Ezker abertzaleak prozesua blokeatua dagoela dio. PSOEk eta beronen Gobernuak, aldiz, bide onetik doala erantzun dute, eta EAJko buruzagitza bat dator horrekin. Hemengoa, horkoa edo hangoa, nor den egoera aztertzeko gaitasun handiena duena jakitea ez da kontua. Itsuak ere ikusiko bailituzke irtenbide demokratikoak aurrera egiteko azken boladan pilatu diren arazo ugari bezain potoloak. Jende aurrean hain ezberdinak diren irakurketen ezkutuko asmoak dira aztertu beharrekoak.
Izan ere, ezker abertzaleak prozesua ez atzera ez aurrera dagoela dionean, berau askatzeko egin beharreko urratsa nabarmentzen ari da aldi berean: indar guztien arteko elkarrizketa eta akordiorako oinarri egokiak bermatuko lituzkeen aurrehitzarmena. Oztopoak kendu eta modu hitzartuan aurrera egitea, horixe da plazaratzen ari den aterabidea. Ezker abertzalea ez da, beraz, krisia dagoela berrestera mugatu.
Prozesua badoala diotenen asmoak, ordea, zitalagoak izan daitezkeela dirudi. Susmo txarrak uxatzea zaila da. Ilusioa hutsala izan arren piztea baizik ez balute helburu, gaitzerdi. Adierazpen horiekin urratsak egiteko eta konpromisoak betetzeko gogoa iragarriko balute, bravo!
Zoritxarrez, bestelako aukerarik bada. Bestelako tentaziorik izan dezakete. Bidean aurrera egiten ari garela esanez, prozesuaren izaera bera modu jakin batez taxutu dezakete; konponbide demokratikoa eta politikoa egin ordez, ibilbidea independentisten asimilatzea lortzeko prozeduratzat hartuz, eta horrela salduz herritarrei. Saioa antzua izanda ere Euskal Herriaren eskubideen aldekoak makurtzea lortu ez arren, geroko frustrazioen errua prozesuaren usteltzea salatu beharko luketenen bizkar gainera botako lukete.
Errealitateak gezurtatuko duen hipotesi hutsa izatea espero dezagun. Baina, hipotesi hutsa baino harago, hortxe dugu, hain zuzen ere, gaur egungo arrisku handienetako bat: PSOE, EAJ lagun, prozesua ezker abertzalearentzat zepo bilakatzeko tentaldian erortzea.
Datozen asteotako eginek argitu beharko dituzte argitasuna nahi dutenentzat, behintzat guztien gogoak eta nahiak. Gauza bat bederen jakin beharko lukete zepo jartzaileek: gatazkaren erroari aurre egin gabe, ez da konponbiderik izanen; eta konponbiderik ezean, edozein egoera da posible. -