DONOSTIA
Bezperan 400dik gora izan baziren, atzo goizean 1.200eko kopurua ere gainditu zuten. Horiek guztiak dira Iñaki de Juana preso politiko donostiarrak egunkari honetan argitaratu zituen bi iritzi artikuluekin bat egin duten herritarrak.Larunbateko Sagardo Egunean ez ezik, atzo ere aparteko jendetza zebilen Donostian estropadak zirela-eta. Horretaz oharturik, bigarren aldiz sinadurak biltzeko mahai bana jarri zuten goizaldean Portaletasen zein Bulebarrean.
Nolanahi ere, autoinkulpazioak biltzeaz gain, De Juanaren egoera salatzeko bestelako protestarik ere izan zen atzo Donostian. Hala, arratsaldean sei bat solidariok megafonia zein esku-orriak baliatu zituzten preso politikoaren egoeraren berri emateko Alde Zaharrean. Kaleetan zein hainbat tabernatan ibili ziren, «Iñaki kalera» leloarekin eta errepresaliatuaren argazkia zuen pankartarekin.
Bestetik, datorren igandean ere jarriko dituzte autoinkulpazioak batzeko mahaiak, bai Bulebarrean baita Kale Nagusian ere. Ekimena 11.00etan abiatuko dute, 13.30 arte.
Baraualdian hilaren 7tik
Iñaki de Juanak joan den abuztuaren 7an gose-greba mugagabeari ekin zion ezarritako zigorra beteta duela-eta askatasuna aldarrikatzeko. Hala, bada, gaur 29 egun bete ditu jada baraualdian.
Algecirasen asteburu honetan hura bisitatzen egon diren lagunek herenegun GARAri azaldu zioten preso donostiarrak 15 bat kilo galdu dituela protesta honetan. Dena den, indartsu dagoela eta gose-grebari eutsi nahi diola ere adierazi zuten. Aste honetan, baina, ez dute ospitalera eraman probak egitera.Ezarri zioten espetxe zigor osoa 2004ko urrian bete zuen errepresaliatuak. Baina ez zuen askatasuna berreskuratu; ukatu egin zioten erakunde armatuko kide izatea eta «mehatxu terroristak» egin izana leporatuta, bere egunean ustezko delituengatik zigortu zuten arren. Horretarako argudio bakarra 2004ko abenduan GARAn argitaratu zituen bi iritzi artikulu baliatzen ditu Fiskaltzak. Hala 96 urte gehiago izan nahi dute giltzapean.
Egoera hori salatzeko abiatu zuen, bada, protesta, eta presoari elkartasuna helarazteko mobilizazioak egiten ari dira Donostian, atzokoak kasu.
Izan ere, testuinguru horretan bere egin dituzte jada 1.600 lagunek baino gehiagok aipatu bi iritzi artikuluak, autoinkulpazioa adierazten duen dokumentu bat sinatuta.
Bestetik, Etxerat-en ekimenez, atzo errepresaliatu politiko ororen aldeko beste hitzordu bat ere izan zen Donostian. Estropaden ospakizuna ardatz hartuta, urtero deitu ohi den ekimena izan zen.
70 bat herritarrek elkarretaratzea egin zuten 11.00etatik 13.00ak artean Igentea kalean, udaletxearen eta Goikoa Jauregiaren artean.
«Euskal preso eta iheslariak etxera», «Euskal presoak estatus politikoa orain» zein «SOS. Iñaki de Juana gose greban. Salbuespen neurriei stop!» leloak zeramatzaten pankartak erakutsi zituzten elkartasun hitzordura bertaratutakoek.