IRUŃEA
UPNk asteartean Gobernu espainolari eta epaileei Batasunaren aurka aritzeko egin zien deia gogor salatu zuen atzo talde abertzaleak; izan ere, herritar talde batek Altsasun manifestaziora deitu du. Batasunak, igorritako adierazpen batean, hau nabarmentzen du: «UPNk ezker abertzalearen aurka aritzeko egiten duen deiak Sanzen alderdia Molarengandik eta uztailaren 18ko kolpetik balio demokratikoetatik baino gertuago dagoela erakusten digu berriro».
Talde abertzaleak nabarmendu zuen Sanzek joan den astean Cadreitan egin zuen mitin batean esandakoa eta aste honetan egindako deia ez datozela bat. «UPNren ohiko jardueraren aldaketa edo hauteskunde-interesengatik esan- dako hitz joko bat den argitzeko itxoin egin dugu. Are gehiago, UPNk gatazka demokratikoa gainditzeko prozesu demo- kratikoaren alde adierazpena plazaratzea begi onez ikusiko genuela adierazi genuen. Baina, beti bezala, ekintzak hitzak baino argigarriagoak izan dira», adierazi zuen Batasunak.
Cadreitan UPNk esan zuen Nafarroako aniztasuna errespetatzen duela, eta Foru Hobekuntza erreformatzearen alde azaldu zen. Horrez gain, euskal nortasuna babestuko lukeen eredu bat agertu zuen. Hots, ohiko UPNren diskurtsoarekin zerikusirik ez duen mezua. Asteartean, ordea, betikora itzuli zen UPN.
«UPNk zilegi ikusten du pentsamolde zehatz bat dutelako milaka eta milaka herritar oinarrizko eskubiderik gabe uzten duen salbuespen egoera mantentzea», esan zuen.
Talde abertzalearen arabera, «kultura demokratikorik ez duenak soilik jotzen du probokaziotzat eskubide zibilak gauzatzea».
«Ez dugu onartuko demo-kraziaikastarorik 1936ko uztaileko estatu kolpea inoiz gaitzetsi ez duen alderdi batek emandakoa», gaineratu zuen Batasunak.
Horiek hala, gogoeta egiteko deia egin zion Batasunak UPNri. Izan ere, alderdi abertzalearen ustez, gizartea ez dator bat alderdi horrek gatazkaren alde dituen tesiekin eta errepresioaren aldeko jarrerekin.
Manos Limpiasen salaketa
Bestetik, Manos Limpias izeneko funtzionarioen sindikatu ultraeskuindar espainolak salaketa aurkeztu zuen atzo bai Gobernu espainolak Nafarroan duen Ordezkaritzan, bai Auzitegi Nazionalaren Fiskaltzan, Batasunak ustez larunbatean Altsasun egingo duen biltzarra debekatzeko. «Batasunak Zuzenbide Estatuari egiten dion beste erronka bat da, Nazioaren Gobernuak ezker abertzaleari men egin diolako», erantsi zuen. ANV-EAE alderdiak, ordea, honako hau jakinarazi zuen: «Espainiako Erresuman eus-kal independentistok eskubi- de politikoak bermaturik ez dauzkagula berriz ere agerian geratu da». Gainera, «salbuespen epaitegitzat» jo zuen Auzitegi Nazionala, «ezker abertzaleari erasotzeko Gobernuaren tresna» delako.