Modako hitza da zinez, arestian. «Elkargoa», «lantaldea», «erakunde multzoa» edo «sorta» bezalako arrunkerien ordez, askoz itxurosoagoa eta, batik bat, modernoagoa da nonbait «cluster» esatea. Ongi etorria bedi, anglizismoa; geroak esango du gurean errotzeko gai den.
Kostako zaio, haatik, inon ongi etorria izatea gerragintzan duen adierarik ezagunenean: cluster bonbak (gazteleraz bombas de racimo eta frantsesez bombes à sous-munitions deituak) gizateriaren etsai gaiztoenetako bihurtzen ari dira, lurpeko mina eta antzekoekin batera. Usu hegazkinetatik, baina baita ere artilleriako obus edo misil moduan jaurtikitzen diren bonbatzarrak dira funtsean, barnean ehunka bonba txiki daramatzatenak, jo puntuan haiek askatu eta hedadura handi batean zabaltzeko, leka bat bailitzan.
Israelek Libanoren aurka egin berri duen erasokoa da cluster bonben erabilpena ulertzeko modu hurbil, argi eta gordinenetakoa. Jan Egeland, NBEren ordezkariak jakinarazi duenez, ehun mila bonbatxo baino gehiago utzi ditu Israelek Libano hegoaldean «ereinda», lehertu gabe. Zozoenak ere igarriko du zenbaterainoko arriskua suposatzen duten beren etxe-aurrietara eta sailetara itzultzen ari diren libanoarrentzat. Zortzi bat hildako, haurrak gehienak, jazo dira dagoeneko, «istripuz».
Asmakuntzaren benetako gaiztakeria zuzen aditzeko, Egelandek erantsi eta inork ukatu ez duen hori aintzakotzat hartu behar baita: cluster bonba horien %90 (350 jaurtiketa baino gehiago guztira) okupazioaren azken hiru egunetan egin zituen Israelek. NBEren 1.701 ebazpena eta haren ondoriozko su-etena gauzatzear zegoenean, alegia. Libano hegoaldea lurralde minatu bezala gera zedin erasotzaileak erretiratzean, noski. Inork ez baitu halakorik egiten berak luzaro egon edo ibili behar duen lekuan: lurpeko minen kasuan ez bezala, cluster bonben kokapenaren mapa zehatzik ezin da egin.
Gerra krimen bat da ausaz, zibilen aurkako eraso deliberatu eta ankerra denez ziurki. Baina ez dira horregatik ere lotsatuko buruzagi sionistak, apustu.
CMC-Cluster Munition Coalition, 151 gizarte erakunderen artean sortutako mundu mailako elkargoa da, cluster bonbak, lurpeko minak bezalaxe, legez kanporatzea helburu duena. Agian, Frantzia eta Espainiako gobernuei ere bazkide egiteko garaia heldu zaie, Libano hegoaldera abiatu behar badute. -