- KAE Liga
Kanporaketen lehen jardunaldia Lekeition
DONOSTIA
Begi guztiak Kontxako Banderan jarrita dauden arren, asteburu honetan eta hurrengoan arraunak badu beste hitzordu garrantzitsu bat: KAEko igoera eta jaitsiera kanporaketa. Lehen multzoko azken bi sailkatuek eta bigarren multzoko bigarren eta hirugarren sailkatu diren ontziek postu bakarra izango dute jokoan datorren urtean Kaikurekin batera bigarren multzoko irabazleak zuzenean lortzen baitu igotzeko txartela lehen mailan aritzeko.
Lehen proba Lekeition jokatuko dute gaur (11.30ean, Isuntzak antolatuta) erlojuaren aurka. Irteten lehena Ciudad de Santander izango da, bigarrena Hondarribia, hirugarrena Ur Kirolak eta laugarrena Urola Kosta. Gaur egindako denborak datorren larunbatean Sestaon egiten dituztenekin batuko dira irabazlea nor den jakiteko.
Kanporaketa horrez gain, ordea, KAEko lehen multzoko beste traineruek estropada bat ere jokatuko dute. Ez da ligarako puntuagarria izango, baina Ikurrina eta diru-saria jokoan egongo dira.
Bi traineru faltako dituztenez txandak beti bezala antolatzeko, estropada berezi horretako lehen bi txandetan hiru ontzik baino ez dute hartuko parte. Hala bada, lehen txandan Camargo, Santurtzi eta Lutxana arituko dira; bigarrenean Zierbena, Pontejos eta Ondarroa; eta hirugarrenean, San Pedro, Isuntza, Getaria eta Trintxerpe.
|