Angeluko Paul-Bert ikastetxeko gurasoek salatu dute erran gabe irakasle lanpostu bat kendu dutela
·Joan den asteartean Akademia Ikuskaritzako Batzordeak egindako bileran erabaki zuten lanpostua kentzea
ANGELU
Lanpostu bat kendu dutela salatu zuten atzo Angeluko Paul-Bert ama-eskolako gurasoek. Izan ere, joan den asteartean, lanpostuak ireki edo ixtea berriz aztertu behar zuen Paueko Akademia Ikuskaritzako Batzorde Tekniko Parekideak. Eta, bertan, gurasoen protestak izandako ikastetxe gehienetan irakasle lanpostuak mantentzea erabaki zuten. Baionako Jean-Moulin-en, Angeluko Tivolin, Biarrizko Bert-Pyrenees-Michelet-en, Bidarteko ama-eskolan, Donibane Lohizuneko Urdazurin eta Akamarreko ikastetxean lanpostuak atxiki zituzten.
Baina atzo, ustekabean, Angeluko Paul-Bert ikastetxeko gurasoek irakasle lanpostu bat gutxiago izanen zela jakin zuten. 7 eta 8 urte arteko umeentzako irakaslea kentzea erabaki zuten Paueko Batzorde Teknikoak izandako bilera horretan. Horiek hala, gurasoek Paueko Akademia Ikuskaritzaren eginkizuna salatu zuten.
«Lanpostu itxierak ez dira nolanahi erabakitzen. Eta horrelako gertakizun bat izaten delarik, prozedura bat martxan jartzera behartuak dira ikastetxeak gurasoak jakinean jartzeko», aipatu zuten gurasoek. Izan ere, ikastetxeetan lanpostuak kentzen dituztenean, aurretik Akademia Ikuskaritzak informazioa eman ohi die. «Oraingo honetan, Pauek ez du inolaz ere prozedura errespetatu», berretsi zuten gurasoek, eta eginkizun hori onartezina zela nabarmendu. Urtearen hasieran 7 eta 8 urte arteko haurrentzako hiru ikasgela zeuden, baina birekin geratuko da eskola. Eta, gurasoen arabera, ikasgela bakoitzean 30 bat haur izanen dira.
«Ez dugu ulertzen. Ikasturtea oso ongi hasia zen. Ikasgeletan hogeita bat haur jarriak ziren», gogorarazi zuten. Atzo gauean Akademia Ikuskaritzako lekuko ordezkariarekin biltzekotan ziren gurasoak egoera aztertzeko.
|