DONOSTIA
Arraunlariek beren interesak defendatuko dituen eta beren arteko harremanak bultzatuko dituen elkarte bat sortuko dute. Agiri baten bitartez jakinarazi zuten egungo egoerarekin «nazkatuta» daudela, eta aurreko ostegunean gertatutakoa «lotsagarria» iruditzen zaiela.Goizeko 10.30ean jarria zuten arraunlariek hitzordua, Donostiako portuan, azken egunetan Kontxako Bandera dela eta ez dela egon diren arazo guztiak salatu eta horren aurrean beren jarrera azaltzeko. Sekulako ikusmina sortu zuen deialdiak, eta hainbat kazetari, argazkilari zein kameralari bildu zen portuko aldapan.
Arraun egiteari uko egingo ziotela aipatu izan den arren, azkenean arraunlariek nahiago izan zuten komunikatu baten bidez agintariek azken egunetan arazoak konpontzeko erakutsi duten gaitasun eza salatu uretara lehiatzera irten aurretik.
Prentsaurrean arraunlariak bildu eta egoki kokatzen Jose Luis Korta aritu zen; komunikatua irakurri zutenak, berriz, Pedreñako Francisco Blanco kantabriarra eta Zarauzko Aitor Telleria izan ziren. Aurrenak erdaraz irakurri zuen idatzia, eta, bigarrenak, euskaraz.
Arraunlarien idatzia
Hemen bildu garen elkarte ezberdinetako arraunlariok Kontxako Banderaren inguruan gertatzen ari den guztiari buruz gure iritzia azaldu nahi dugu.
Osteguneko sailkapen estropadan gertatu zena lotsagarria izan zen eta gogor salatu nahi dugu. Agintari eta antolatzaileek arraunlari eta zaleenganako errespetu falta ikaragarria erakutsi zuten, beren interesak eta borrokak arraunlari, zaletu eta estropadaren gainetik ipini zituztelako. Nazkatuta gaude, urtea joan eta urtea etorri, estropadaz estropada, Donostiako Estropadaren antolatzaileak, federazioak, politikoak, eta, oro har, agintariak ez daudelako egon behar luketen mailan eta arazoak konpontzeko gai ez direlako.
Hori dela-eta, erantzukizunak eskatzen ditugu. Urte gehiegi daramatzagu ikuskizun lotsagarriak ikusten, horiengatik inork ordaindu gabe.
Neurriak hartzeko garaia dela iruditzen zaigu. Gaur, beti bezala, arraun egitea erabaki dugu, zaletuek merezi duten errespetuagatik eta gure urte osoko errespetuagatik. Normaltasuna nagusi izatea nahi dugu.
Hau arraunlarien elkarte bat osatzeko lehen pausua da. Inor baztertu gabe, arraunlari guztiek lekua izango duten elkarte bat osatzeko lehen urratsa. Arraunlariok harremanak dauzkagu eta izaten jarraituko ditugu.
Kirolari garen neurrian arraunarekin zerikusirik ez duen edozein istilu edo interesen gainetik, gaurko egunean kiroltasuna nagusitzea espero dugu.
Eskerrik Asko. -
2006ko irailaren 4an