MADRIL
Magistraturaren Elkarte Profesionalak, Demokraziarako Epaileak zein Francisco de Vitoria Epaileen Taldeak gogor gaitzetsi zituzten Iñaki Bilbao Goikoetxea preso politikoak Auzitegi Nazionaleko epaile Alfonso Guevarari egin mehatxuak.
Lezamako presoaren aurkako epaiketa izan zen atzo Madrilen, 2003ko maiatzean Baltasar Garzon epaileari ustez egindako mehatxuen harira. Hasiera batean fis-kalak 12 urte eta 7 hilabeteko kartzela zigorra eskatu zuen, baina eskaera bi urtera jaitsi zuen. Ebazpenaren zain gelditu da auzia.
Nolanahi ere, Bilbao Goikoetxeak atzoko sesioan agertu jarrerak berriz eragin zituen kritikak. Izan ere, «zazpi tiro» bota eta «azala tiraka kenduko» ziola esanez mehatxatu zuen Guevara. Blindatutako gelaren barruan zela, presoak tiro egiten zuela irudikatu zuen hainbatetan eskuekin. Ostikoa eman, eta Garzonek lekuko gisa deklaratu behar zuenean hura ere mehatxatu zuen. Poliziak azkenik paretara begira jarri zuen. Berriz deliturik egin ote zuen jakiteko jazotakoa aztertzeko eskatu zuen fiskalak.
Aipatu epaileen elkarteek babesa agertu zioten Guevarari, Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiak egin bezala. Justiziak halako jazoerak izatean lanean segituko duela ere esan zuten.