GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-09-07
Ordiziako euskal jaietako azoka berezia
Jendez lepo eta beroak urtu beharrean
Euririk gabe baina bero galantaz egin zuten Ordiziako Euskal Jaietako Azoka Berezia eta, urtero moduan, ardi latx esnez eta eskuz egindako gazten txapelketa izan zen ekitaldi nagusia. Bigarrenez, Aranburutarrek eskuratu zuten lehen saria. Goizeko lehen orduetan giro ederra sortu zen Ordizian eta eguerditik aurrera jendetza ikaragarria bildu zen. Beroak estutu bazuen ere, festak ez zuen huts egin.

Eguraldi beroa lagun zuela egin zuten atzo ere Ordiziako Euskal Jaietako Azoka Berezia eta, urtero legez, goizeko lehen ordutik hasita jendez lepo izan ziren herriaren erdiguneko zoko guztiak. Zuhurrenek 10.00etan ekin zioten azokako bisitaldia egiteari, eta eguerdiko beroak eta azokara agertu zen jendetzak bat egin aurretik egin zuten urteroko bisita.

Salgai edota erakusgai zeuden produktuen artean, denetarik topa zitekeen; sagarretatik hasi eta belarra mozteko makinetaraino, eta tartean ziren eztia, opilak eta gozoak, artilezko jantziak, fruituak eta barazkiak, perretxikoak, patxarana... Gose zenak ere taloak edota pintxoak erraz topa zitzakeen, eta eztarria freskatzeko sagardoa ere edozein izkinatan eskaintzen zuten.

Baina, Ordiziako azoka honetan produktu bat bereizi badaiteke, hori, ezbairik gabe, ardi latx esnez egindako gazta da. Beti-Alai pilotalekuaren ataria eta ingurune guztia gaztagile zein gaztazalez josita zegoen goizeko lehen ordutik, eta ez zegoen posturik gazta-ogitartekorik eskaintzen ez zuenik. Pilotaleku barruan, aldiz, goizeko zortzietatik aurrera izan zuten ardi latx esnez eta eskuz egindako gaztak aurkezteko epea eta, goizeko hamarrak inguruan eman zioten hasiera ofiziala 33. Gazta Lehiaketari.

Aranbururen gazta saritua

Epaimahaia hainbat sukaldari ezagunek ­Pedro Subijana, Martin Berasategi eta Andoni Luis Aduriz, besteren artean­, gastronomia kritikarik eta kazetarik osatu zuten, Juan Mari Arzak epaimahaiburu zutela. Antolakuntzakoek adierazitakoaren arabera, mahai bakoitzean Idiazabal sor-marka duten gaztetan aditua den pertsona bat egon zen. Gainerako kategorietako sari-banaketak egin ostean eman zioten hasiera ardi latxaren esnez egindako gazta onena hautatzeari. Dastatzea bukatutzat eman eta lehiaketako sari banaketari hasiera emateko ordua ordu batean jarri bazuten ere, bi ordu lehenagotik hasi zen jendea pilotalekuko eserlekuak betetzen eta, sarituaren izena jakiteko ordu erdi eskas falta zenean, Beti-Alaira sartzen ahalegindu zena atzera egin beharrean geratu zen.

Gazta sarituaren berri eman aurretik, antolatzaileek Faustino Etxeberria eta Juan Migel Mujika izan zituzten gogoan, eta horiek Ordiziako Azoka Bereziarekin eta gazta lehiaketarekin izandako lotura ekarri zuten gogora. Horren ostean, aurkeztutako 65 gazten artean Jesus Aranbururena izendatu zuten aurtengo edizioko gazta onena. Idiazabalgo gizon horrek J. Aranburu elkartearen izenean jaso zuen saria eta, azaldu zuenez, elkargo hori berak eta bere bi anaiek (Jabier eta Juanjo) osatzen dute nagusiki. Trofeoa eta 1.623 euroko ordainsaria, beraz, hirurek Idiazabalen duten gaztandegiaren izenean jaso zuen.

Aranburu pozarren azaldu zen saria jaso ostean, gazta lehiaketan lehen postua eskuratzeaz gain, joan den igandean Gipuzkoako txapelketan ere sariduna izan baitzen. Ordiziako lehiaketari dagokionez, 1997. urtean ere berak aurkeztutako gaztak irabazi zuen eta, gainera, 2002. urtean lehen postua eskuratu zuena koinata duela zehaztu zuen (azken horrek ere J.Aranburu elkartearen zigilupean aurkeztu zuen gazta). Iazko lehiaketan, aldiz, bigarren postuan geratu zen Aranburu. Iragan den abuztuaren 20an ere elkarteak lehen postua bere egin zuen Idiazabal sor-markaren lehiaketan.

Hartara, aurtengo urtea «biribila» izan zela adierazi eta 97an saria bakarka lortu ostean aurten bere sendiarekin batera lortzeak «poztasun ikaragarria» sortzen ziola ziurtatu zuen.

