Uda honetan aisialdia Euskal Herriko txokoak hobeto ezagu- tzen igaro nahi duenak badu horretarako aukera Nafarroa inguruan. Urdiaingo hariztia eta Sarabe bailara biltzen dituen ibilaldia izan daiteke, hain zuzen, horretarako aukeretako bat. Urdiain Nafarroak Gipuzkoarekin egiten duen mugan dago; Altsasu eta Iturmendi gertu ditu. Handik abiatu eta igerilekuetarainoko paseotxoak ez du inongo zailtasunik ematen, eta, beraz, mugitzeko arazoak dituen edonork ere egin dezake haraino iristen den bidea; askok laguntzarekin ere jarraitu ahal izango lukete Sarabeko bailaran barrena. Behin bailararen amaierara iritsita, beste bide batetik ere itzul gaitezke, baina haren egoera kaskarra dela-eta, joandako bide beretik itzultzea gomendatzen da; udan bertan ibiltzea nahiko erraza den arren, euria eta eguraldia lagun ez direnean, zailtasunak eman baititzake. Beraz, joan eta etorri bide beretik egitea da onena.
Gure ibilaldiaren abiapuntura hurbiltzeko Urdiaingo irteera hartuko dugu lehenik eta behin. Iruñetik etorriko bagina, eskuinerantz jo beharko genuke, baina, aitzitik, Altsasutik bagatoz, ezkerrerantz egin eta autobia azpitik igaro beharko dugu. Betiere, Urdiaindik urrundu beharko dugu, trenbidea zeharkatu eta igerilekuetara eramango gaituen errepidea jarraitu. Hala ere, igerileku horietara iritsi baino lehen geratuko gara, Urdiaingo hariztian barrena eramango gaituen ibilaldiaz hasiera-hasieratik gozatzeko.
Zuhaitzen artetik aurrera
Ibilaldia Urdiain inguruko edozein puntutan has dezakegun arren, gu igerilekuetara iritsi baino 1,7 kilometro inguru lehenagotik abiatuko gara.
Oinpean dugun lurrazala laua da, eta zelaiari darion garbitasunak hiri bateko parke garbitu berriren batetik goazela iradokitzen du. Errepidea gero eta zuzenagoa egingo da zuhaiztian murgiltzen garen neurrian. Bertan ehun bat urte daramatzaten zuhaitzak gazteagoak direnekin tartekatzen dira, bertoko haritzak amerikarrekin nahasten diren bezalaxe.
Iparralderantz egingo dugu aurrera. Bidean zubi bat igaroko dugu ubidea zeharkatzeko eta hamar bat minutura ezkerrerantz egiten duen bidea topatuko dugu; hori hartuz gero, Altsasuko San Pedro ermitara iritsiko ginateke, baina gure ibilbidea jarraituz, aurrerantz egingo dugu. Oinez goazen heinean, zuhaitz gutxiago daudela konturatuko gara, eta, beraz, argi gehiago izango dugu. Handik gutxira, bidea beste hainbatetan adarkatuko zaigu, baina guk aurrera jarraitu eta beste zubi bat zeharkatuko dugu. Ubidea ezkerraldean dugula, igoera leun baina jarraia izango dugu. Metro batzuk aurrera egin ondoren, ubidea berriro zeharkatu eta Sarabeko bailaran sartuko gara zeharka, Leionetako haitzetatik barrena.
Igerilekuetarainoko bidea hartu eta zuzen jarraituko dugu, bailararen iparralderantz. Bidea igerilekuetatik harago igarotzen da eta Urrestiko eta Sarabeko haitzen artetik pasatuko gara; azkenean, haitz arteko bide estuan aurkituko gara. Bideak burdinazko ate bat zeharkatzen du. Ateak eskailera txiki bat du ondoan, oinezkoei aurrera jarraitzea ahalbidetzen diena, baina, era berean, autoei igarobidea ixten diena. Inguruan izango dugun zuhaiztia ordura arte ikusi ahal izan duguna baino askoz ere anitzagoa izango da: haritzaz gain, pagoa, gaztainondoa, haltza, urkia eta lizarra aurkituko ditugu, baita astigarra ere. Sarabeko bailaran murgiltzeko bidea hartuko dugu ondoren, eta, horretarako, Leionetako haitzean sartu aurretik zeharkatutako bidegurutzeraino egingo dugu atzera.
Bidegurutzean ezkerretara egingo dugu eta ubidea beste behin zeharkatu ostean, gorantz jarraituko dugu. Handik pixka batera ezkerretara egiten duen bihurgune batera iritsiko gara; handik aldapan gora eginez gero, Sarabe baserrira eta Aitziber ermitara iritsiko gara, baina gu eskuinaldetik joango gara, eta bailarara zuzendu. Zenbait zelai ikusiko ditugu bidean, eta metro batzuk aurrera egin ostean, metalezko ate bat zeharkatuko dugu bidean aurrera egiteko.
Begien aurrean paisaia ederra izango dugu: goiko aldean, Sarabeko haitzaren gailurrak ditugu, behealdean zuhaiztia, eta bazter batean Aitziber ermitak du leku. Metro batzuk ezkerrerago Sarabe baserria izango dugu.
Bailara hainbat eremutan dago egituratuta, eta bidean hesiak ohikoak izango dira. Ezkerrerantz birritan egin ondoren, belaze zabalak izango ditugu bidearen bi aldeetan. Zuzen jarraitu eta aldapan gora egingo dugu. Bidearen ezkerraldean izei ugari izango ditugu, eta bidea iluna egingo zaigu landarediaren ugaritasuna dela-eta. Jarraitu eta handik hiru bat minutura iritsiko gara gure helmugara.
Itzulera
Abiapuntura itzultzeko beste bide bat dagoen arren, etorritako bide beretik itzultzea gomendatzen da. Bideak oraindik ere badirau, baina egoera kaskarra dela-eta, hobe da ez erabiltzea, batez ere eguraldiak laguntzen ez badu.
Lehen ibiltzen zen bide hori begien aurrean dugun belazearen hegoaldean jaio da, eta baso batekin lotzen du zelaia. Nahi izanez gero, basoan sar gaitezke, baina ez da ezinbestekoa, basoa eskuineko zelaitik barrena zeharka baitaiteke bertan murgildu gabe. Batetik zein bestetik joan, ubide baten sorburua aurkitu behar dugu, hegoalderantz.
Ubidea bat-batean jaiotzen da, basoaren mugatik gertu. Haren eskuinetik igaro eta ibilbideari hasiera ematen dion langa izango dugu aurrean. Handik aurrera, bidea egoera negargarrian dago, zulo, lokatz eta putzuz beteta. Ibilbidearen abiapuntura iristeko ubidearen norabidea jarraitu beharko dugu, nahiz eta noizean behin ibilbidea errazagoa egiteko, bidezidorretaz baliatu. Bidean landaredia ugari da, eta, beraz, pazientzia izugarria behar da bidea ixtearekin erasaten duten adarrak baztertzeko.
Azkenean, ubidearen gainetik igarotzen den zubi bat
zeharkatu eta bidea zabalduz joango zaigu, berriro ere abiapuntura iritsi arte.
-