|
|
|
|
|
«Maltzeta» trikitilaria hil da, gerraondoko belaunaldi mitikoaren azken aleetako bat
·Haren lagunek pieza bat edo beste joko dute gaur 19.00etan Hondarribian egingo dioten elizkizunaren ondoren
Gero eta gutxiago geratzen dira. Gerraondoko trikitilari belaunaldi mitikoa erabat murrizten ari da, eta azken ordezkarietakoa, Juanito Garate «Maltzeta» joan da. Gaur arratsaldeko zazpietan egingo dira Hondarribiko Marina elizan haren aldeko hiletak, eta eliz atarian haren lagunek piezaren bat edo beste joko diote. 1924an jaio zen. Loiola eta Arrate irratietan egindako grabazio batzuk eta dozena erdi bat disko utzi ditu eta oroitzapenik franko ere bai bazterretan.
|
DONOSTIA
Azkoitiko Urrategiko Maltzeta-Etxetxon musika tresnaz betetako kutxa bat omen zen Juanito Garate Maltzeta trikitilaria umea zenean. Handik flauta bat, prantxuleta bat (txistu mota bat) biolina, dultzainak, danborra eta trikitia ateratzen omen zituen, gehienek jotzeko balio ez bazuten ere. Aitak, Agustinek, eta osaba bik dultzaina jotzen zuten. Juanitok, umea zela, behin eta berriz ikusten zuen aita igande arratsaldetan bereziki dultzaina atera eta jotzen. Bere lehen diskoan, 1981ean, IZrekin atera zuen “Maltzeta aita-alabak” deituan biribilketa bat sartu zuen aitari entzundakoa.Aspaldi samarreko kontuak dira horiek, 1924an jaioa baitzen Maltzeta trikitilaria. Bai Juanito jaio zen auzoan, Urrategin, eta bai Martirietan ugariagoak ziren soinu-jotzaileak dultzaina-jotzaileak baino. Egurrola, Zendoia eta Izer Martirietan eta Eugenio Alberdi Zabaleta eta Muno Urrategin. Hala ere, Elgoibarko Gelatxori soinua nola jotzen zuen begira zegoela erabaki omen zuen soinu-jotzaile izatea. Hamasei urte zituen orduan Maltzetak. Madariaga Txikiarekin hasi ziren ikasketak egiten Zabaleta eta biak, Zabaleta baserria Maltzetatik oso gertu dagoelako. Igande arratsaldetan etortzen zitzaien maisua. Geroztik urte asko pasatu dira eta Maltzetak ez du inoiz atseden hartzen utzi. Azken aldian gaixorik zebilen. Biriketako gaitza zuen eta oxigenoa ere behar izaten zuten tarteka. Poliki-poliki indargabetuz joan da. Haren aldeko hiletak gaur egingo dira, 19.00etan, Hondarribiko Marina elizan, herri horretan eman baititu azken hogei urteak. Hiletatik irteeran bere lagunek (Laja, Landakanda, Zabaleta eta besteren batzuk izango dira bertan)piezaren bat joko diote agur moduan.
