SARRIKOTAPEA
Ipar Euskal Herriko zabor zentroen kokapenerako Bil ta Garbi sindikatuak egin planaren arabera, Sarrikotapean barnealdeko zaborrak egonkortzeko eta lurperatzeko zentro bat egongo da. Hastapenean egitasmoaren kontrako iritzi azkarrik ez zegoela zirudien, Sarrikota-peko auzapezak bere oniritzia eman ondoren. Baina azken asteetan hautsak harrotu ditu egitasmoak eta zabor zentroaren kontrako Lur Berdea elkartea sortu da.
Hiru ordu iraun zuen bilkuran galdera asko egin zituzten, horietako gehienak egitasmoaren kontrako jendeak pausatuak. Askotan galderak baino galderaz jantzitako salaketak izan ziren, eta erabilitako datuak ez ziren beti zuzenak.
Bil ta Garbiko arduradun tekniko Dominique Carrerek horrela azaldu zituen sindikatuak emandako pausoak: «Guk uztailaren 11n erabaki genuen Sarrikotapeko gunea ikertzea, 12an udal kontseilura joan ginen eta gero herriko etxean ere egon gara data jakin batzuetan uztailean eta abuztuan biztanleen zalantzak argitzen. Gero auzapezak bilkura publiko bat antolatzeko ere eskatu zigun, eta hori izan zen joan den ostiralean egin genuena».
«Egoera berezia gertatu zen bilkuran. Lur Berdea elkartea egitasmoari kontra egiteko edo herriko etxeari kontra egiteko sortu dela, hori ez da ziurtatzen ahal, ez ziguten azaltzen uzten, beraz, azalpenak entzuteko etorri zen jendea pixka bat frustratua atera zen,» azaldu zuen Carrerek.
Bil ta Garbik herriarekin elkarlanean sortutako egitasmoa sortu nahi du. «Hautetsi, elkarte eta biztanleen artean egin nahi dugu», adierazi zuen.
Lur Berdea elkarteak zabortegiaren egitasmoa gauzatu behar duen Larraskao plazako zelaia aspaldian pilotan jokatzeko erabiltzen den tokia dela adierazi du.