- Top 14
Lautik laugarren porrota patrikaratu du Avironek
AVIRON 9 PERPINYA 20 Aviron: Fromont, Inigo (Thiéry, 41), Aussel (kap.)
(Hegarty, 64), Audrin, Berberian, Fraser, Rouet, Bernad, Baget, Deen (Gratchev,
41), Rudzki, Tewhata, Tomuli, Héguy (Laurent, 46), Coetzee (Garcia, 46).
Perpinya: J. Laharrague, Meyer, Marty, Grandclaude, Martin-Aramburu, N.
Laharrague (Edmonds, 71), Durand (Dupuy, 66), Goutta (kap.) (Tonita, 63),
Alvarez-Kairelis (Vaki, 75), Le Corvec, Hines, Olibeau (Gaston, 63), Bozzi
(Chobet, 63), Tincu (Guirado, 63), Freshwater. Epailea: Rosich. Aldi baterako
kaleratuak: Baiona: Tewhata (36, falta teknikoa), Rudzki (47, falta teknikoa.
Perpinya: Alvarez-Kairelis (11, bortizkeria), Hines (78, falta teknikoa).
Puntuak: Aviron: 3 zigor kolpe Fraser (11, 14, 50). Perpinya: 2 entsegu Tincu
(34), N. Laharrague (62), 2 transformaketa N. Laharrague, zigor kolpe bat N.
Laharrague (40), drop bat J. Laharrague (39). Gorabeherak: 9.000 ikusle inguru
hurbildu ziren Biarritzeko Aguilera estadioan Baionatik.
BIARRITZ
Avironek ezinean jarraitzen du eta Perpinyak espero zen laugarren porrota jasoarazi zion Baionako taldeari. Lapurtarra da partidarik irabazi ez duen bakarra. Gainera, Brive eta Castresek, oraingoz urrenen daudenak, irabazi egin zuten. Badirudi Aguilerak ez diola mesede egiten Avironi. Hiru aldiz jokatu dute Biarritzen jada denboraldi honetan eta hiru porrot jaso dituzte. Atzokoan, Xavier Pemejaren gizonek ondo ekin zioten neurketari eta Fraser-ek gauzatutako bi zigor kolpek abantaila eman zieten (6-0, ordulaurdenerako). Gogotsu baina mugekin, baionarrak indarra galtzen joan ziren eta USAPekoek Tincu errumaniarraren entseguari esker aurrea hartu zuten (34. minutua). Julien Laharraguek drop bat gehitu zuen (39), eta bere anaia Nicolasek zigor kolpea sartu zuen aldageletara joan aurretik (6-13). Denbora gutxian kataluniarrek neurketari buelta ematea lortu zuten eta, gainera, euskaldunek ez zuten asmatzen baloia zutoin artetik pasatzen. Hala ere, Avironekoek okerrena pasatua zela uste zuenean, Fraser-ek beste zigor kolpe bati esker aldea murriztea lortu baitzuen (9-13, 50. minutua), baina kanpotarrek, ordubete bete zenean, entsegua sartu zuten, Nicolas Laharraguek (9-20). «Etxekoak» saiatu ziren gutxienez defentsako bonusa sartzen, baina hartutako erabakiak ez ziren egokiak izan, eta zaleen bultzada ikusgarria izan arren, ez zuten helburu hori ere lortzerik izan.
|