Zinemaldiko bizipenen berrogei argazki bildu dituzte Fnac-en
DONOSTIA
Cantinflas bi haurtxo besoetan dituela, Mary Santpere Sidney Poitierri musu ematen, Polizia Keanu Reevesen jarraitzaile sutsuenei bidea ixten, Antonio Banderas eta Melanie Griffith Zurriolan... Zinemaldiaren historiako une anitz ekarri dute gogora urriaren 11 arte ikusten ahal den Fnac-eko forumeko argazki erakusketaren bidez.
1953an sortu zutenetik asko aldatu da Zinemaldia, eta horren erakusgarri dira bildutako berrogei irudiak, jaialdiak mende erdia bete zuenean artxibotik berreskuratu zituztenak. Lola Flores “La danza de los deseos” kantatzen izan zenean, barraketako uso-tirora gonbidatu zuten. Bertan egina da lehendabiziko argazkia, 1954an, eta esku batean eskopeta eta bestean garaikurra duela ageri da Flores. Azkena 1998koa da, kontrakulturako bi izarrena, Johnny Deepena eta Terry Gilliamena.
Zinemarekin lotutako ekitaldi gehiago ere antolatu du merkataritza eta kultura elkartzen dituen Donostiako banatzaileak. Diego Galanek idatzitako Pilar Miroren biografia aurkeztuko dute, Urrezko Maskorra irabazi duten film batzuk emanen dituzte eta Zinema Eraikitzen ekimenaren hamargarren urtebetetzea ospatuko dute.
|