GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak 2006-08-27
Iñaki Etaio - Askapeneko brigadista Bolivian
Quechuaren kasua

Nabaria da gaur egun jatorrizko herriek Bolivian ematen ari den prozesuaren inguruan jokatzen duten papera, historikoki jasan duten bazterketa historikoa gainditu nahian.

Jatorrizko herrien inguruan badira dexente jakin nahi genituzkeen gauzak, hizkuntza eta kultura zer? Nolako egoera?... Herri hauen inguruan gauza askotxo entzun ditugu, baina gutxi izan da hizkuntzaren inguruan entzundakoa. Horretarako lerro hauetan, Jose Antonio Rocha antropologo eta Quechua akademiako lehendakariak egindako hausnarketa hartu dugu hizpide. Quechua hizkuntza eta batik bat jatorrizko herriek hizkuntzari buruz duten ikuspuntua landu nahi izango genituzke. Bera aditua da eta urteetan quechua bultzatzeko lanetan aritu da.

Bolivia kultura askoko herria da, 36 jatorrizko herriek osatzen dutena, alegia, bakoitza bere kultura eta hizkuntzarekin; hizkuntza horietatik quechua eta aymara dira hizkuntza ofizialak gaztelaniarekin bat, beste hizkuntzak guarani, chiquitano... ez dira ofizialak, baina denak dira hizkuntza biziak. Quechuak Boliviako mugak gainditzen ditu (Kolonbiako hegoaldetik Argentinako erdialdera ailegatzen da, eta Bolivia, Peru eta Ekuadorrez gain, Txileko eta Brasilgo eremu batzuetan ere presentzia du). Quechuak gaur egun, hamabost milioi hiztun ditu, horietatik hiru milioi Bolivian. Quechuaren barruan dialekto batzuk daude. Perun, adibidez, zortzi dialekto ezberdin daude. Bolivian, berriz, bi dira quechua dialektoak: bata ayacuchanoa, eta bestea cuzqueñoa; azken hori gehien hitz egiten den dialektoa da, Perun nagusi den quechuaren antzera. Dena den, dialekto horiek antzekoak dira eta nahiko ondo ulertzen dute elkar, hala ere, quechua bateratua egon badago, oso kritikatua eta hedapen urrikoa. Hizkuntzalarien artean badaude bi korronte ere, «trivocalista»k (jatorrizko quechua izango zena, hiru bokal dituena: a, i eta u) eta «pentavocalista»k (gaztelaniatik harturiko e eta o-ren erabilpena ere defendatzen dutenak).

Quechua hizkuntza, nahiz eta ofiziala izan, esparru bakoitzean erabilpen eta garrantzia ezberdina du.

Hezkuntzan jasaten den egoerak ezberdintasun batzuk ditu. Landa-eremuetan egoera eta tratamendu ezberdina du hiriko guneekin alderatuz; landa eremuetan ikasgai bezala, inola ere ez zientzia eta beste gai batzuen igortzerako, hiriguneetan ezta hori ere.

Komunikabideetan nabariak dira bizi diren gabeziak, esate baterako, idatzizko prentsan ia ez dago argitalpenik, hamabost egunero ateratzen den “Senda” argitalpena eta gai konkretu batzuen inguruan agertzen diren artikulu batzuk izan ezik. Irratian, hau da, Bolivian gehien erabiltzen den komunikabidean, gutxi bada ere, badu lekua quechuak. Esaterako, quechua erabiltzen duten komunitate irratiak daude, horien artean badaude bi, Mozochaski eta San Gabriel irratiak, quechua hutsez, eta elizak ekoizten dituenak. Betiere ebanjelioaren mesedetan eta ez jatorrizko kulturen mesederako; hori erakusle soil bat da, nazio mailako edota departamentu mailako irratietan, ordubete-bi orduko tarte baztertzailea ematen zaie jatorrizko hizkuntzetan ari diren saioei. Irrati hauetan, gainera, oso ordu zehatzetan, edo goizeko 6etatik 7etara edo gaueko 7etatik 8etara, inoiz ez egunean zehar. Azkenik, telebistak ez die lekurik eskaintzen jatorrizko hizkuntzei. Agerpena oso murritza da, adibidez, Batzar Eratzailea sortu zenean quechuak eta aymarak izan zuten lekua.

