GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kirolak > Motor 2006-09-08
Europako mendi rally zaharrenaren 50. ekitaldia egingo dute Zuberoan
·120 taldek parte hartuko dute gaurtik igandera arte Liryn eta Iratiko oihanean zehar

DONOSTIA

Euskal Herrian automobilismoak gero eta indar handiagoa du. Gaur egun, lasterketa asko jokatzen dituzte, gehienak Hegoaldean, baina Iparraldean badago bat historia luzea duena. Zuberoan jokatzen duten Rally des cimesi buruz ari gara.

Ba al daki Hegoaldeko irakurleak Europako mendi rally zaharrena Zuberoan egiten dela, Liryn? Ba al daki Rally des cimes ­gailurretako rallya­ delakoa Estatu frantseseko 4x4 motako autoen txapelketarako puntuagarri dela eta aurtengoa dela 50. urteurrena? Ba al daki 120 taldek parte hartuko dutela, Estatu frantsesetik, Italiatik eta Ingalaterratik joanda? Hala bada, zorionak. Bestela, asteburu bat daukagu Zuberoara joateko.

Amerikarren eragina

Rally des cimes horren lehendabiziko ekitaldia 1951. urtean izan zen, eta bederatzi partehartzaile baino ez ziren izan. Hori hala izatea, neurri handi baten, estatubatuarren eraginaren ondorio da. Amerikarrek II. Mundu Gerratean ekarritako Jeep delakoei esker, Zuberoako zailtasun orografikoak gainditzea posible bihurtzen zen. 1951. urtean Sauveur Bouchet antolatzaile historikoak bederatzi Jeepen arteko rally bat antolatu ahal izan zuen eta, kasualitatez, bera izan zen rally horretako lehendabiziko ira-bazlea.

Esperientzia horren arrakastari esker, Zuberoan gero eta Jeep gehiago ikusten hasi zen, eta rallyan parte-hartzaile gehiago. Jeepak gutxiago izan ziren, ordea, laster batean, 4x4, Renault-Sinpar, Land Rover, Cournil, Lada, Toyota markak agertzen hasi baitziren; izan ere, hainbat etxek beren modelo berriak probatzeko bidaltzen baitzituzten.

Horrezaz gain, lehenengo irabazle handiak iristen hasi ziren; Juge Etxekopar edo Patrice Collet, hiruna garaipenekin, eta Yves Pachiaudi, sei aldiz irabazle izana; baita beste proba batzuetako irabazleak ere, Pierre Lartigue hiru alditan Paris-Dakar rallya irabazitako gidaria ere Euskal Herriko rally horretan parte hartua da-eta. Horiek hala, ikuskizun horren lekuko Zuberoako lurrak betetzen azken urteotan jende asko bildu da, eta, batez beste, 15.000 ikusle inguru aurki daitezke errepide bazterrean.

Bestalde, gero eta parte-hartzaile gehiago lortzen hasi zen Rally des cimes. Hala, azken urteotan Estatu espainoleko, Italiako eta Ingalaterrako taldeek izena eman dute. Aurten, 120 taldek hartuko dute parte.

Ibilbidea eta museoa

Atzo parte-hartzaile guztien zerrenda itxi eta gero, autoak Olorongo parke itxira abiatu ziren, gaur ekiteko rallyari. Proba gaur hasi eta igandean amaituko da.

Orotara, 90 kilometro egin beharko dituzte autoek erlojuaren aurka. Gaur erlojuaren aurkako hiru zati egingo dituzte eta Maulen amaituko dute. Bihar, berriz, Liryra itzuliko dira Iratiko oihanaren inguruan bost erlojuaren aurkako zati egin ostean. Igandean, beste sei zatiren ostean jakingo da aurtengo rallya nork irabaziko duen.

Hala ere, rallyak bainoago inoiz parte hartu duten autoak nahi baditugu, Liryn museoa zabalik dago atzotik hasita igandera arte, 16.00etatik 19.00etara bitartean. Azkenik, rallyan irabazle izan direnen monumentua eraiki dute, eta 50. urteurrena den honetan, lehenengo edizioen DVDa ere kaleratuko dute.

Parte-hartzaileen %20 etxeko pilotuak dira

Jaizkibelen, Arraten eta Gorlan baino parte-hartzaile eta ikusle gehiago izateaz gain, Liryko rallyak zuberotarren ekimenean dauka indarrik handiena; izan ere, gutxi gorabehera, parte-hartzaile guztien %20 osatzen baitute.

Bestalde, lehenengo aldietan rallyaren aurkako ahotsik egon bazen ere, aspaldion ez ei dago halakorik. Iratiko oihanaren inguruko lurrezko pistak profitatuz egiten dituzten proben kalte ekologikoa, zarata batik bat, ez baita horren basatia.



«Liryko rallya txapelketa guztiko probarik zailena eta gogorrena da»
Nanou BARBE | Pilotu ohia

Nahiz eta aurten ez duen parterik hartuko, Nanou Barbe-Labarte Zuberoako proba horretako irudi eta pertsonarik ezagunenetakoa da, hamar urtean ibili baita Zuberoako mendietan gora eta behera.

­Noiz ekin zenion Liryko proban parte hartzeari?

Lehendabizi 1973an ibili nintzen, Jeep batekin; badakizu, amerikarren Jeep horietako batekin, eta laurogeita hamar parte-hartzaileren artean hogeigarren egin nuen. Ondoren, hamar bat urte egin ditut Toyota etxeak utzitako autoak gidatzen. Orain ez dut parte hartzen, mementoz utzita baitaukat.

­Nahiko arraroa da emakume bat halako rally batean. Zutaz gain, asko al zineten?

Ez, ez. Nitaz aparte beste bi emakumek baino ez dute parte hartu. Pilotu gisa, noski. Pilotuaren laguntzaile gisa, berriz, emakume asko aurki daitezke.

­Zer esan diezagukezu Liryko Rally des cimes honen inguruan?

Hasteko, 4x4 autoen Frantziako txapelketarako puntuagarri dela proba hau. Bestetik, mendian gora eta behera zabiltzanez gero, oso gogorra egiten dela. Galdeiozu edonori! Denek gauza bera esango dute: rallyrik zailena dela.

­Baita atzerritik jende asko joaten dela ere, ezta?

Halaxe da bai. Britainia Handitik parte-hartzaile anitz izan da betidanik. Aurten, 120 taldek eman dute izena rallyan, eta gehiagok ere emango zuketen, baina antolakuntzak gehiagorentzat lekurik ez zegoela esan behar izan du.

­Ez duzu parte hartuko, baina ikustera joango zara?

Bai, noski! Izaba inguruan bizi naiz eta ordutebe baino gutxiago dago Liryraino. Arraroena da hain hurbil egonda zein jende gutxi datorren Hegoaldetik. -

A. G.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
El «new labour» ante la sucesión de Blair
Iritzia
Itsukeriak ala itxurakeriak?
Iritzia
La cancelación de la deuda externa
Iritzia
La mano negra
Euskal Herria
Ahotsak hace un llamamiento a la responsabilidad para que no se frustre el proceso
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss