Bi etorkin kanporatu nahi izana salatu du Cimadek
BAIONA
Hendaiako atxikitze zentroan ziren bi pertsona kanporatzen ahalegindu izana salatu nahi du etorkinen eskubideen alde lan egiten duen Cimade elkarteak. Uda guztian elkarteak Pirinio Atlantikoetako prefetari Sri Lankako Jogarajah jaunaren eta Txinako Gao Fen Shu andrearen egoeraren larritasunaren berri eman dio.
Ohartarazpenei ez die jaramonik egin eta bi etorkinak, kanporatu behar zituztenean euren familiekin Pariseko aireportuan zirela, etsipenak jota, euren burua zauritu zuten. Jogarajah jaunak zainak moztu zituen eta Gao Fen Shu andreak garbiketa produktu bat irentsi zuen.
Bi etorkinen kasua salatu du Cimadek egun Estatu frantsesak egiten duen immigrazio politikaren akatsak agerian uzteko, izan ere, pertsona horientzat beren herrira bueltatzea arriskutsua baita.
|