Erakundeetako egoerari dagokionez, nahiz eta quechua eta aymara ofizialak izan eta elebitasuna aldarrikatu, nabariak dira arlo guztietan ematen diren gabeziak eta bazterketak. Lanpostu konkretu batzuetarako hizkuntza jakitea eskatzen da. Aurrerapen gehienak justizian eman dira, batetik itzultzaileak bermatuz eta beste batetik epaile batzuek, jatorrizko hizkuntza ikasiz. Horrela bada, orotara eskasa da erakundeetan duten presentzia. Orokorrean, erakundeak urrun daude Bolivian dagoen hizkuntz errealitatetik. Alde horretatik, adierazgarria da bai Parlamentuan bai Batzar Eratzailean, batzarkide asko jatorrizko hizkuntzetan aritzen baitira, itzulpen zerbitzurik gabe.

Egungo egoera ez da kasualitatea; badira arrazoi dezente gaurko egoera ulertzeko. Hizkuntza komunikaziorako tresna gisa ikusten dute soilik eta hau ez da bakarra, gorputz adierazpenak ere garrantzi handia du komunikazioan. Azken hori kosmobisio andino amazonikoan ere kokatu beharko litzateke. Herri hauen nortasunak gizon eta emakumeen osagarritasunean edota izakiak lurrarekiko dituen harremanetan datza, azken finean komunitarismoan eta orekan. Alde horretatik, hizkuntzari eman zaion garrantzia oraindik ere praktika hauei eta kulturari eman diotena baino txikiagoa da. Jose Antonio Rocharen esanetan, hasiera batean hizkuntzak kontzeptu etikoekin, erlijiosoekin eta bizitzeko erarekin lotura zuzena zuen, baina geroago hizkuntza eta kultura banatuak izan ziren, hizkuntza komunikazio tresna hutsa bihurtuz («nemoteknia» deritzona).

Beste alde batetik, kontuan izan behar da gaur egun jasaten den diskriminazioa; esate baterako, jatorrizko herriei eskatzen zaie kultur aniztasuna onartzeko (hau da, batez ere gaztelania ezagutzea), jatorrizkoak ez direnek (gaztelania hiztun hutsek) kultur aniztasun hau onartzen ez dutenean. Beste arloetan, batez ere irakaskuntzan edota lan eremuetan, nabaria da profesionalen trebakuntza falta, ez baitago hizkuntza prestakuntza eskaintzarik. Aldi berean, nabaria da kolonialismoak utzitako aztarna, adibidez, gaztelania izan da historikoki harreman intelektualetarako, lan esparruetarako edo irakaskuntzarako hizkuntza, eta jatorrizko hizkuntzak etxean eta komunitatean hitz egiteko izan dira. Horren ondorioz, asko izan dira bere hizkuntzaz lotsatu eta gaztelania hartu duten jatorrizkoak, nahiz eta egun, pixkanaka egoera hori gainditzen joan.

Egoera horren aurrean ugariak izan dira martxan jarritako proiektuak: Kawsay (Bizitza) Quechua akademia eta GKEen bi proiekture- kin, bata goi hizkuntz komunitatea eta bestea «gazte garapen eta hezkuntza». Badira bi proiektu ministerio batzuen onarpenaren zain daudenak ere: «Instituto superior de lengua y cultura» eta «Universidad Indígena». Proiektu horiek guztiak badituzte euren helburu estrategikoak, hau da, hizkuntza kultura, kosmobisio eta pertsonaren espiritu gisa aldarrikatzea. Aldi berean, kulturaren barne, lurra, zientziak eta ingurua ulertzeko eta ikasteko tresna bezala jatorrizko hizkuntzak kokatzea da helburu.

Hausnarketa gisa, sindikatu eta gizarte mailan jatorrizko herriek duten antolakuntza ikusita, hizkuntzari dagokionez dagoen egitura eta antolaketa faltak harritu egin gaitu, bereziki duten nortasun sakona ikusita. Dena den, Jose Antonio Rocharen ustez, Bolivian bizi den egoera berriak aukera ematen du hizkuntzaren inguruan aurrerapauso sakonak emateko. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
El Estado se confiesa parte beligerante
Jendartea
Un preso aparece ahorcado en la cárcel de Iruñea
Euskal Herria
De Juana pierde más de 14 kilos en 21 días de huelga
Kirolak
Estreno de «proyectos» en un derbi sin polémicas
Kirolak
Hondarribiari ez zaio garaipenak lortzen ahaztu
Euskal Herria
Los responsables de la guerra sucia no cumplen ni el 10% de las penas
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss