GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-09-12
Bost atxilotu indarkeria sexistagatik azken egunotan
Poliziak bost gizonezko atxilotu ditu larunbataz geroztik, guztiak ere emakumeen kontrako indarkeria kasuengatik. Lizarran 43 urteko gizonezkoa atxilotu dute neska bat bortxatzeagatik; Iruñean beste bat adin txikiko bati erasotzeagatik; Gasteizen bi atxilotu izan dira, horietako bat emaztea kalean jipoitzeagatik; azken atxiloketa Bilbon izan da.

DONOSTIA

Azken bizpahiru egunetan bost gizonezko atxilotu dituzte Euskal Herriko hainbat lekutan emakumeen aurkako indarkeriaren akusaziopean. Nafarroako Foru Poliziak atzo bertan jakinarazi zuenez, Lizarrako 43 urteko gizonezko bat atxilotu du ustez emakume bat bortxatzeagatik. Gainera, legez kontrako atxilotzea, mehatxuak eta zauriak egin izana ere leporatzen diote.

Poliziaren arabera, biktima Errioxako herri bateko 24 urteko gaztea da, eta berak eman zuen gertatutakoaren abisua. Poliziak Acedo-Lodosa NA-129 errepide bazterrean botata topatu zuen biktima, Sesma herriaren inguruan. Poliziarekin batera anbulantzia bat ere bertaratu zen aipatu tokiraino, eta Lizarrako erietxera eraman zuten gaztea. Buruan odola zerion zauri bat zuen, eta hanketan eta besoetan harramazka ugari.

Emakume horrek jarritako salaketan zehazten denez, heriotza mehatxuak ere jaso zituen, eta bortxatzaileak bere gogoz kontra eduki zuen auto barruan. Azkenean, Foru Poliziak Peralta inguruan topatu eta atxilotu zuen ustezko bortxatzailea, eta Iruñeko komisaldegiraino eraman zuten. Atxilotuaren autoa ere bertara eraman zuten, Polizia zientifikoak azter zezan.

Bestalde, Foru Poliziak berak Iruñeko 42 urteko gizonezko bat atxilotu du ustez adin txikiko neskato bati erasotzeagatik. Salaketa neskatoaren amak jarri zuen, eta, bertan zehazten denez, atxilotuak eta neskak elkar ikusteko hitzordu bat jarri zuten, gizonezkoak bere seme-alabak zaintzen gazteari lana eskainiko ziolakoan. Behin elkartu zirenean, atxilotuak adin txikikoa hirigunetik aparte samarrera eraman zuen autoan, eta ukitzeak egin zizkion. Neskatoa ukatu egin zen eta bueltan eraman zuen hirigunera.

Gasteizen eta Bilbon

Gasteizen beste bi atxilotu izan dira asteburuan emakumeen aurkako indarkeria kasuengatik. Atxiloketak bertako Udaltzaingoak egin zituen larunbatetik iganderako gau partean.

Lehenengoa larunbateko 22.30 inguruan izan zen, Venezuela eta Guatemala kaleen elkargunean. Bertara iritsi eta bi gizon elkarri joka ari zirela ikusi zuten udaltzainek, ustez bietako bat erasotako emakumearen alde agertu zelako. Lekukoek poliziei jakinarazi zietenez, ondoren atxilotua izan zen 33 urteko gizonezkoak gidatzen zuen autoak parez pare jo zuen beste batekin.

Orduan, autoa geratu eta barrenetik arrastaka atera zuen emakume bat, etengabe iraintzen eta erasotzen. Emakumeak agertu zuenez, senarrak ostikoak ere eman zizkion eta ez zen gertatzen zen lehen aldia. Hartara, atxilotu egin zuten.

Gasteizen izandako bigarren atxiloketa igandean goizaldeko 4.00etan izan zen, etxebizitza batean. Bertatik gizon baten deia jaso zuen Udaltzaingoak, bere emazteak eta alabak eraso egin ziotela salatu nahi omen zuen. Aipatu etxebizitzara bertaratzean, poliziek 51 urteko gizonezkoa edanda eta eskuetan odol arrastoak zituela topatu zuten. Gainera, etxebizitzan eraso bat izan zenaren zantzu garbiak ikusten ziren.

Azkenean, gizonezkoak bere emaztea jipoitu zuela aitortu zuen. Udaltzainek telefonoz deitu zioten biktimari eta erietxe bateko larrialdietan zegoela agertu zien, senarrak eragindako zauriak sendatzeko. Azkenean, atxilotu egin zuten.

Bi atxiloketa horiez gain, Gasteizko Udaltzaingoak beste emakume baten salaketa bideratu du asteburuan. Salaketa 31 urteko gizonezko baten aurkakoa da, bere emazte-ohia sakelako telefonoko mezuen bitartez iraindu, mehatxatu eta jazartzeagatik.

Azken kasua Bilbon egin zuten astelehen goizaldean. Udaltzaingoak 37 urteko gizon bat atxilotu zuen ustez bikotea jipoitzeagatik. Erasoa goizaldeko 6.00ak inguruan izan zen Cortes kalean, eta gertatutakoa ikusi eta emakumea laguntzera bertaratu zen beste gizonezko bati ere eraso egin zion atxilotuak.



Erasotzaileak zaintzeko pultserak

DONOSTIA

Gasteizko Legebiltzarrean PSEren ordezkari den Gemma Zabaletak eskaria egin zion atzo Lakuako Gobernuari emakumeen kontrako indarkeria kasuak kontrolatzeko baliabideak indar ditzan. Hartara, urruntzeko agindua dagoen kasu guztietan ustezko erasotzaileak zainketarako pultserekin eta Poliziaren jarraipen zorrotzarekin zaintzeko eskatu zuen. Zabaletak nabarmendu zuenez, 2004 urtean beren bikotekidearen esku zendutako emakumeen %14,2k urruntzeko agindua zuen. PSEko legebiltzarkidearen esanetan, emakumeen kontrako indarkeriaren inguruko osoko legearekin eman dira pausoak aurrera; «baina epaileek ematen dituzten urruntzeko aginduak ez dira nahikoak biktimak babesteko».

Gaineratu zuenez, Lakuako Gobernuak badauka eskumena erasotzaileen gaineko zaintzarako neurriak martxan jartzeko. «Neurri horiek oso garestiak dira, baina emakume horien bizitzak ez dauka preziorik», esan zuen Zabaletak.

Gasteizko Legebiltzarrera eramango duten proposamen horren berri prentsaurreko batean eman zuen atzo PSEk.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Mundua
Por cada muerto en el 11-S han fallecido 90 en el mundo
Mundua
Diada, entre las servidumbres de la política y el ansia independentisra
Jendartea
Bost atxilotu indarkeria sexistagatik azken egunotan
Kultura
«Maltzeta» trikitilaria hil da, gerraondoko belaunaldi mitikoaren azken aleetako bat
Euskal Herria
Puras justifica que el marco actual no fuera sometido a votación en 1982
Mundua
Hamas y Al Fatah acuerdan formar un Gobierno de unidad nacional
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss