Libanoren mugak bortxatzen jarraitzen du Tel Avivek
Nazioarteko legedia bortxatuz Libanori ezarritako itsas eta aire blokeoa atzo arratsaldean kenduko zuela adierazi zuen asteazkenean Israelgo Gobernuak, baina ez zuen esandakoa guztiz bete, itsasoz ezarritakoari eusten baitio. Gainera, Hizbulari «armak eramaten ari zaizkion ibilgailuei eraso egiteko eskubidea» gorde duela esan du Tel Avivek.
BEIRUT
Arratsaldeko seiak ziren Libanoko telebistak Beiruteko aireportura iristen ari zen hegazkinaren irudiak eman zituenean. Hiriburuko makina bat auzoren gainetik ibili zen Paristik zetorren abioia, Libanoko aire konpainiakoa. Ondoren, telebistak itsasoko irudiak eman zituen, itsas blokeoa ere amaituta zegoelakoan. Baina Israelgo Gobernuak ezetz erabaki du, blokeo hori egiten jarraituko duela, Libanoko uretan nazioarteko indarrak hedatu arte. Beste 48 ordu, atzo esaten zutenez.
Blokeori eusteko aitzakia betikoa da: Hizbula gerrillari armak jasotzeko bideak ixtea. NBEko Segurtasun Kontseiluaren 1.701 ebazpenak Libanoko erresistentziako talde armatuaren aurkako arma enbargoa aipatzen zuen. Eta horixe erabiltzen dute Israelgo agintariek erasoei eta mehatxuei eusteko. Atzo bertan, hedabide guztietan blokeoaren «amaiera» nabarmentzen zuten; Miri Eisin Ehud Olmert lehen ministroaren eledunak adierazi zuen, ordea, Israelek «gorde» egin duela Hizbularentzat armak eramateko Siriatik Libanora sartzen diren konboien aurkako erasoak egiteko «eskubidea».
Aire blokeoaren amaierarekin batera bukatu zen Libanoko parlamentariek egindako protesta eseraldia. Berresten bada aurki itsas blokeoari ere amaiera jartzen zaiola, Libanoko hegoaldean jarraitzen duten tropa okupatzaileek alde egitea geratuko litzateke. Ez dago horretarako eperik.
Teorian Libanorentzat ona den neurriak aire blokeoaren amaiera irakurketa ezberdinak eragin ditu herrialdean. Hizbulako ordezkari batzuei ez zaie ondo iruditu Libanoko uren kontrola nazioarteko indarren esku uztea. «Ez zen beharrezkoa», esan du Husein Al-Halilek.
|