Hutsuneak izan arren, tinko eutsi zion Biarritzek
·Aurreko denboraldiko finaleko «errebantxa» duintasunez galdu zuen Olympiquek
STADE TOLOSA 20 BIARRITZ 3 Tolosa: Thomas (Baby, 66), Clerc, Jauzion, Fritz, Heymans
(Médard, 72) Dubois, Michalak, Lamboley, F. Maka (Ledevedec, 41, gero Bouilhou,
58), Dusautoir, Albacete, Pelous, Hasan (Poux, 41), Bru (kap.), (Lacombe, 70),
Perugini (Hasan, 61). Biarritz: Brusque, Masi, Cabannes, Lison (B. Dambielle,
47), Bobo, Peyrelongue, Yachvili, Dridi (Padro, 70), Harinordoki, Carizza,
Couzinet (Betsen, 29), Dellape, Moala (Lecouls, 48), August (kap) (Noirot,64),
Lealamanu'a. Epailea: Jutge. Aldi baterako kaleratua: Carizza (6, joko
arriskutsua). Puntuak: Stade: 2 entsegu Thomas (3), Heymans (41), 2
transformaketa Michalak, 2 zigor kolpe Michalak (15, 36). Biarritz: zigor kolpe
bat Yachvili (17). Gorabeherak: 30.000 ikusle Tolosako Stadiuman.
TOLOSA
Joan den denboraldiko aurreneko errebantxarako aukera zuen Tolosak, baita aprobetxatu ere. Hala ere, Biarritz oraindik orain guztiz osaturik egon gabe eta jokalari garrantzitsuak faltan, tolosarrei aurre egiteko gai izan zen. Bi garaipen eta bi porrot dituzte lapurtarrek sailkapenean, laurak irabazita aurkariak, baina egongo dira aukerak finaleko 40-13ko emaitza hura errepikatzeko.Punta-puntako hamabostekoa zelaian, Tolosak tinko ekin zion lanari eta Dubois-ek Brusque presiopean sartu zuen eta markako lerrotik metro batzuetara geratua izan bazen ere, Thomas agertu zen hirugarren minuturako 7-0ekoa ezartzeko. Tolosa eskura jokatzen gustura zebilen, erasoa ondo kateatzen zuen, eta stadetarren dinamismoari euskaldunen defentsa bikainak erantzuten zion, Dellaperen lana aipagarri, baina baita apur bat gogorra ere, Carizza adierazgarri (txartel horia Pelous-i egindako plakai arriskutsu batengatik). Biarritzek hamalau jokalarirekin emaitzari eustea lortu zuen, Yachvilik aurrez Michalak-ek sartutako zigor kolpeari beste batekin erantzun baitzion (10-3, 17). Gainera, euskaldunek neurketari neurria hartu zioten eta erasoan ahalegindu ziren, Bobo eta Brusquek amaitzen asmatu ez zuten jokaldia adibide. Pixkanaka, BO erasoaldiak kateatzen hasi zen eta bere presioarekin etxeko taldea bere zelaian sartzen hasi zen. Dena den, zorte apur batekin, urrutitik jaurtitako zigor kolpe bati esker Michalakek aldea areagotzea lortu zuen (13-3). Baina talentua, eta asko zegoen zelaian, agertzear zegoen, eta horrela, Jauzionek bi defentsa finkatu zituen eta Heymansek entsegu garbia markatu zuen (20-3, 41. minutua). Dena erabakita, bigarren zatian ez zen ezer askorik ikusteko aukerarik izan. Galdu arren, Biarritz pozik egoteko moduan itzuli zen etxera, ondo egin baitzuen lan.
|