GASTEIZ
Joan den asteartean Amurrioko Tubacex enpresan 17 langile zauritu zituen lan istripua dela-eta enpresako batzordea zuzendaritzaren kontrako salaketa jartzea aztertzen ari da. Hori adierazi zuten atzo ELA, LAB, STAT, UGT eta CCOO sindikatuek deituta egindako ordubeteko lanuztean. «Istripu gutxiagorentzako, prebentzio erangikor gehiago» lelopean elkarretaratzea egin zuten 12.00etatik 13.00etara, Amurrioko lantoki parean, «instalazioak behar bezala ez zeudela» salatzeko.
LABeko Tubacex-eko enpresa batzordeko ordezkari Ińaki Gallegok argitu zuenez, istripuan zauritu ziren langileetatik bakarrak jarraitzen du ospitalean egun.
Istripua larria izan zela nabarmendu zuen batzordeko kideak, eta hori zuzendaritzaren «arduragabekeriari» egotzi zion. Era berean, Tubacex-eko ekoizpen erritmoak «jasangaitzak» eta «prebentziorik gabeak» direla esan zuen.
Gallegok argitu zuenez, istripua gertatu baino lehen, altzairutegian ura zegoela salatu zuten, eta berez lehorra egon behar du horrek. Baina hori konpontzeko eta ondoren gertatu zena ekiditeko zuzendaritzak ez zuela inongo neurririk hartu salatu zuen.
Arduragabekeria
Bestetik, ELAk ere horixe salatu zuen adierazpen baten bidez, eta «enpresaren arduragabekeria erruduna» dela adierazi zuen. «Enpresak lehenagotik ezagutzen zuen galdaketa koilararen azpian putzua egiten zuen hozte-sistemako ihesaldia», azaldu zuen. Sindikatuak argitutakoaren arabera, enpresak ezagutzen zuen baina konpondu ez zuen matxura horrek eta koilararen loturak ezustean huts egiteak istripua eragin zuten. Era berean, zuzendaritzak ezartzen dituen ekoizpen erritmo «handiak» ere salatu zituen ELAk. Osalani istripuaren eta horren zergatien gaineko ikerketa sakona egiteko eskatu zion azkenik.
Alde horretatik, LABeko Gallegok elkarretaratzean eskatu zuen etorkizunean altzairutegietan galdaketekin eta hezetasunekin ardura handiagoa izateko. «Une honetan hildakoez hitz egiten egon ahal ginen, eta ez batetaz edo bitaz, baizik eta tragedia handi batetaz, eta zortearekin konformatu behar izan dugu», esan zuen.
LABeko arduradunak azaldu zuen istripua eragin zuen eta gero ur ihesaldia zuen hodia eta funtzionatzen ez zuten huste-bideak konpondu dituztela. Gallegok, hala ere, konponketa hori abuztuan egin behar zutela salatu zuen.
Istripua gertatu eta gero zuzendaritzak emandako azalpenakez direla nahikoak esan zuen. Gainera, arduradunak salatu zuen gaurko lanuztea bezalakoak eginez gero «ondorioak kontuan hartzeko» mehatxatu duela zuzendaritzak batzordea. ELAk ere gaitzetsi zuen hori.
Atzoko lanuztea, hala ere, ez zen izan sindikatuek antolatutako mobilizazio bakarra. Izan ere, Beasainen asteartean izandako lan heriotza salatzeko ELA, LAB, ESK eta STEE-EILASek elkarretaratzea egin zuten herriko udaletxe parean. Jatorri errumaniarreko langile bat mozten ari zen zuhaitza gainean erorita hil zen. Sindikatuek era horretako istripuak baso-sektorean askotan gertatzen direla argitu zuten, eta horregatik horiek ekiditeko neurriak hartzeko eskakizuna egin zuten. Modu horretan, lan heriotzen «mugagabeko katea» salatu zuten; hain zuzen, «abuztua egiazko hilabete dramatiko bihurtu dutenak».
Bestetik, CCOO sindikatuak Beasaingo toki berean egin zuen elkarretaratzea heriotza hori salatzeko.