Nazio eskubideen aldeko jaia egingo dute Zizurkilen
·«Nazio bat garelako EHNA erabiliaz bizi» lelopean naziotasun eskubidea aldarrikatuko dute
DONOSTIA
Euskal Herriaren nazio izatea bultzatzeko xedez, Tolosalde-ko hainbat herritarrek jaialdi bat antolatuko dute datorren irailaren 15ean. «Nazio bat garelako EHNA erabiliaz bizi» leloa izan da hautatutakoa; karteleko irudia, berriz, egun EHNArekin bizi diren euskal herritarrak. Ekimena aurkezteko atzo egindako prentsaurrekoan, Mikel Arrastoak hartu zuen hitza, Tolosa inguruko hainbat lagunen izenean. Berarekin jaialdiari sostengua ematen, Mikel Luloaga Bai Euskal Herriari ekimeneko kidea eta Mikel Urkola ESAITeko ordezkaria egon ziren. Arrastoaren hitzetan,«Euskal Herria euskal herritarrez osaturiko herria da, eta hori lortu ahal izateko guztion parte-hartzea beharrezkoa da», eta horretarako, Euskal Herrian ireki den prozesuari bultzada eman nahi izan diote «Euskal Herria eraikiz». Mikel Arrastoaren arabera, Euskal Herriaren nazio eskubideen aldeko ekimenean jaia eta aldarrikapena uztartu nahi izan dituzte.
Egitarau oparoa Donostiako prentsaurrekoan, urtearen buruan egindako ekimenak gogorarazi zituzten; hala nola, Adunan eta Zizurki- len abuztuan euskal selekzioaren beharra aldarrikatzeko antolatutako ekimenak eta urtean Tolosaldean bideratutako ehunka EHNAk.
Irailaren 15erako egitarau zabala antolatu dute Tolosaldeko bizilagunek. Arratsaldeko zazpietan, herri kiroletan arituz emango diote hasiera jaialdiari; bertan, trontzalariak eta sokatira txapelketa izango dira. Ordubete geroago, ekitaldia egingo dute Zizurkilgo pilotalekuan, eta bertan, Bai Euskal Herriari ekimeneko kideek hartuko dute hitza. Jaialdia bukatzeko, herri afaria eta kantaldia izango dute Zizurkilera joaten direnek.Bestetik, EHNA bideratzeko aukera izango da Zizurkilgo Iriarte kultur etxean.
|