GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria 2006-08-27
Julen Murgoitio
Orbita

Munduko Merkataritzako Elkarteko buruak ez datoz bat, euren errondetan, mendean hartu nahi duten Lur planeta honetako bihar-etziko ordenaz. Aldiz, Nazioarteko Astronomia Elkarteko adituak ez datoz bat, euren goi-bileretan, Lurretik kanpoko beste planetako gaurko kategorien ordenaz. Jakin izan bazuen fraile hark planeten izenak guri irakasten emandako denbora hura alferrikakoa izango zela! Ama, ama! Bai zaplastako ederrak harenak!; bere eskuineko eskuak zakilen erakusketa ibiltaria zirudien. Pluto deitzen genuen, belarriek gorputza ezkutatzen ziotelako. Bota planeta guztien izenak eta ordenan gainera! Atoan! itaunduta dardarka uzten gintuen, bere eskuineko eskua aireko orbitan zuela. Eta artean ez zen arartekorik. Eta gu, Merkurio, Artizarra, Lurra, Marte... beldur batean segitzen genuen, totelka....Jupiter, Saturno, Urano... Neptuno eta... eta... dzast! eta Pluton! Pluton! esaten zuen berak eskuineko esku hura ikaslearen aurpegitik bueltan zuela, gainerako ikasleak ahopeko barre gaiztoan ginela. Bai, Pluton esatera ez ginen ausartzen, gainera hain txikia eta urruna izanda beti genuen aitzakia izen hori irakasle haren aurrean ez botatzeko. Gauzak zelakoak diren, Plutonek jadanik utzi dio planeta izateari. Eta Plutok fraile izateari utzi ere, ikastetxearen irakaslegoa mistoa egin eta gutxira. Beraz, zeinek ordainduko dizkigu Plutonengatik eta Plutorengandik gure adinik samurrenean hartutako zaplastako haiek? Ee?

Dena dela, metodoaren aldetik astronomoen inbidia dut. Mahai batean adostu dituzte zeruko gorputzen definizio berriak, gaurtik aurrerako joko-arauak, beraz; eta behin horrela, bozketara aurkeztu dizkiete astronomiako eragileei, hor ere asteroideren bat kontran egon arren. Atsegin ez dudana da Lurretik kanpoko gauzak Lurrean zehaztu nahi izatea, esku-hartzea delakoan. Tira, definizio berrian, orbita propioa eduki eta besteenean sartzen ez dena baino ez da planeta. Gauzak horrela, Euskal Herria planeta izatea nahi dut, orbita propio garbia duena, pareko planetekin batera bestelako eguzki sistema jator batean. Gora!

Ez da astronomoena egunotan izan den adituen nazioarteko goi-bilera bakarra, matematikariek ere berena egin dute eta. Non eta beheko estatuko hiriburuan. Itxura batean, problema bat soluziobidean jartzen denean teorema izatera pasatzen da, geroko behin betiko frogen faltan. Hamaika ikasteko gara gero! Hori horrela, hauxe burutazioa: noiz pasatuko da hemengo gatazka-bidearen problema hemengo konponbidearen teorema izatera? Noizko orbita propioa euskal lurraldeek? Problemak eta teoremak esparru geografiko bera izan behar dute, matematikariona eta astronomoona ondo ulertu badut, behinik behin. Kontuak kontu, eta problemak problema, zelan azaldu matematikatik udaletxe askotan gertatua, hau da, batak boto gutxiago izan eta aulkia lortu eta besteak boto gehiago izan eta aulkia lortu ez? Eta astronomiatik? Akaso planeta desberdinetako aulkiak izanda kontaketa diferentea da? Horra hurrengo goi-bilerak Euskal Herrian egiteko motiboa. Eta Pluto harrapatzen badut! -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
El Estado se confiesa parte beligerante
Jendartea
Un preso aparece ahorcado en la cárcel de Iruñea
Euskal Herria
De Juana pierde más de 14 kilos en 21 días de huelga
Kirolak
Estreno de «proyectos» en un derbi sin polémicas
Kirolak
Hondarribiari ez zaio garaipenak lortzen ahaztu
Euskal Herria
Los responsables de la guerra sucia no cumplen ni el 10% de las penas
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss