GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Jo puntua 2006-08-27
Kirmen Uribe - Idazlea
Julia

Bidaia-agentzian geunden azken orduko pagotsen bat aurkitu guran. Nonbaitera joatea zen asmoa, paraje berriak ezagutzea. Bidaia-agentziako neska ordenagailuan hasi ezetz zen bila. Irratian kanta bat entzuten zen: “Palabras para Julia”. Jose Agustin Goytisolo poetaren hitzak. Kanta zaharra bertsio berrituan. Aurretik beste bertsio batzuk ere entzunak nituen baina hau berri-berria zen. Eta pentsatu nuen kantaren enegarren bertsioa izango zela hura. Zenbat musikarik egin dituen bere Goytisoloren hitzak. Hitz horiek oraindik ere bizirik daudela, Paco Ibañezek lehenengo aldiz musikatu zituenetik.

Oso gaztetandik sartu zitzaizkidan Goytisoloren hitzak barru barrura, etxean sarri jartzen zuten eta Ibañezen disko hura: «Nunca te alejes de la orilla del camino, nunca digas no, no puedo más, aquí me quedo». Zer pentsatua ematen zidan. Baita ondotik zetorren leloak ere: «Pero tú siempre acuérdate lo que un día yo escribí, pensando en ti. Como ahora pienso». Bizitzan aurrera egin behar da egoerarik latzenean ere. Halaxe ulertzen nuen nik. Beti egongo dela lagunduko zaituen norbait bat alboan, beti sortuko dela maitasuna. Behin maitatua izan dena berriz ere izango dela maitatua. Horixe esaten zidaten hitzok. Txarrenean ere aurrera egin behar duela pertsonak.

Gerora jakin nuen aitak alabari esandako hitzak direla horiek, halaxe entzungo nion lagunen bati behintzat, edo irakurri egingo nuen nonbait, ez dakit. Zalantzak ditut orain. Jakingo du bateonbatek kantaren sorreraren xehetasunen berri nik baino hobeto. Niri kantak bere horretan balio dit entzuten dudan aldiro: maitasun adierazpen bat da, gaizki pasatzen ari den bati egindako maitasun adierazpena.

Hala eta guztiz ere, eta gauzak nola diren, Jose Agustin Goytisolo berak ezin izan zion aurre egin tristurari. Espaloian hilik aurkitu zuten gizona. Beraren burua bota zuen leihotik behera. Ordu gutxi barru, arratsaldero bezala, iloba bisitara joan behar zitzaion etxera, merienda elkarrekin egiten zuten eta.

Alabari adorea emateko poema idatzi eta adore bera jasotzen du kanta entzuten duen orok. Bati baino gehiagori lagunduko zion Goytisoloren letrak une zailenetan. Baina berak ezin izan zion heriotzari aurre egin, bera aldendu egin zen bide bazterretik, berak ezetz esan zion bizitzari.

Pentsamendua horretan nuela, bidaia-agentziako neskak Habanara joateko hegaldiak aukeran daudela esan digu.

Habanara? Bagoaz! -


Kirmen Uribe - Idazlea - Artikulo gehiago [..+]
 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
El Estado se confiesa parte beligerante
Jendartea
Un preso aparece ahorcado en la cárcel de Iruñea
Euskal Herria
De Juana pierde más de 14 kilos en 21 días de huelga
Kirolak
Estreno de «proyectos» en un derbi sin polémicas
Kirolak
Hondarribiari ez zaio garaipenak lortzen ahaztu
Euskal Herria
Los responsables de la guerra sucia no cumplen ni el 10% de las penas
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss