Ipar Euskal Herriko hogei enpresak Erosi erakundea sortu berri dute
Beren negozioa garatzeko behar dituzten baliabideak merkeago erosi ahal izateko, nekazaritzako elikagaien industrian lanean dabiltzan Ipar Euskal Herriko hogei enpresak Erosi taldea sortu dute. Proiektu horren bitartez enpresa horiek dituzten gastuak %30 murritz daitezkeela nabarmendu zuten Erosiko bazkideek.
BAIONA
Ipar Euskal Herriko hogei enpresak eta Landak Departamenduko batek Erosi taldea sortu berri dute. Erakunde horren helburua enpresek behar dituzten baliabideak bazkide guztien artean erostea da, erositakoa merkeago ateratzeko. “Le Journal du Pays Basque-Euskal Herriko Kazeta”k bere atzoko edizioan azaldu zuenez, hogeita bat enpresa horiek nekazaritzako elikagaien industrian dabiltza lanean. «Xedea erosketak batera egitea da, baldintza hobeagoak lortzeko», esplikatu zuen Erosi taldeko eta gaztak saltzen dituen Agour elkarteko kide Peio Etxelekuk. Harekin batera, Heleta herrian antolatutako prentsaurrekora beste hainbat bazkide bertaratu ziren. Hain zuzen ere, Erosi erakundea honako enpresa hauek osatuko dute: Accoceberry, Andrieu, Axuria, Bipia, Eztigar, Montauzer, Irulegi, Arnabar, Pierre Oteiza eta Goűters Basques, besteak beste. Ardoa, gazta, eztia, piperra, urdaiazpikoa, kontserbak eta bestelako produktuak saltzen dituzte.
Gastua %30 murritz daiteke Hogeita bat enpresek 400 lanpostu eta 3,5 milioi euroko negozio bolumena batzen dituzte. Behar dituzten baliabideak batera enkargatu ahal izateak beren gastuak %20 eta %30 bitartean jaistea ahalbidetuko luke.
Proiektuaren bultzatzaileek nabarmendu zuten enkargatuko dituzten produktuak ez direla lehengaiak izango, beren jarduera aurrera eramateko bigarren mailako baliabideak baizik: ontziak, etiketak, garbitzeko produktuak, arropa, garraio edo telekomunikazio baliabideak, besteak beste.«Bazkideek guk proposatutako hornitzaileei produktuak erosteko ala ez erosteko libertate osoa dute. Proposatutako abantailak direla medio, kontua da bazkideek azkenean gure hornitzaileengana joko dutela», esan zuen Etxelekuk. Mementoz, Erosik akordio bat sinatu du La Pouillade bankuetxearekin. Honek 2.500 euro eskaini dizkio proiektua behar bezala garatzeko.
|