Eskerrak eman eta pozik agertu ostean, artzainen lana goraipatu zuen Aranburuk eta eskuartean zuen produktuaren atzean lan izugarria dagoela ekarri zuen gogora. Era berean, gero eta gazta hobea egiten dela adierazi zuen eta esneki hori kontsumitzen duen jende kopurua hazten doala ziurtatu zuen. Gazta irabazlearen ezaugarriez galdetuta, zazpi edo zortzi hilabeteko gazta keztatua zela adierazi zuen.

Aranburuz gain, beste lau saritu ere izan ziren. Bigarren postuan geratu zen Olaberriko Santiago Etxezarreta (782 euro, trofeoa eta diploma), eta hirugarrenean Unanueko Balda eta Artola taldea (451 euro eta diploma). Arabara joan zen laugarren saria, Larreako Pascual Lopezen eskuetara, eta bosgarrena Amelia Jauregi gabiriarrak eskuratu zuen.

Gazta lehiaketak nagusitasuna bereganatzen badu ere, sari ugari banatzen dira Ordiziako Euskal Jaietako azoka honetan. Besteren artean, aipatzekoa da astero-astero herriko Plaza Nagusian euren produktuak salgai izaten dituzten nekazari eta baserritarrei zuzendurikoa, atzo betiko produktuak ezohiko bezeroei saltzen aritu ziren-eta.

Goierriko zein Gipuzkoako zoko guztietatik asteazkenero ­eta, zenbaitetan, baita ostiraletan ere­Ordiziara bertaratzen diren horiek ez zituzten ahaztu eta horien arteko sariketa izan zen sari-banaketak zabaldu zituena. Maria Jesus Mujika Baliarraingoak eraman zuen sari nagusia, bigarren postuan Anttoni Murgiondo gabiriarra izan zen eta Ibarrako Montes Etxea izan zen hirugarren saritua.

Espresuki ekarritakoak

Azoka Berezirako espresuki erakusgai jarritako produktuei dagokienez, Maddi Iradi hernaniarra izan zen fruituen kategorian sari nagusia eraman zuena eta, barazkiei dagokienez, Martuteneko Jose Manuel Zabalegik lortu zuen lehen postua. Euskal Oiloaren 25. erakustaldian, Naia Goikoetxea albizturtarra izan zen garaile nagusia, bi kategoriatan (oilo gorria eta marraduna) lortu baitzuen sari nagusia.

Gipuzkoako Pirinioetako arrazako ganadu txapelketari dagokionez, antolatzaileek adinaren arabera zazpi atal osatu zituztela adierazi zuten, guztira 58 buru aurkeztu zirela txapelketara eta 8 bigantxa jarri zirela enkantean eta bi idisko erakusketan. Lehiaketako atal gehienetan lehen postua eskuratu zuena Irungo Antonio Agirrebarrena izan zen. -



Armentiako El Caseron jatetxeak 6.200 euroren truke eraman du gazta irabazlea

ORDIZIA

Arabara joan da aurten Euskal Jaiak direla-eta urtero Ordizian egiten duten Azoka Bereziko gazta saritua. Zehazki, Armentiako El Caseron jatetxeko buru Manolo Gomezek 6.200 euro eskaini zituen 33. Gazta Lehiaketan saritutako gazta erdiarengatik.

Gazta saritua Aranburu elkartearena zela jakitearekin batera eman zioten hasiera urteroko enkanteari, Jose Inazio Iturriotzen gidaritzapean. Iturriotzek 1.500 euroren trukean eskaini zuen gazta irabazlea eta, isilune labur baten ostean, hasierako lotsak baztertu eta segituan ekin zioten eskaintza berriak egiteari.

Lehia ehun euroka

Donostiako Casa Nicolasako ordezkariak, Pottoka tabernakoak eta Martin Berasategi sukaldaria lehia bizian aritu ziren une batez, bakoitzak besteak egiten zuen eskaintzari ehun euro gehituz, eta, tarteka, El Caseron jatetxeko Manolo Gomezek eskaintza berria egiten zuen.

Gisa horretan, Ordiziako Pottoka tabernak ­Martinezekin batera 2003. urtean gazta saritua 5.100 euroren truke eraman zuenak­ berdindu egin zuen iazko gazta sarituagatik egindako eskaintza ­6.100 euro, alegia­, baina kontuak aldatu egin ziren Gomez arabarrak 6.200 euro eskaini zituenean.

Segundo batzuetako isilunearen ostean, Iturriotzek eskaintza inork gainditzen ote zuen galdegin eta hiru arte kontatu ondoren, amaitutzat eman zuen aurtengo enkantea. Jendeak txalo zaparrada itzela eskaini zuen Aranburuk Gomezi gazta eskura eman zionean.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Las «redadas preventivas» llevan a 18 personas al banquillo de la AN
Euskal Herria
Etxerat exige garantizar los derechos de los prisioneros «exista o no proceso»
Mundua
Gerry Adams insta desde Ramala a los líderes mundiales a abrir el diálogo con Hamas
Jendartea
Jendez lepo eta beroak urtu beharrean
Kirolak
Egoi Martínez toca el cielo en Burgos
Euskal Herria
Batasuna promueve un preacuerdo para alcanzar el diálogo multipartito
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss