitik behera aldatu beharko nuela. Bere horretan utzita, indarra zuela ohartu nintzen eta neure burua ikusten nuen poema horietan.

­Inoiz zalantzarik izan al duzu hizkuntza aukeratzeko orduan?

Zalantza handiak izan nituen lehen liburuarekin. Nire irakurketa ia guztiak erdaraz egiten nituen eta gaztelaniaz bide bat egin nezakeela ikusten nuen, nahiz eta argitaratzeko orduan euskaraz erraztasunak nituen. Gaztelaniazko bidea egiten ari naiz oraindik. Beharbada bide hori bukatu egingo zait eta baliteke euskaraz hastea. Pixkana euskarara itzultzen ari naiz. “Itxina” euskaraz argitaratu nuen eta gaur egun ere ari naiz euskaraz gauza batzuk idazten. Oso ahots desberdinak dira hizkuntza bakoitzaren arabera eta horrek desorekatu egiten nau. Gaztelaniaz idazteko erabakiak ondorio batzuk izan zituen nire harreman sozial eta kulturaletan. Gaztelaniaz idazten oso aske sentitzen naiz, baina euskarazko ahotsak ere tentatzen nau. Orain dela hamabost urteko euskarazko kultura giroak ez ninduen asetzen. Euskal kultura eta literatura bereziki oso murritza ikusten nuen. Egin nahi nuen bidea egiteko gaztelania behar nuen. Orain dela hogei urteko euskal literatura eta gaur egiten dena, ordea, ezin dira alderatu.

­Zein izan dituzu gaztelaniaz egin duzun bide horretan bide-lagun?

Zaila da erantzutea, bidelagun izan ditudan poeta horietako asko klasikoak izan direlako edo kanpotarrak. Vladimir Holan txekiarra eta Leautremont, esaterako. ”Cantos del dios oscuro”ren atzean Bodelaire, Rilke eta beste hainbat klasiko daude. Gaztelaniaz irakurri ditudanen artetik Carlos Barral eta beste hainbat aipa ditzaket eta gurera etorriz, nigandik urrun samar zegoen Xabier Leteren mistizismo landua eta Carlos Aurtenetxearen lanak aipatuko nituzke.

­Zure liburuetan eduki aldetik aldaketak daudela dirudi, batzuk intimoagoak dira eta, besteak beste, kezka batzuen inguruan burutuak.

Liburu ezberdinak egitea gustatzen zait. Badaude idazle batzuk beti gai beraren inguruan idazten dutenak. Beti liburu bera idazten ari direla ematen du. Ez dut planteamendu hori atsegin. Batzuetan oihartzun publiko baten bila ahalegintzen naiz eta beste batzuetan gai intimoagoen inguruan aritzen naiz. Ez mamiz bakarrik, baita azalez ere, ahotsez, etiloz eta musikaz ere aldatzea gustatzen zait, betiere planteamendu poetiko nagusi bat onartuz.

­El Gavierok atera du liburua. Esan iezazkiguzu bi hitz argitaletxeaz.

Almerian eta Madrilen egoitzak dituen argitaletxe independentea da, saiakera eta poesia lantzen dituena; biak lantzen ditu oso ondo. Gaztelaniaz idazten duten poeta garrantzitsuenek argitaratu dituzte hor beren lanak. “Salamandria” izeneko aldizkaria ateratzen dute. Aspaldi hasi zitzaizkidan poemak eskatzen eta harreman estua izan dugu. Cristina Peri Rosik antzeko aukera bat eman zidan orain hamar urte. Lumenekin argitaratzeko hitzarmena zuen, baina liburu berezi bat argitaratu nion Bassarain. Nik ere konpromisoak ditut Madrilgo Calamur argitaletxearekin, baina salbuespena egin dut El Gavierorekin, liburua berezia delako.

­Zer egiteko eta zer oihartzun ditu poetak gaur egun?

Nik uste dut poetaren zereginak baduela karga profetiko bat gizartean. “Un lugar para nosotros” liburuan aipatu nuen zeregin hori eta orain saiakera batzuk ari naiz prestatzen. Eta oihartzunari dagokionez, jendea dabil, batez ere gazteak, poesiaren eta poesiari buruzko aldizkarien inguruan. Argitaral- diak, noski, laburrak dira, baina badaude fenomeno berriak ere arlo honetan: poesia musikarekin edo antzerkiarekin lotzeko ahalegin berriak egiten ari dira eta musikaren arloan ere, raparen eta hoparen kasuan, leku berezia egiten zaio poesiari. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
El Estado se confiesa parte beligerante
Jendartea
Un preso aparece ahorcado en la cárcel de Iruñea
Euskal Herria
De Juana pierde más de 14 kilos en 21 días de huelga
Kirolak
Estreno de «proyectos» en un derbi sin polémicas
Kirolak
Hondarribiari ez zaio garaipenak lortzen ahaztu
Euskal Herria
Los responsables de la guerra sucia no cumplen ni el 10% de las penas
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss