IRUÑEA
Iruñeko 18/98+ lan taldeak mozioa aurkeztu zuen atzo Nafarroako hiriburuko Udaleko Erregistroan, heldu den ostegunekobatzarrean eztabaidatzeko asmoarekin. Ekimen horrek Eusko Alkartasuneko zinegotzi Iñaki Cabasesen eta Javier Ayesaren, Aralarreko Xabier Eskubiren eta Iruñea Berria plataforma abertzaleko ordezkari Gorka Mayoren sostengua izan zuen. 18/98+ lan taldeko eledun Expe Iriartek eta Xabier Barberrek adierazi zutenez, mozioa eztabaidatuko duten egunerako, datorren ostegunerako, elkarretaratzera deitu dute 19.30-ean, Udal Plazan. «Gure helbu- rua gure aldarrikapenaren aldeko babes soziala lortzea eta jendeak mozio honen alde egitea da», adierazi zuten.
Bi iruindar epaituen artean
Mozioan 18/98 prozesuak izan duen ibilbidea jasotzen da, eta inplikatuta dauden 56 pertsonetatik bi (Jose Ramon Aranguren eta Pepe Uruñuela) Iruñean bizi direla nabarmentzen da. Gainera, mozioan eskatzen dute Udalak eskubide zibil eta politikoen aldeko jarrera aktiboa izateko konpromisoa har dezala, eta 18/98 prozesua politikoa dela salatzen dute.
Hala, atzo aurkeztu zuten mozioan 18/98 sumarioa bertan behera uzteko eskatzen dute.
«Epaiketa politiko hauek bake eta normalizaziorako oztopo bilakatzen diren heinean, Udal honek epaiketa hauen kontrako jarrera konponbidearen aldeko jarrera aktibatzea dela ulertzen du, eta, beraz, Udal instituzio hau Audientzia Nazionala den epaitegi berezia desegitearen alde azaltzen da», esaten du mozioak.
«Honen atzetik beste epaiketa batzuk etorriko dira, eta sumario horiek ezaugarri ber- berak izango dituzte», nabarmendu zuten Iriartek eta Barberrek. Gainera, orain arte 18/98 epaiketak auzipetuentzat izan dituen ondorioak nabarmendu zituzten.
Ondorio larriak auzipetuentzat
«Ondorio fisiko, moralak eta ekonomikoak pairatu behar izan dituzte auzipetuek. Epaiketa hau pasa den urteko azaroan hasi zen eta ordutik, astero-astero, pertsona hauek guztiek epaiketako saio guztietara joan behar izan dute Entzutegi Nazionalera, uztaileko erdialdean eten egin zen arte. Baina astelehenetik aurrera berriro bueltatu beharko dute Madrilera», salatu zuen. Nafarroako beste udaletan antzeko mozioak aurkezteko deia egin zuten Iruñeko 18/98+ lan taldeko kideek, eta Nafarroako Parlamentuko Giza Eskubideen Batzordean ere beste idazki bat aurkeztuko dutela jakina- razi zuten.
Aralarreko zinegotzi Xabier Eskubik 18/98+ lan taldearen mozioarekin bat egin zuen, eta epaiketa bertan behera uzteko eta Auzitegi Nazional espainola desegiteko eskatu zuen. «Garai berrietan gaude eta garai bateko jarduerak alde batera utzi behar dira», esan zuen.
EAko IñakiCabasesek ere mozioarekin bat egin zuen, eta justiziaren erabilera politikoa salatu behar dela gaineratu zuen. «Udalak, gisako erakundeek bezala, euren herritarren eskubideak defendatu behar ditu, eta, ondorioz, ez genuke ulertuko, gai hau eztabaidatzeari uko egingo balio», adierazi zuen zinegotziak.
Iruñea Berria plataformako Gorka Mayok ere sostengua adierazi zion mozioari. PSOEren Gobernuari eta Auzitegi Nazionalari gatazka gainditzeko prozesua oztopatzea helburu duten «iruzurrezko epaiketa hauek» bertan behera uzteko eskatu zien gero.