Elgetaren soinua Hemezortzi urte zituela hitz egingo zuen beharbada lehen aldiz Maltzeta gazteak Elgetarekin. Madariagako erromerian ari omen zen jotzen Elgeta Sakabirekin, eta soinua hondatu omen zitzaion. Madariaga Txikia han zen nonbait, eta bere ikaslea, Maltzeta, bidali zuen bere soinuaren bila. Bi orduko bidea egin ondoren itzuli zen soinuarekin. Pare bat urte geroago, soldaduska egiten ari zela, Orioko lagun soinu-jotzaile batek gomendatu zion Elgeta maisutzat, eta harekin ibili zen ikasten, Maltzeta baserrira etorri baitzitzaion aldi batez astean egun batzuk pasatzera. Gerora asko ibili ziren elkarrekin, eta bera izan zen, Maltzeta, alegia, Elgetaren heriotzaren berri jakin eta zabaldu zuena. Bere maisua hala moduz ikusten zutela Donostian eta jaialditxo bat antolatu zuten ikasle izandako eta miresleek eta Maltzeta izan zen diru hori ematera joan zitzaiona. Donostiako Zorroagako egoitzan egin zituen azken egunak, eta bera izan zen bisita egitera joan eta bere heriotzaren berri eman zuena ere. Maisuak utzi zuen ondare bakarra soinu txikia izan zen. Maltzetak eduki zuen soinu mitiko hori eta ibilbide luzea egin zuen ondoren oraindik orain Iker Goenagak eskuratu eta jarri zuen zaharberritzeko bidean. Elgetaren ondoren Kandido Beristainekin ere ibili zen ikasten. Soldaduskatik etorri eta Azkoitiko Forjas lantegian hasi zen lanean, baina ez zioten hara eta hona soinuarekin ibiltzeko baimenik ematen eta lana utzi egin zuen. Jaiotetxean pinuarekin lan eginez, hamalau urte egin zituen batera eta bestera gelditu gabe. Sakabi izan zen bide hori hartzera gehien animatu zuena. Astero ezkontzaren bat izaten zuen jotzeko eta asteburuetan erromeriak. Gipuzkoako erromeria gehientsuenetan jotakoa da Maltzeta, eta horietako askotan soinu-jotzaile finkoa zen. Zabale eta Landakanda pandero-jotzaileekin jo izan zuen, baina bakarrik ibili zen gehienetan Maltzeta, harik eta alaba jotzen hasi zenera arte. Hura ondoan duela ibili zen azken aldian. Lehen grabaketak Loiola eta Arrate irratietan egin zituen 1965etik 1970era bitartean, eta sei bat disko utzi ditu grabaturik Maltzetak: “Maltzeta aita-alabak” 1981ean, “Eman neri eskua” 1996an, “Negarrez abesten dut” 2001ean, “Euskadiko Trikitixa Txapelketa Azpeitia 1980”, “Euskadiko Trikitixa Txapelketa Donostia 1980” eta “Betiko Trikitixa” 1994an.
«Sakabi, Zabaleta eta Lajaren tamainako trikitilaria zen»
ZARAUTZ Joxe Mari Iriondok harreman estua izan zuen eta izan du, garai horretako beste trikitilari askorekin bezalaxe, Maltzetarekin. «Nik 1958an ezagutu nuen ezkontza eztei batean eta gogoratzen naiz nola Azkoitiko Alameda jatetxean jo eta jo jardun zuen bazkari eta bazkalondo guztian», kontatu zigun. «Forjasen ibili zen garaian osasun arazo txiki batzuk ere izan zituen eta ia soinura bakarrik emanda bizi izan zen eta segitu izan balu, soinutik bakarrik bizi zitekeen gizona zen. Sakabi, Zabaleta eta Lajaren tamainakoa zen. Azken urteetan harrigarria izan da apenas entzuten ez bazuen ere alabarekin soinua nola jotzen zuen ikustea. Alabak nonbait ondo jarraitzen zion panderoarekin. Harrigarria zen nola moldatzen ziren», jarraitu zuen Joxe Mari Iriondok. «Loiolan 1965eko grabazioa egongo da, urte horretan egin baikenuen bere lehen grabazioa. Landakanda eta biak etorri ziren», esan zuen. Iriondok esan zigunez, 15-20 urte dira Maltzeta Hondarribira bizitzera joan zela. Aurretik Azkoitian bizi ziren. Alabak trikiti eskola jarri zuen Hondarribian eta euskal jantzien denda bat ere bai. Jantziak egin ere egiten dituzte. Bolada batean Baionan ere izan zuten trikiti eskola, eta jende asko pasatu da Mamen Garateren eskue- tatik. «Oso gizon sentibera zen eta trikitilari bezala maila handikoa. Bazituen mimo handiz zaintzen zituen erromeria lekuak ere. Aizpurutxoko plaza urte askoan eduki zuen. Hiru Kurutzeta, Santa Kutz, Elosu, Oleta, Zelatun, Zurruntzola eta beste hainbat lekutan jo du urteetan», esan zuen.
|
|
|
| |
|
|
|
|
|