DONOSTIA
Ikusgarria izan zen atzo Orioko XVI. Ikurrinean bizitako estropada. Garaipena Hondarribiak lortu zuen, eta dagoeneko sei aldiz izan da talderik azkarrena aurtengo Traineruen Kluben Elkarteko (TKE) San Miguel Ligan. Ama Guadalupekoak etxean lortu zuen TKE denboraldiko azken garaipena. Ondoren, Castron jokatutakoan eta Zarauzko bietan lehenengo postua eskuratu ezinik izan zen. Atzo, ordea, garaipenak lortzen ahaztu ez zaiola erakutsi zuen.Uretan izandako hamabi traineruetako arraunlariek egindako lana txalo zaparrada luze batekin saritu zuten Oriora bertaratutako ehunka zaleek. Izan ere, ez zen gutxiagorako, itsaso benetan zakar bati aurre eginez guztiek eskainitako lehia erabat zirraragarria izan baitzen.
Gauzak, ordea, ez ziren nahi bezain ondo hasi. Proba arratsaldeko bostetan zen hastekoa, baina itsasoaren eta haizearen egoerak bultzatuta ordu eta erdi beranduago ekin zioten lanari taldeek. Estropada bertan behera geratzeko arriskua ere izan zen. Laugarren kaleko balizarekin arazoak egon ziren, eta talde bakoitzeko ordezkariek premiazko bilera egin zuten zer egin erabakitzeko. Proba erlojuaren aurka edota lau txandatan egitea pentsatu zuten, baina Pedreñako ordezkariak ez zuen halakorik onartu. Azkenean, zorionez, arazoak konpondu eta probak aurrera jarraitu zuen.
Ondoren ikusitakoak, baina, aurreko guztia laster batean ahaztea ekarri zuen. Pasai Donibanek, Mecosek, Zumaiak eta Laredok eman zioten hasiera estropadari. Aurreneko luzea amaiezina izango zela zirudien. Azkenean, sei minututik gora arraunean egin eta gero, Laredok egin zuen denborarik onena lehen ziabogan. Mecos eta Zumaia izan ziren maniobra egiten hurrenak, eta minutu erdi baino gehiagoren ondoren, aldiz, Pasai Donibanek hartu zuen ziaboga.
Poparian erosoago itzuli ziren lau ontziak. Bigarren ziabogan ez zen postu aldaketarik izan lau ontzien artean. Maniobran, baina, Pasai Donibanek agur esan zion estropadari, Guillermo Somoano patroia uretara erori baitzen. Hori gutxi balitz, punturik gabe amaitu zuen estropada Errekak.
Txandak hiru ontziekin jarraitu zuen, eta azkenean Mecosek egin zuen denborarik onena, Zumaiaren eta Laredoren aurretik.
Arkoteren abilezia
Bigarren txandakoen artean Arkote izan zen abilena. Plentziakoek lan ona egin zuten, eta txandagatik izan ez balitz haizeak nabarmen egin zuen gora bigarrenean, 35 kilometro ordutik 43ra sailkapen nagusian aurrerago amaituko zuketen.Plentzitarrak hasiera-hasieratik hartu zuen aurrea, eta luzez luze eta ziabogaz ziaboga aldeak handitzeko gai izan zen. Zarauzko Enbatak, hasiera ona egin ez zuen arren, meritu handiko bigarren postu batean amaitu zuen. Ondoren, Cabo iritsi zen, eta minututik gora galduta, berriz, Urdaibai. Bou Bizkaiari ur asko sartu zitzaion, eta nahikoa lan izan zuen estropada amaitzeko.
Ohorezko txanda zirraragarria
Onena iristeke zegoen oraindik. Haizeak behera egin zuen ohorezko txandan, eta lehenengoaren antzerakoa izan zuten San Miguel Ligako lau ontzi onenek. Horrek garailea bertatik irtengo zela aurrez ikustera bultzatu zituen Orion zeuden guztiak.Castrok hasiera paregabea eman zion probari. Itsasoaren egoera ikusita Jose Luis Korta prestatzaileari patroi lanak egitea bururatu zitzaion, eta aurreneko luzean asko estutu zituen bere mutilak. Gehiegi agian, lehen ziabogan denborarik onena egin zuten arren, ordurako koadrila asko behartu zuelako eta ura ere dezente sartu zelako La Marineraren barnera.
Hondarribia eta Orio ia parean iritsi ziren maniobra horretara, eta bost segundo ingurura Pedreña iritsi zen. Poparian, baina, primeran moldatu zen Joseba Fernandez pasaitarrak zuzendutako Maria ontzia, eta aurrea hartu zuen.
Bigarren ziabogan, baina, baga batek kantabriarren maniobra zapuztu zuen, eta gertu zuen Hondarribia aurretik irten zen ziaboga ona eman ostean. Castrok eta Oriok segundo gutxi batzuk galdu zituzten une horretan.
Hirugarren luzean Hondarribiak aldeak handitu zituen eta estropada erabakita zuela zirudien, baina itzulekoan dezente sufritu behar izan zuen. Bagak bikain aprobetxatu zituzten Pedreñak eta, batez ere, Oriok.
Azken txanpa zoragarri batean, Ama Guadalupekoak baga ona hartu eta Oriorekiko lau segundo eskaseko aldearekin erdietsi zuen garaipena. Pedreñak ehunen gutxi batzuk gehiago behar izan zituen lana burutzeko, eta Castrok, aldiz, dezente gehiago.
San Miguel Ligako sailkapen nagusia
1. Hondarribia 144
2. Castro 125
3. Orio 123
> 4. Pedreña 114
5. Cabo da Cruz 83
> 6. Arkote 82
7. Zarautz 78
> 8. Urdaibai 77
9. Mecos 71
> 10. Zumaia 58
11. Laredo 31
> 12. Pasai Donibane 27
Gaur, Castro Urdialesen
San Miguel Ligak ez du gaur atsedenik hartuko, eta 12.00etatik aurrera VIII. Flaviobiga Bandera jokatuko dute Castro Urdialeseko uretan. Ohi bezala, estropadak lau ontziko hiruna txanda izango ditu, eta sailkapen nagusiaren arabera antolatuko da txanda bakoitza.