GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Mundua 2006-08-27
Javier MINA*
Oaxaca, sutan
Chiapasetik Oaxacari begira jarraitzen dugu. Joan den astean, APPOk eta irakasleen mugimenduak biltzarrean eztabaidagune bat sortzea erabaki zuten. Bertan etorkizunerako estrategiak eta presio neurriak eztabaidatzea zuten helburu. Nolabait esateko, lehenengo adostasun puntuak eta lan egiteko bideak hitzartu zituzten.

Eztabaidagunean 1.500 partaide inguru bildu zirela azaldu zuten mugimendukoek, hots, Oaxaca estatu osotik heldutakoek eta asko jatorrizko herrietako ordezkariek. Hasierako batzar horretan hiru lan-mahai osatu zituzten: lehenengoak konstituzio berri bat eratzeko mekanismoak eta oinarriak finkatzeko helburua dauka (kontuan hartzekoen artean adierazi zituzten: oinarrizko giza eskubideak, erabakiak hartzeko bidea herri-galdeketa izatea, jatorrizko herriek erabakitzeko eskumena edukitzea, demokrazia, justizia?); bigarren mahaiaren egitekoa programa politiko bat osatzea da (APPO indartzeko, APPO bera izendatzea behin-behineko botere judizial eta administratibo konstituzio berria sortzeko, behekoen partaidetzaren demokrazia gauzatzea; etnien eta herritarren arteko harremana beharrezko dakusate trantsizioko gobernua eratzeko?) eta hirugarren mahaia aniztasun kultural eta etnikoari begirakoa da eta bertako proposamenak, besteak beste, hauexek dira: bazterketarik ez; San Andreseko akordioen betetzea eta errespetua, jatorrizko herrien eskubideen bermea, emakumeen giza eskubideen babesa; jabetzaren banaketa justu eta berria eta natur baliabideen babes konstituzionala lurra lantzen dutenena al da? Lehenengo pausoak baino ez dira, akordio edota hitzarmen zehatzik ez dute hartu oraindik; alabaina, hasierako proposamen hauen berri gehiago eta zuzenago jaso gura duenak helbide honetara jo dezake: www.oaxacalibre.org.

Bestalde, enpresariek, haien interesak gero eta arrisku handiagoan daudela ohartuta (irakasle eta herri mugimenduak banketxeak eta zerbitzuen sektoreko hainbat gune hartuta dauzkate, Zocaloa dagoeneko itxita dago), Oaxaca estatuko gobernuarekin eztabaida-mahaia osatzea erabaki zuten. Bitartekariek hurrengo proposamena mahaigaineratu zuten: Ulises Ruiz (PRI) kargutik kentzea eta PRIko beste hautagai bat izendatzea haren ordez. APPOk ez zuen onartu, Ulises Ruiz kargutik kenduz gero, hauteskundeetara deitu beharko litzatekeela argudiatuz. Alabaina, bozetara deituko balute PRD garaile izateko aukera asko daude eta beraz mahaiaren beste aldeak ez du hori onetsi.

Oaxacako sukaldea gori-gori zegoen heinean, ikasturteak hasi behar zuen egunean bertan (abuztuak 20-21), goizaldean, zibilez jantzitako ustezko poliziakideak eta «porroak» APPOren eta emakume taldearen gidaritzapean hartuta zegoen Canal 9 telebistan eta irratian sartu ziren bortxaz, tiroka, bertakoak irtenarazteko eta instalazioak utzarazteko. Esan legez, Canal 9 telebista katea eta irratia APPOk eta irakasleen mugimenduak abuztu hasieran hartutako komunikabideak dira, lehenago Cortv (Corporacion Oaxacaqueña de Radio y Television) estatuko katearen instalazioak, hain zuzen. Herri mugimenduaren komunikabidearen kontrako erasoa salatzeko bortizkeriaz egindakoa izan da: tiroka sartu ziren, 300 bala jaurti eta zenbatu ahal izan dituztela diote egunkariek, 30 minutuko tiroketa izan zela. Ondorioz, larri zauritutako pertsona bat eta zauri arinak dauzkaten asko daude.

Tiroak eta hildako bat

Tiroketek han-hemenka jarraitu zuten eta APPOkoek erantzuteko erabakia hartu zuten: Oaxacako irrati kate guztiak bere egin zituzten eta eguerdirako mugimendukoak airean zeuden berriro, oaxacatarren ahotsa berriro ere uhinetan zabaltzeko. Hala ere, okupatu berri zituzten irrati kate batzuei berriz ere eraso zieten.

Horregatik, mugimendukoek hartutako irratietarako bideak babesteko asmoz kaleak itxi zituzten autobusak gurutzatuz, Oaxaca eta Mexiko hiria lotzen duen errepidea eta beste batzuk itxi zituzten, autobus geltoki nagusiak ere hartu zituzten. Ondorioz, Oaxaca herria ia guztiz blokeaturik gelditu zen. Ostera, bere urruntasunetik, Ulises Ruizek bere Administrazioaren esku-sartzea ezeztatu du egunkariek jakinarazi dutenez. Horren ondotik, APPOren irrati kateak berreskuratzeko ahalegina eta ekimena Oaxacako Gobernuak bakarka harturiko erabakia izan dela adierazi dute Foxen Gobernutik. Aitzitik, APPOtik hurrengo mezu argia bidali die Vicente Fox presidenteari, gobernazioko idazkariari eta kongresuari: «Gatazka konpontzeko borondate politikoa izan dezatela; bestela, gerta litekeenaren erantzukizuna ere izango delako».

Azkenik, irrati okupatuei berriro ere egin diete eraso. Horietako batean izandako tiroketan gizon bat akabatu dute erasotzaileek. Gatazkak okerrera egin du egunek aurrera egin ahala, eta amaiera gero eta ilunago dakusate askok. -

(*) Javier Mina Askapeneko brigadista da


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
El Estado se confiesa parte beligerante
Jendartea
Un preso aparece ahorcado en la cárcel de Iruñea
Euskal Herria
De Juana pierde más de 14 kilos en 21 días de huelga
Kirolak
Estreno de «proyectos» en un derbi sin polémicas
Kirolak
Hondarribiari ez zaio garaipenak lortzen ahaztu
Euskal Herria
Los responsables de la guerra sucia no cumplen ni el 10% de las penas
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss