Lan mundua euskalduntzeko akordioa sinatu dute Lakuak eta patronalak
Lan munduan euskara sustatzeko xedez, Lakuako Gobernuak eta enpresaburu elkarteek lankidetza akordioa sinatu dute. Gasteizko Gobernuak «borondatezkoa den akordioa» dela nabarmendu zuen. LABek, berriz, 25 urteko atzerapenarekin datorrela salatu arren, positibotzat jo zuen lan mundua euskalduntzearen alde eginiko akordioa. Hala ere, lankidetza hitzarmena dela oroitarazi zuen sindikatu abertzaleak, eta ez dela sektoreen arteko hitzarmena aipatu.
GASTEIZ
Enpresa munduan euskara sustatzeko helburuarekin, Lakua-ko Gobernuak lankidetza akordioa sinatu zuen atzo Confe- bask, SEA (Araba), CEBEK (Bizkaia) eta Adegi (Gipuzkoa) patronalekin. Sinatutako hitzarmena hiru ataletan oinarritzen da: informazioaren elkartrukea, aholkularitza eta produktu egokien eskaintza eta finantzaketa. Akordioa Kultura kontseilari Miren Azkaratek sinatu zuen Lakuaren izenean, eta haren hitzetan, «akordioa borondatean, adostasunean eta diskriminazio ezan» oinarritzen da. Enpresa munduan euskara erabiltzeko egin duten normalizazio plana «borondatezkoa» dela nabarmendu zuen behin eta berriro Azkaratek. Haren aburuz, ezaugarri hauetako prozesu bat soilik izango da bideragarria eta onargarria, ukituriko alderdi guztien adostasunean oinarritua baldin badago. Kontseilariak hitzarmena «historikotzat» jo ondoren, 1990. urtean egindako programa pilotuan oinarritua dagoela gogorarazi zuen, eta 150 enpresa eta kooperatibak laguntzak jasotzen dituztela adierazi zuen. Kultura kontseilariak euskara sustatzeko lanetarako diru laguntzak emango dituela adierazi bazuen ere, ez zuen zehaztu zenbateko aurrekontua bideratuko dion egitasmo horri. Miren Azkaratek jakinarazi zuenaren arabera, Gasteizko Gobernua hainbat sindikaturekin ari da lanean lan mundua euskalduntzea sustatuko duen beste hitzarmen bat lortzeko.
Atzerapenarekin
Akordioaren berri izan ostean, LABek prentsa adierazpen baten bidez adierazi zuen Lakuaren eta enpresaburu elkarteen ekimenaren gainean duen iritzia. Lehenik eta behin, borondatezko akordio bat dela salatu zuen, eta ez «enpresa mundua euskalduntzeko sektoreen arteko hitzarmena». LABek Euskararen Legea 1982an onartu zutela gogorarazi zuen, eta urte horietan guztietan Gasteizko Gobernuak lan mundua euskalduntzeko proposamenik egin ez duela gogorarazi. «25 urteko atzerapenarekin bada ere, urrats garrantzi- tsutzat» jo zuen akordioa. Eta urteetan, euskara sustatzearen alde lanean «herri mugimendua eta hainbat sindikatu bakarrik egon eta gero» pozteko arrazoitzat jo zuen Administrazioa eta patronala euskalduntzearen aldeko pausoak ematen hastea. LABek euskara normalizatzeko «buru-belarri» lanean aritu dela oroitarazi zuen, eta Kontseiluarekin batera bultzatutako «Bai Euskarari» kanpaina eta beste hainbat eragile sindikal eta politikorekin hitzartutako Akordio Soziopolitikoa gogorarazi zituen. Etorkizunean ere lanean jarraituko duela esan zuen. Lakuak igorritako proposamena aztertzen ari dela ere jakinarazi zuen.
|