DONIBANE GARAZI
Iraila argazkiaren hilabetea izanen da Donibane Garazin, Argian elkarteak antolatzen duen biltzarrari esker. Horiek hala, hiriko herriko etxean eta Apezpikuen Kartzelan hainbat argazki erakusketa ikusteko aukera izanen da. Argazki lehiaketak erakartzen du jende gehien; izan ere, 200 argazkitik hurbil jaso dituzte bertan parte hartzeko aurten. Antolatzaileak aski harrituak dira parte-hartze horrekin; izan ere, gaia ikusita, aurreko urteetan baino parte-hartze txikiagoa espero zuten. Aurtengo gaia eskua zen, nahiko gai hertsia aurreko urteetakoekin konparatuta, jakinik euskal jaiak edo euskal etxeak izan zirela azken urteetan argazkietarako ezarri zituzten gaiak.
Sarituko dituzten hiru argazkiak aukeratuak dira, baina hilaren 17a arte ez dituzte ezagutaraziko. Sari banaketa onda- rearen asteburuarekin batera eginen dute ikusle gehiago biltzeko. Pascal Bragas, Cedric Pasquini eta Ludovic Zeller argazkilari profesionalek eta Jacques Dupin kultura erantsiak osatu dute aurtengo epaimahaia, eta beren lanaren ardura ongi barneratu zutela adieraz daiteke.
Jaso dituzten 200 argazki inguruen artean 70 bat aukeratu zituzten lehenik; hau da, erakusketaren parte izanen direnak. Gero, horietatik argazkilari bakoitzak gehien maite zituenak hautatu zituen. Hamar bat gelditzen ziren, eta lehenengo eta bigarren saria bereizteko arazorik ez zuten izan, bozketa aski argia izan baitzen. Baina ez zen gauza bera gertatu hirugarren saria aukeratzeko, eta orduan epaileen seriotasun eta profesionaltasuna agerian gelditu zen. Aukeran ziren argazkien artean, hautatutakoaren originaltasunak bultzatu zituen saria ematera, baina, noski, argazkiaren kalitatea alde batera utzi gabe. Hilaren erdira arte itxaron beharko da sarituen izenak ezagutzeko.
Baina epaimahaiaren saririk jaso ez duten argazkiek aukera gehiago izanen dituzte; izan ere, Herriko Etxeak eta erakusketa ikustera joanen den publikoak ere iritzia emateko aukera izanen baitute.
Sariak bezala, erakusketak askotarikoak izanen dira, lau argazkilarik proposatutako erakusketak eta Donibane Garaziko gaztetxoek eskuari buruz eginiko argazkiak ere izanen baitira ikusgai. Zitadelako eta Mayorgako eskolak eta Garaziko ikastolako ikasleak eskuaren gaiari lotu dira ikasgelan edo kanpoan argazkiak egiteko.
Rodolphe Escher hainbat hedabidetarako argazkilari lanetan aritu denak gizartearen aurpegiak agertuko ditu. David Le Deodic-ek boxeoaren mundua aurkezten du “Mise au poing” erakusketan; aldagelak, entrenamenduak eta boxeolariek behar dituzten konzentrazio mementoak ere harrapatu ditu kamerarekin. Azkenik, Caroline de Oterok eta Catherine Guillard-ek, errealitate sozial ezberdinetatik heldutako bi emakumek, argazki eleberri bat kontatu nahi dute beren erakusketarekin.