Herri txikietarainoko bizikleta martxa
·Itoitzen aurkako martxa positibotzat jo dute, «arriskua bertatik bertara ikusteko aukera eman baitu»
IRUÑEA
Iragan igandean amaitu zen Solidarios con Itoiz kolektiboak antolatutako urtegiaren aurkako lehendabiziko bizikleta martxa. Lau egunez, urtegiak mehatxaturiko herri gehienak Orotz-Betelu, Nagore eta Lakabe barne zeharkatu zituzten, eta informazioa banatu zuten. «CHEren emergentzia planetatik ateratako datuak aurkeztu ditugu, herrietan hondamendirik gertatuz gero, urak hartuko lukeen maila azaltzen duten fotomontaia batzuen laguntzaz», adierazi dute kolektiboko kideek. Oro har, jendea oso pozik agertu zen, bai parte-hartzaileak «arriskuaren nondik norakoak bertatik bertara ikusteko aukera izan dutelako», bai eta herritarrak ere «haiekin gogoratzen direla ikusi dutelako». «Informazio gehiena Agoitzen eman izan da orain arte, eta herri txikiagoetako bizilagunak ez ziren guztiaz ohartzen», salatu dute solidarioek. Hala eta guztiz ere, herritar gehienek ez dutela horretan pentsatu ere egin nahi gehitu dute. Bizimodu normala egiten jarraitu nahi dute, esan dutenez. Parte-hartzeari dagokionez ere pozik agertu ziren antolatzaileak. «Egunero ehun bat txirrindulari egon dira, eta horiei sukaldariak, furgonetakoak eta abar gehitu behar zaizkie», azaldu dute. Aurreko urteetako oinezko martxetan parte hartu duen jendearekin alderatuz, partaide kopurua egonkortu dela adierazi dute, eta datorren urtean ekimen hori egiten jarraitzeko asmo sendoa agertu dute.
Trabak Orotzen eta Zangozan
Tartean trabaren bat edo beste ere topatu zuten txirrindulariek, ordea. Lehendabiziko egunean, Orotz-Betelun Guardia Zibilak txirrindulari asko identifikatu zituen. Igandean, berriz, Zangozako kale nagusian egin behar zuten txotxongilo antzerkia debekatu zien Foru Poliziak, eta «legez kanpoko manifestazioa» zela argudiatu zuen.
|