- Sailkatze estropadaren biharamuna
Zarautz eta Zumaia garai gozoak bizitzen ari dira
·Kontxan sartu dira hamabost urtez kanpoan geratu ostean
DONOSTIA
Cabo da Cruzen baimenarekin, Zarautz eta Zumaia dira osteguneko sailkatze estropadaren ostean aho-zapore onenarekin geratu diren bi traineruak. Urola Kostako bi ontziek Kontxan onenekin batera aritzeko aukera izango dute, aspaldiko urteetan arraunaren maila gorenetik nahiko urrun ibili eta gero.
Enbatak, gainera, sailkatze hutsarekin nahikoa ez eta bigarren denbora onena lortu zuen herenegungo estropada iskanbilatsuan Castroren atzetik. «Bi ordu estropada jokatuko den ala ez jakin gabe itxaroten egonda, oso erraza da kontzentrazioa galtzea. Baina entrenatzera garaiz irten ginen, eta proba hasierarako buru-belarri sartuta geunden estropadan», adierazi du Jose Ramon Mendizabal entrenatzaileak bere mutilez oso harro.
1991n sailkatu zen azkenekoz Enbata Donostiako Estropadak jokatzeko, eta urte bat geroago, 1992an, Telmo Deun. Zumaiarrek, ordea, badakite zer den Kontxako Bandera irabaztea, 1984an eta 1987an eskuratu baitzuten trapu preziatua.
Hala ere, Mendizabalek ez du nahi bere taldeak aurten egindako lan bikaina ahaztu. «Guretzat oso garrantzitsua da TKE Ligan jarraitzea, hori ezinbestekoa baita arraunzaletasuna herrian zabaltzen segitzeko», azaldu du.
|