Hamabosgarren urtemuga, Juan Mª!
Badirudi atzo izan zela egun madarikatu hartako festa; bai, festa diot; festa bere ondorio eta ospakizunekin, bai horixe, batzuentzat horrela izan baitzen. Guk, berriz, Juan Mari, ezin dugu gauza bera esan, guretzat egun beltz-mingarri bihurtu zen. Inoiz ahaztuko ez dugun egun hotz eta trixte batean, eta nahiz iruditu atzoko gertaera dela, zer... horrelaxe sentitzen dugu, atzo izan bazen bezala. Hamabost urte luze pasa dira, zu irudikatzen, zu oroitzen, zu maitatzen eta zure irria, zure berotasuna, zure besarkadarik gabe bizitzen ikasten... Gogorra da gero norbaitek horrela erabaki zuelako... Orain, bake prozesu honetan sinistu nahi genuke, herri honetan sinisten dugulako, maite dugulako eta jakin badakigulako ze beharra daukan herri honek eta bertako herritarrok bake prozesu hau aurrera ateratzeko. Ea oraingo honetan koldar hauek eta sozio espainolak hasten diren pausoak ematen eta oztopoak baztertzen: Bada garaia! Herri honek nahikoa sufritu du dagoeneko. Horregatik, gure barru-barruko desioa eta nahia, inork ez ditzala bizi beharrik izan guk bizi izan ditugun une latzak! Juan Mª, maite haugu!
Goretti Ormazabal - Tturko-ren familiaren izenean
Pribatizazioen aurka
Iruñeko Udalaren azkeneko pribatizazioak (zeharkako kudeaketarako enpresen kontratazioak) salatu nahi ditugu.
1) Kulturako Alorreko erakusketa aretoetako muntaketa, mantentze lan, harrera eta zainketa, didaktika eta komunikaziorako laguntza teknikoa (2006.go otsailaren 6an Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zuen lehiaketa).
2) Gizarte Zerbitzuek abiatutako programetan gizarteratze eta lanera bideratze prozesuetan dauden pertsonen prestakuntza-programaren garapena (2006.go martxoaren 22an NAOn argita- ratu zuen lehiaketa).
3) Hiru komun publikoren kudeaketa (2006.go apirilaren 19an NAOn argitaratuta).
4) Premiamendu bidezko zorrak kobratzeko kudeaketa (2006.go abuztuaren 9an NAOn argi- taratu zuen lehiaketa).
Zeharkako kudeaketa hauek ez dira berriak, pribatizazioak berritzea baizik. Dena den, salatu nahi ditugu, kudeaketa zuzenaren bidez zerbitzu horiek egiten ez diren bitartean, lan horiek burutzen dituzten langileen lan baldintzak Iruñeko Udaleko langile finkoenak baino okerragoak izanen direlako.
Era berean, gogoratu nahi dugu Udal Haur Eskoletan mantenimenduko 12 lanpostu pribatizatzeagatik, ekainean ikastetxe eta polikiroldegietan 12 langile finko birkokatuak izan zirela. Horren ondorioz, behin-behineko 12 langilek galdu dute lana eta beren lanpostuak ez dira Lan Eskaintza Publikoan aterako.
Azkeneko hilabeteetan 24 lanpostu amortizatu ditu Iruñeko Udalak, pribatizazioak aurrera eramateko (5 Obretako Zerbitzuan, 7 Gizarte eta Kultur Etxeetan eta 12 Udal Haur Eskoletan).
Gero eta lan baldintza eskasagoak ezartzea: Hori da UPNk eta CDNk Iruñeko Udalean daramaten politika. Hori da aurre egiteko LABen erronketako bat.
Fco. Javier Castro - Iruñeko Udaleko LABen izenean
|