Interpretazio distiratsua
Angeluko San Leon eliza bete egin zen atzo Michel Dalberto pianistaren kontzertua entzuteko. M.Dalberto paristarra da, eta bertako kontserbatorioan ikasketak egin ondoren, 1975-1978 urteen artean nazioarteko hiru sari garrantzitsuren irabazlea izan genuen. Mozart interpretatuz hasi zuen bere ibilbidea, eta konpositorearen piano kontzertu guztiak jo ditu munduan barrena. Bere hainbat disko saritu dituzte, Schuberten sonatekin eta Griegen kontzer- tuekin egindakoak, besteak beste. Azken grabaketak Pariseko orkestrarekin emandako Mozarten bi kontzertu eta Vienako orkestrarekin emandako Shcumannen kontzertua izan dira. Beltzez jantzia, baina jaka, gorbata edo tximeleta gabe atera zen. Hitza hartu eta egitarauaren ordena aldatu zuela esan zigun. Lehenik Mozarten Duporteren minuetoari buruzko bariazioak interpretatu zizkigun. Zati labur batzuk. Fintasun handiz interpretatu zituela esan behar dugu. Do maiorrean idatzitako K457 sonatari heldu zion jarraian. Obra dramatikoa eta adierazgarria, adierazkortasunez betea, Teresa von Trattner bere ikasleari eskainia, ezbehar baten ondotik. Andantea minaren adierazle da, adagioa, berriz, samurra, eta gero finalaren tartean oldartua. Eta azkenik, gertakizunaren onarpena agertzen digu. Kontrajarritako sentimendu kate hori guztia bikain interpretatu zuen atzo Dalbertok. Bigarren partean, Schumannen Carnaval op.9 eskaini zigun. Comedia dell’arteren bidez mozorrotutako hainbat pertsonaia musikaz deskribatuta hogei pieza txikitan eman zigun. R. Schumannen obrarik bariatu eta xarmagarriena dugu. Fanfarrearen martxa alai eta azkenekoan, accelerando izugarri batean arnasari ezin eutsiz bukaera distiratsuan amaitzen da. Piano-jotzailearen esku magikoari esker musika emanaldi aparta izan genuen. Bikaina benetan! Hiru eskupeko eman behar izan zituen. -
Maite IDIRIN
|