GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-09-04
Mundua, gizentasun pandemia baten atarian
Atzo hasi ziren Sidneyn gizentasunaren gaineko munduko jardunaldiak. Bertan eritasun hori mundu osoari erasango dion pandemia bihurtzeko zorian dagoela iragarri zuten. Bizi itxaropena laburtzeaz gain, hainbat gaixotasun kroniko jasateko aukera ere asko handitzen du gizentasunak, tartean baita zenbait minbizi mota ere.

SIDNEY

Sidneyn egiten ari diren gizentasunaren gaineko munduko jardunaldietan adierazi zutenez, herrialde askotako osasun zerbitzuak buxatuko dituen gizentasun pandemia bat jasateko zorian dago mundua. Izan ere, gehiegizko pisuak diabetea eta gutxiegitasun kardiakoa ekar baititzake, besteren artean, bizi esperantza laburtzeaz gain.

«Gizentasunak mundu osoan du eragina», ziurtatu zuen 2.500 aditu eta ordezkari bildu dituzten jardunaldien zuzendari Paul Zimmetek. Diabetean aditua den australiar horren arabera, gizentasuna lurra berotzea eta hegazti gripea bezain «mehatxu larria» da.

Beste aditu batzuek adierazi zutenez, gizentasunaren ondorioz sortzen diren osasun arazoek eragindako gastua zenbaezina da, eta Australian, Erresuma Batuan eta Ameriketako Estatu Batuetan, esaterako, urtero milaka milioi dolar xahutzen dituzte horretan. «Ez gaude arazo zientifiko edo osasun arloko baten aurrean, munduko osasun zerbitzu guztiak gaindituko dituen arazo ekonomiko baten aurrean baizik», iragarri zuen gizentasun arazoei aurre egiteko munduko erakunde bateko lehendakari Philip Jamesek.

Arazorik larrienen artean haurren gizentasun tasaren igoera nabarmendu zuten adituek, hazi ahala gaixotasun kronikoak jasateko aukera handiagoa eta bizi itxaropena laburtzea ekarri ahal baitiezaieke, jardunaldietan bildutakoen esanetan.

Belaunaldi honetako haurrak, gizentasunarekin lotura duten osasun arazoak direla-eta, euren gurasoak baino lehenago masiboki hiltzen diren lehenengoak izan litezke Sidneyko Royal Prince Alfred ospitaleko haur osasun arloko aditu Kate Steinbecken esanetan.

Munduko Osasun Erakundeak darabiltzan datuen arabera, mila milioi pertsona helduk baino gehiagok dute gehiegizko pisua mundu osoan, eta gizentasunak, berriz, 300 milioiri erasaten die. Hori dela-eta, horiek guztiek gainerako pertsonak baino aukera handiagoa dute diabetea, bihotzeko arazoak, hipertentsio arteriala, garuneko infartua eta zenbait minbizi mota jasateko. Gainera, Zimmetek adierazi zuenez, gizentasuna jasaten duten pertsonen kopuruak desnutrizioak jota daudenena ere ­mundu osoan seiehun bat milioi omen dira­ gainditu du dagoeneko.

Azkar ikasten diren ohiturak

Beti zuzendu ohi dugu gure begirada herrialderik aberatsenetara elikagaien gehiegizko kontsumoaz eta ariketa fisikoaren eskasiaz dihardugunean, eta datuek ere horixe diote; herrialde horiek direla aipatutako gertaeren tasarik handiena dutenak. Baina, halere, arazoa ez da horretara mugatu behar, Sidneyko jardunaldietan jakitera eman zutenez, Latinoamerikako, Asiako eta Afrikako herrialde garatuetan bizi direnek oso azkar ikasten baitituzte halako ohitura txarrak.

Hurrengo egunetan 400 aditu inguruk hartuko dute parte jardunaldietan, eta gizentasunarekin erlazionaturiko hainbat gai landuko dituzte.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Obstáculos que siguen en el camino
Jendartea
El síndrome posvacacional, ¿patología real o adecuación a la marcha diaria?
Euskal Herria
Cadena perpetua: norma escrita en Europa pero realidad tangible sólo en el caso de los vascos
Euskal Herria
Koktelak Arabako Ordezkaritza espainolaren aurka
Kirolak
Un aspirante sin programa a domicilio
Kirolak
Castro lidera la exhibición cántabra
Mundua
El presidente de Irán traslada a Kofi Annan su disposición al diálogo
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss