PODGORICA
Maiatzaren 21ean egindako erreferendumaren ondorioz independentzia lortu zuenetik lehen hauteskundeak aise irabazi ditu Milo Djukanovic lehen ministroaren koalizioak.Parlamentuko 81 eserlekuetatik gutxienez 42 lortu izana aldarrikatu du gobernu-koalizioak, gehiengo osoa, alegia.
Behin betiko emaitzen zain direla, argi dago koalizioak gobernuan jarraituko duela, albaniarren gutxiengoa ordezkatzen duten lau alderdiek diputatu bana lortu baitute. Gainera, liberalek eta bosniar alderdi batek biltzen duten koalizioak, hura ere independentista, hainbat eserleku lortu ditu.
Bere garaian Djukanovicen aldekoa zen, baina egun bere etsai amorratua bilakatu den Nebojsa Medojevic-en Aldaketarako Mugimenduak 11 eserleku eskuratu ditu, espero zutena baino gutxiago. Srdjan Darmanovic adituaren ustez, «argi geratu da ez dagoela egun Montenegron Djukanovic boteretik botatzeko alternatiba politiko gaurkoturik».
Unionisten porrota
Unionistek gaurkotzeko arazo larriak dituzte, erreferendumaren biharamunean argi geratu zen bezala. Ez dira, gainera, inoren alternatiba, igandeko emaitzak aztertuz gero.Predag Bulatovicen koalizioak 14 diputatu galdu ditu, eta 11 eserleku baino ez ditu eskuratu. Jada ez da serbiar gutxiengoaren lehen indarra, Serbiar Zerrendak 12 diputatu lortu baitzituen hauteskundeetan.
Europako Elkarlanerako eta Segurtasunerako Erakundeko begiraleek, PP espainolekoek barne, hauteskunde prozesua txalotu dute.
Europar Batasunak Montenegrorekin negoziazioak aurki bultzatzeko asmoa agertu du.