GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-08-27
Lesakan barrena ikuspegi paregabeez eta historiaz gozatuz
Hogeita sei mendez burdingintzan bizi izan den herria ezagutzeko proposamena da hau. Ibilbide bat burdinolak ikusteko da; bertze biak, historiaurreko aztarnak bisitatzeko. Hauek prestatzeko, historian oinarrituz, bideak garbitzetik argibide-taulak jartzerainoko lana egin dute udaberri honetan.

Agiñako lepotik abiatzen da ibilbidea, errepide ondoan goraka hasten den pista zabaletik. Bertan, gune honetan aurki daitezkeen historiaurreko aztarnei buruzko argibide-taula eta trikuharri bat daude. Aurrera jarraituta, Aita Donostiaren omenezko aldarea eta Oteizaren eskultura biltzen dituen zelaigunea dago, bidearen gainaldean. Pistak beheraka segitzen du Ikatzulo deitzen dioten bidegurutzeraino. Iturri bat eta atseden lekua daude. Mahaia dagoen eremuan beheranzko bidea hartu behar da, Zala auzoko baserrietara iritsiz. Behin horiek pasata, bidea errekarekin elkartzen da. Olazar deituriko puntu horretan, burdinola bat zegoen, Goizuetakoarekin batean Nafarroako zaharrena izan daitekeena. Errekaren ondotik segitzen du bideak pistara iritsi arte. Biurrana auzoa da hau, eta ezkerretara hartu behar da. Hemendik aitzinera ibilbidea laua edo zelaia izanen da.

Antzinako burdinolak

Pistan sartu eta berehala etxe handi bat ikusten da, Lesakan izandako burdinoletan hobekien mantentzen dena. Etxeko paretaren kontra doan ur bidea eta errekaren gaineko arkuak mantentzen dira. Aurrera jarraituz, Txakaingo iturrira iristen da, eta ondoan atseden lekua du. Pista segituz, errepi- dera doan zubia zeharkatu eta eskuinetara jo behar da herrira iristeko. Lehen etxeak pasata, altzairu lantegia ikusten da.

Herrigunean, Zabaleta dorrea eta Zubigainekoa dantzatzen den ingurua ikus daitezke. Antoiu kalean, izen bereko ostatua burdinola zen, eta espiak, ur bidea eta anteparak mantentzen dira. Kale berean dago Lanz aroztegia, burdina lantzen duen eskulangilearen lantegia. Behin herria gurutzatuta, osasun etxearen eskuinaldetik doan bidea hartu behar da, landa eta baratzeak zeharkatuz, industrialdera iritsi arte. Bekarrota izenez ezagutzen da inguru hori. Antzina burdinola bat zegoen, gaur egun etxebizitza bat dena. Hemen errepidera ateratzen da ibilbidea, baseliza pasata dagoen pistaraino. Lesakako Zubira doa pista, eta inguru honetan ere burdinola izandako eraikin bat dago. Errepidearen eskuinetara hotela eta beste aldera kamioientzako aparkalekua daude. Azken hori gurutzatuz, lehenago trenbidea zen pista hartu behar da. Bidasoa ibaiaren ondotik doa eta ezkerraldean baserria ikusi arte, bertatik jarraitu behar da. Baserri horren ezkerraldeko bidea hartuz, gorantz segitzen du ibilbideak. Eskuinaldera doan lehenengo bidea hartu behar da, Baldrun izeneko gunera iritsi arte. Bidegurutzean, ezkerretara jo behar da, eta gora jarraitu. Bidearen ezkerraldean dagoen ur biltegira iristean, haren ondoan historiaurreko aztarnak bisita daitezke: tumulu bat dago. Inguru hori Alasta izenez ezagutzen da. Hurrengo bidegurutzean, Agiñara iristeko bide luzeena baina aldapa gutxien duena hartu behar da, eskuinera doana, hain zuzen. Illasmendi iparraldetik inguratuz, Gardeleko bagoetara iristen da. Atseden lekua, iturria eta taula panoramiko bat daude bertan, baita historiaurreko aztarnak ere. Bertan atseden hartuta, zementuzko pista gurutzatu eta belarrean gora doan bidea hartu behar da, ehiztarien txabola alde batera utzi eta ehiza gunera iritsi arte. Gorantz segitu eta basoa zeharkatuta, zelaigune ireki batera heltzen da, Agiñako lepora. Goialdean, kaskoa ikusten da eta parean Aiako Harria. Hogeiren bat harrespil edo baratze daude bertan. Zelaigunea zeharkatuz errepidera jaitsita amaitzen da ibilaldia. Gogorik izanez gero, Agiña kaskora igo daiteke. Bertan, harresi baten aztarnak atzeman daitezke. Oraingoz ez da ikerketa sakonik egin, baina zenbait adituren ustez, Burdin Aroko herrixka batenak izan daitezke. Gerra zibileko bunker bat ere badago. Halere, ikusgarriena ikuspegia da, taula panoramiko baten bidez azalduta dagoena: Pirinioak eta itsasoa ikusten dira zerumugan, eta hurbilago, Larrun, Harritxuri edo Atxuria, Mendaur, Bianditz, Ekaitza... eta berez txundigarriak izanda hurbiletik zirraragarriak diren Kopakarri eta Aiako Harria.

Historiaurreko estazioak

Aurreko ibilbidean aipaturiko Ikatzulotik, bertze ibilbide bat egin daiteke, Agiña eta Bianditz historiaurre gunea bisitatzeko aproposa. Iturritik abiatuz, zuzen gorantz doan pista hartu behar da Pagolleta gainera iritsi arte. Bertako ehiztari txabolatik hurbil, trikuharri bat dago. Eskuinerantz, mendi lepoa segituz eta kasko ezberdinak pasata, Burnaiziko txabolara iristen da. Goialdean dagoen Bianditz kaskora igota, mendi horren lepoa segituz zelai batera iris daiteke. Bide guztian zehar daude harrespilak, baina bertakoak dira nabarmenenak. Beherantz jarraitzen du bideak, Errenga mendi aldera, baina eskuinetara hartu behar da Domiko urtegira jaisteko. Hori inguratzen duen pista segituz, Ikatzulora itzultzen da.

LESAKA



Hogeita sei mende burdina lantzen
Lesakak historian zehar izan duen garrantzia neurri handi batean burdingintzari zor dio. K.a. 600. urteko indoeuroparren azken etorrerarekin batera hasi ziren gai hori lantzen, eta gaur egungo altzairu lantegira arte luzatu da jarduera hori. Horretan hainbertze iraun duen Nafarroako herri bakarra da Lesaka.

XIII-XIX. mendeetan izan zuen garai oparoena, eta hamabi burdinola omen zeuden martxan. Haien inguruan lanpostu anitz sortu ziren, eta erran daiteke egungo altzairuaren industria lantegiak ere garrantzi hori mantentzen duela. Lehenagoko burdinola haiek erorita daude edo etxebizitzak dira gaur egun. Arotzak izan dira jarduera horren azken eskulangileak. Herriko etxeetako kisketak eta tresnak bertako burdinarekin eginak dira.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
El Estado se confiesa parte beligerante
Jendartea
Un preso aparece ahorcado en la cárcel de Iruñea
Euskal Herria
De Juana pierde más de 14 kilos en 21 días de huelga
Kirolak
Estreno de «proyectos» en un derbi sin polémicas
Kirolak
Hondarribiari ez zaio garaipenak lortzen ahaztu
Euskal Herria
Los responsables de la guerra sucia no cumplen ni el 10% de las penas
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss